Ramon Etxezarreta (Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea)

Ainitze Agirrezabala

Garai ekonomikoak "mirariak egiteko" egon ez arren, euskarazko komunikabideei laguntzak gehitzen saiatuko direla dio urrestildarrak

 
 

Nora iritsi den jabetzen eta kargu berriari neurria hartuz doa Ramon Etxezarreta, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde berria. Elkarrizketetan lagun, behatz arteko zigarroa izaten bazuen ere, bi urte pasa daramatza bizioa probatu gabe. "Triste" daramakiela dio, "oraintxe bertan erreko nukeenean". Gorputzak eta poltsikoak eskertuko diote; "egunean lau, inoiz baita bost pakete ere" erretzen baitzituen.

Zer nolako sentsazioa duzu kargu berriko aurreneko egunetan?

Oraindik lehenbiziko egunaren bezperan nago lan kontuetan, eta jabetzen nora etorri naizen. Gainontzean, jendearen esamesetan, onetan eta txarretan, denetan. Esperantzatsu nago, bestela itxaropenik ezean, ez da sartu behar kontu hauetan.

Donostiako udalean 14 urte pasatu dituzu. Lortu nahi zituzun baina bete gabe geratu diren egiteko asko utzi al duzu?

Politikan egoteak, jarduteak eta segitzeak egunero zeregin berriak asmatzea esan nahi du. Beti geratzen dira eginkizun asko betetzeko eta eginkizun berriak zeure buruari planteatzeko. Egindako gauzak dezente ongi eginda utzi ditudala uste dut. Egiteko zereginak ere asko utzi ditut, bestela bizitzeari utzi beharko genioke. Egunero-egunero, zerbait berria deskubritzen duzu. Gaur eguneko zereginak orain hamalau urte imajinatu ezinezkoak ziren guretzat eta zabiltzan bideak erakusten dizu badaudela zeregin berriak. Eta egiteko geratzen dira, bistakoa da.

Historian lehenengoz izango da PSE-EE alderdia Eusko Jaurlaritzako gobernuburu. Aldaketa emango duzuela egunero entzun dugu. Aldaketa hori zertan antzematea nahiko zenuke?

Erronka handia dugu eta aldaketak eman beharko dira, ematekotan, hobera egiteko diren haietan. Aldaketak ematerakoan kontu handia izan behar dugu, ondo egindako hura ez desegiteko eta birrintzeko. Ez dugu panpinik edo baloirik puskatu behar, hemen jokoan jarraitu behar dugu. Aldaketak emateko, seguruenera, aukera aparta da hizkuntza politikaren arduran eta gobernu arduretan abertzalea ez den alderdi bat egotea, alderdi sozialista egotea. Nolabait, mundu ez abertzalea euskarara hurbiltzeko eta euskara mundu ez abertzalera hurbiltzeko. Badirudi, ebidentziaren esparruetan mugitzen ari garela: abertzalea ergo euskara zalea; euskara zalea ergo abertzalea. Eta, azkenean nik uste dut landu behar dugun binomioa euskal herritarra ergo euskara zalea dela. Ea bide horretan ahalegintzen garen zerbait egiten.

Hizkuntza politika kontuetan aldaketa asko behar dela uste al duzu?

Gizarte praktiketan eragin handia egin beharra dago. Eta gizarte praktika horietan eragina izateko nik uste dut imajinazioa dela giltza. Beti dago behartzearen eta ez behartzearen diskurtso hori eta nik uste dut konbentzitu-ez konbentzitu diskurtsora gehiago jo behar dela. Hor, noski, denbora, patxada, pazientzia eta gauzak ondo egitea behar da. Azkenengo urte askotan euskararen munduan denok gauza asko egin ditugu, baina egite hori kuantifikatu dugu; "zenbat" egin dugun denok esan dugu. "Nola" egin dugun oso gutxitan galdetu diogu geure buruari eta igoal lan hori "nola" egin dugun galdetu beharko genioke geure buruari. Eta, berrikusi behar dena, berrikustekorik balego, hor berrikusi. "Nola" "zenbat" baino garrantzitsuagoa dela uste dut nik. "Zenbat" galdetzen duenak errazegi galdetu eta pentsatzen du eta soluzioak ere errazegi ematen ditu eta erraz emandako soluzioak ez dira egokiak, orohar.

Zer iritzi duzu EAJk HPSn egindako lanaz?

Historian zehar hizkuntza politikan gorabehera handiak egon dira. Hizkuntza politikak denbora edo sasoi bakoitzean garrantzia desberdina eduki du. Patxi Baztarrikak zer egin duen? Batetik, garrantzia handia eman dio hizkuntza politikari eta, bestetik, hizkuntza politikan garrantzitsua den instituzioen lidergoa berreskuratu du. Urte batzuk egon dira non instituzioek ez duten lidergo hori gauzatu. Borondate onik kendu gabe, baina, diskurtso nahasi xamarra egon da. Baztarrikak, zentzu horretan, instituzioak hizkuntzaren karrotik tiratzera ekarri ditu, lehenbiziko ilaran jarriz. Hizkuntza politika, nolabait, adostasunaren esparruan jarri du eta hori guztia, dudarik gabe, garrantzitsua da.

