Gutxirekin asko

Nekane Zinkunegi

Besteren odolaren beharra eguneroko kontua da. Horretaz ondo jabetuta daude odol-emaileak. Guztiok jabetzea nahi dute, batik bat gazteak.

Celestino Iturtzaeta, Jon Larrañaga eta Gregorio Aldai, erreportajerako elkartuta. 

Beharra edo falta tokatu arte, gauza askoren garrantzia oharkabean pasatzen zaigu. Odol-emaileekin ere gertatzen da halakorik. Norberari edo inguruko norbaiti zerbait gertatu eta odol transfusio baten premia egokitu arte, ez gara haien garrantziaz jabetzen. Eta odola beti behar izaten da. Eta odol-emaile berriak ere bai.

Celestino Iturtzaeta eta Gregorio Aldai Azpeitiko odol-emaileen batzordeko kideak dira. Iturtzaeta 1977an hasi zen odol-emaile izaten eta orain dela hamar urtetik dago batzordean. "Gaur egun odolik ematerik ez badut ere, hasi nintzenetik 54 aldiz-edo eman dut behintzat", kontatzen du. Aldai, berriz, erretiratu ostean, orain bost urte, hasi zen Iturtzaetari esku bat botaz batzordean lan egiten. Zer egiten duten galdetuta, "gure lana antolaketa da" esan dute. Gregorio Aldairen hitzetan, lehen anbulatorioko beheko solairuan egiten zen dena, baina orain aldatuta dago: "Lehen solairura igo zuten eta horrek traste guztiak tokiz aldatzea eskatzen du”. Baina “orain askoz erosoagoa da odola ematera datozenentzat, espazio gehiago dago eta egokiagoa da tokia bera ere", azpimarratu du Celestino Iturtzaetak.

Odola ematera zergatik animatu ziren azaldu dute biek. Iturtzaetak, lantokian zebilenean, izugarrizko buruko mina izaten omen zuen eta lantokiko batek hala esan omen zion: Niri ere berdina gertatzen zitzaidaan odola ematen hasi nintzen arte, eta horrela animatu zen. Horregatik esaten du "jende askori, ez dakien arren, mesede" egingo liokeela odola emateak, "odol fuerteegia duten pertsona asko baitaude". Aldaik, berriz, "lagunartean animatu" zela esan du, "guri ez digu kalterik egiten eta mesede, berriz, jende askori".

Eta Azpeitiko odol-emaileen artean asko ez badira ere, Jon Larrañaga gazteak –23 urte ditu– aurten eman du lehen aldiz odola. "Familian ohitura handia dute eta aitak eskatuta hasi nintzen". Celestino Iturtzaetak hala baieztatu ditu odol-emaile berriaren hitzak: "Honen aitaren aldeko familiaren kasua salbuespenekoa da, ez dira sendi asko izango hauenean adina jende odol-emaile daudenak". Eta Larrañagak gaineratzen du: "Bai, nire gurasoek urteak daramatzate, dominak-eta badituztela badakit behintzat".

Bultzatu beharreko ohitura

Gazteen artean ohitura hori bultzatu beharra dagoela diote hirurek. Jon Larrañagak hala dio: "Nire lagunei-eta ez zaie gaizki iruditzen, baina gazte jendeak ez daki askorik honen inguruan, horregatik ez da animatzen". Celestino Iturtzaetak, berriz, giroa sortzearen beharra azpimarratzen du: "Gazteek bultzada bat behar dute eta horretarako garrantzitsua da lehen aldietan euren gurasoekin edo lagunartean etortzea".

Azpeitiko anbulatorioan hileko azken asteazkenetan izaten dira odol-ateratzeak. Urtean hil batean azken asteazkenaz gain beste hitzordu bat ere antolatzen dute. Aurten, uztaila da bi ateraldi izango dituen hila; "uztailaren 15ean eta 29an" izango dira aurten aldi horiek, batzordekideek iragarri dutenez. Honen harira, Larrañagak hala esan du: "15ean agian bai, baina 29an jende gaztea inguratzea zaila izango da, Santio eta San Inazio jaien artean...". Udan beti jaisten da emaile kopurua, ondo dakite hori Azpeitiko batzordean ere, baina "urtean zehar 85-90eko batezbestekoa ibiltzen badugu, uztaileko egun horietako bakoitzean 60 bat edo biltzen zaizkigu", kontatu du Celestino Iturtzaetak.

Azpeitian ibiltzeaz gain, Errezilgo herritarrengana ere joaten dira urtean bitan. Normalean, ekaineko eta abenduko hilabeteetan izaten da hori. Kontatu dutenez, han ere ez da jende gazte asko animatzen. Eta hain justu, gazteena da egokiena den odola, "sasoian dauden pertsonena baita garbiena eta puruena, oraindik botikak hartzen hasi ez diren horiena", esaten du Aldaik.

Ahal den jende guztia eta batik bat gazteak animatzea komeni dela diote. "Jende artean entzuterik ez badu, ez da inor mugitzen. Orain gutxi odol faltan geunden berria zabaldu genuen eta hurrengo ateraldian 108 pertsona inguratu ziren", kontatu du Iturtzaetak, adibidea jarriz. Larrañaga, hain justu, orduan joan zen lehen aldiz odola ematera: "Bai, gogoratzen naiz nola ilaran zain egon beharra izan genuen". Egun hartako pasartea zela-eta, eskerrak eman eta barkamena eskatzea ere nahi izan dute juntakoek: "Jendeak ez du bada nahikoa egiten, eguna lanean igaro eta odola ematera joandakoan gainera zain egoteko...".

Jendeari deialdia luzatu nahian, hirurek baieztatu dute: "Ez zaigu ezer kostatzen eta gaixoei, istripuak izan dituztenei zein beste hainbati egiten diegun mesedea izugarria da". Gainera, irribarrez, Gregorio Aldaik honela esan du: "Oso ondo zaintzen dugu jendea, saiatzen gara txorakeri batzuk esanez-eta umore ona mantentzen, jendea aspertu ez dadin".

Aurten, 40. urtemuga

Aurtengo gabonetan 40. urtemuga ospatuko dute Azpeitiko odol-emaileen batzordean eta udako oporren ostean urteurren horretarako "zerbait berezia" prestatzen hasi asmotan direla aurreratu dute batzordekideek: "Hasiera hartan taldean zebiltzanekin elkartu eta zerbait txukuna prestatu nahi genuke". Garai batekoak ez ezik berriak ere inguratzen bazaizkie, ez dute kexurik izango.

Datuak

560 urtarriletik. Azpeitiko odol-emaileen batzordekoak pozik daude 2009ko lehen sei hilabeteek utzi dizkieten emaitzekin. Urtarriletik ekainera 2008an epe berdinean lortutakoa gainditu dute (iazko lehen seihilekoan 547 lagunek eman zuten odola). Odol-emaile berrien kopuruak, hori bai, ez du gora egin: iaz 13 izan baziren, aurten 12.

109 urtarrilean. Urteko lehen hilabetekoa da, momentuz, aurtengo markarik onena; baita emaile berrien kopuruari dagokionez ere: lau.

1.121 2008an. Urteko hamahiru ateraldietan –urtean hil batean bi egiten dituzte– odol emanaldi kopuru hori lortu zuten joan den urtean.

2 ateraldi Errezilen. Ekainean eta abenduan joaten dira Azpeitiko batzordekoak Errezilera.