Kanpotik begiratuta, PSE-EE, orohar, ez da euskararekiko konpromisoari dagokionez asko nabarmendu (azken hauteskunde programa, gaztelania hutsez eman zuen). Barrutik nola ikusten duzu kontua?

Zaila. Alderdi sozialistaren oinarri soziologikoa oso erdaldun mundutik datorrena da. Eta, hor bi aukera daude: erdaldunak erdaldun izaten jarraitu dezatela, allakuidaos esanda, eta hori nik uste dut euskaldunok bataila bat galtzea dela. Beste bidea da erdaldunak euskararen mundura erakartzea. Belaunaldiz belaunaldi, geroz eta jende gehiago dator euskararen mundura eta nolabait, euskararen onuraz eta beharraz jende hori konbentzitzea. Beste alderdietan baino errazagoa ezta izango, baina egin beharko da lana. Dena den, euskal gizartean askotan funtzionatzen du eskema batek: abertzalea ergo euskalduna. Abertzalea ez dena ergo ez da euskalduna. Neri jende askok eta askok galdetzen dit: ‘Aizak Ramon, hire alderdiko galegoek eta katalanek zergatik egiten ditek parlamentuan galegoz eta katalanez eta Euskal Herrian gaztelaniaz?’ Eta, normalean erantzuten dut: hemengo legebiltzarrean abertzaleek erdaraz egiten dutelako. Diferentzia nagusia hori da, hizkuntza errealitatea oso diferentea dela. Hizkuntza beraren zailtasunak, batetik, eta ezagutza eta praktika mailan soziologikoki estadistikek diotena kontutan izanda oso desberdina da bateko eta besteko egoera eta jendea batzuetan engainatu egiten da. Hori kontutan hartu behar da. Izan ere, ez dago pentsatzerik Deia eta Gara, adibidez, gazteleraz argitaratzen direla Basagoitik Patxi Lopezi botoa eman diolako. Badago jendea hori pentsa dezakeena, baina allakuidaos bere arazoa da. Tontoa ez denak badaki zergatik.

Zeuk aipatutakoa da: Barakaldon kale-garbitzaile izateko euskara eskatzen dela, eta, Bizkaiko diputatu nagusi izateko ez. Zuenean ere gauza bera ez ote da gertatu?

Hori egia da, lehendakari izateko edo lehendakari hautatua izateko euskaraz jakin beharrik ez dago. Hori Patxi Lopez lehendakari hautatu baino lehenago demostratu zen. Kale garbitzaile izateko ez dakit Barakaldon eskatuko den, baina zenbaiten borondatez eskatuko litzatekeela ere bai. Nik uste dut ahaleginak bakoitzak bere neurrikoak egin behar ditugula. Nik beti lehendakariari gehiago eskatuko nioke, Barakaldon kale garbitzaileari baino.

Jende erdaldunak eta ez-abertzaleak euskaraz ikasteko motibazio kanpainarik egingo al duzue?

Sentsibilizazio alorrean asko mugitu beharko gara eta kanpaina asko egin beharko da. Hor ere, nolakoak da gakoa; baina, egiteko nagusia euskara jende horri ezagutaraztea da. Abertzaleek ere izango dute ikasteko premiarik, ezta?

Askotan entzun izan dugu zure ahotik ez dituzula zeure alderdiak egiten dituen gauzak ulertzen, ez duzula guztiarekin bat egiten eta gauza batzuetan ez zaudela batere ados. Artaldeko ardi beltza ote zara?

Bai zera! Nik uste dut pertsona denak, lehenbizi, indibidualak gara eta gero kolektibo batzuetan hartzen dugu parte. Eta horietan hartzen dugu parte, nolabait, negozio bat balitz bezala, ados jarrita. Ez dago pertsonarik, ez entitaterik %100ean identifikatuko zaituenik. Zeure burua, zeure burua izateko eta hil arte, ahal dela behintzat, burutik sano egoteko, gauza guztiekin desmarkatzea behar duzu. Baita zure alderdiarekiko ere. Alderdiak esaten duela eta dena bale? Hain zuzen, dena ez alderdiak esan duelako. Gero, pentsatu eta, ondoren, esan baietz. Nik uste dut desmarke hori beharrezkoa dela pertsona izateko; bestela, alderdiko gauza bat zara eta egunen batean zure ordez makina bat jarri dezakete. Zure kabuz pentsatzen baduzu, ordea, ez dago makinarik zu ordezkatuko zaituenik.

Euskarazko komunikabideei laguntzarik ez zaiela jaitsiko adierazi du Patxi Lopezek. Hala izango al da? Igoko al dituzue?

Ez zaiela jaitsiko esan baldin badu nik kaso egingo diot, obeditu egingo dut. Laguntza horiek igotzen saiatuko gara. Garai ekonomikoak ez daude mirariak egiteko, baina saiatu saiatuko gara. Oraingoz ez daukat gehiago esaterik, aurrekontuak mahaian hartu eta aztertu beharko nituzke.

Kontseiluarekin harremanik izango al duzue?

Euskararen inguruan mugitzen diren agente guztiekin izango ditugula harremanak uste dut nik. Eta, nolabait, interes berdina edo bide berean bat egiten dugun bitartean, jende askorekin izan beharko ditugu harremanak, inorekin harremanak izateari ukorik egin gabe. Ez dakit orain espresuki esateko Kontseiluarekin harremanik izango dugun, baina hitz egin beharko dugu, amankomunean zer lan egin dezakegun aztertzeko.

Jaurlaritzak segituko al du bere ziurtagiriarekin?

Hori ere pentsatu beharko da. Sentsibilizazio alorrean mugitzen dira gauza horiek guztiak eta ekintza positibo bezala, balantze positiboa egiten bada segitu beharko da. Baina, hori ere aztertu egin beharko da. Egokia ez dena da horrekin segitzea, finantzazio bezala hori egitea pentsatzen bada behintzat.

Jarraitzen al dituzu Azpeitiko udaleko gora-beherak? Hala bada, zer iritzi duzu azken hilabeteetako gora-beherez?

Nik uste dut Azpeitian indar ezkertiarrak galtzen ari diren aukera historikoa dela, beldurtzekoa. Pena handia ematen dit. Herrian pasa zena pasata, EAJ desplazatze hori… Behin baino gehiagotan galdetu izan diot neure buruari, neu han egongo banintz egiteko barrurik izango nuken. Gogoa bai. Nik uste dut EAJk desplazamendu bat sufritu behar zuela Azpeitian; EAJ, orohar, bailara horretan alderdi bakar bezela zegoelako. EAJ gabe ere funtzionatzea posible dela demostratu beharra zegoen. Egin zen ituna. Su etena-eta kontutan izanda, uste dut ez zela txarra, ezta kalerako ere. Gero, ETAk zuzenean itun hori izorratu zuen eta, politikoki, ez beste inor. Egoera hartan ETAri aurre egiteko ANVk kemenik ez edukitzeak, uste dut politikarako baliogabetu egiten duela. Herritar bat erail eta alkateak ezer ez esatea ez da ulertzekoa. Iruditzen zait zentsura mozioa derrigorrean aurkeztu beharrekoa zela.

Aurrera daramakiten dinamikaz, zer diozu?

Bederatziehun lagun etxerik gabe, enpresari bat trenagatik eraila eta ezkerra esaten EAJ tramite txapuzero batzuk egiten ari dela? Hori ulertuko duen kristorik ez dago munduan. Aralarrek duen aukera, normalean demostratzen duen inteligentzia politikoa eta Azpeitian horretan ibiltzea… Nahi dutena esango dute, baina hori blokeoa da.

Aurrera begira, zer?

Oposizioak arinkeria horrekin jarraitzen badu… EAJ jada eternala da Azpeitian eta Azpeitiak kulturan eta hainbat arlotan duen potentziala kontuan izanda, ezker indartsu bat behar luke, eta hori posible da. Borroka armatuak, ordea, jendeari mugitzen uzten ez dion muga argi bat jartzen du, eta hori galtzea da, porrota da.

Zure lanpostu berria dela-eta, Gasteizera joan-etorrian ibili beharko al duzu?

Abiadura Handiko Trena eginda balego alde ederra izango litzatekeela pentsatu dut. Egunero, errepidean ordu pare batetik gora bota beharko ditut. Eta ordu pare bat bulegoan edo etxean beste zerbait irakurtzen pasatzea askoz ere atseginagoa eta emankorragoa da. Baina, tokatzen denean tokatu egiten da. Aldaketarekin bizitza kalitatean ez dut irabazi. Donostian bertan, tipi-tapa lanera Kontxa ikusiaz oinez joan edo… Lotara, behintzat, Donostiako neure etxera erretiratuko naiz.

Uztarriako blogari ere bazara. Aurerantzean izango al duzu denborarik egiteko horrekin jarraitzeko?

Egoten naiz tentatuta, baina aspaldian alpertu xamartuta nago. Urrestillako kontuen bueltan aritzea zen nere asmoa eta konturatu naiz aitona puzkertia bezala nabilela, batailak kontatzen. Eta, ez dakit horrek jendea ez ote duen pixkat aspertzen. Beste zerbait esaten badut, politikan sartzen naizela, oso plano diferentetik… Eta uste dut herritarrei ere errespeto pixka bat zor zaiela. Ni hemen asko ibiltzen naiz, hemengoa naiz, hemendarra naiz, baina Donostian bizi naiz. Eta, hemen jendeak erabaki behar du eta ni kanpotik jardutea zirikatzea ere iruditzen zait. Uste dut isilik egotea ere ez dela ona eta esan beharko nituzkela gauzak. Irakurtzen ari naizela beti ikusten dut paragraforen bat euskaratu eta blogean sartzeko. Bestalde, beti ez dut esan beharrekoa ondo adieraziko baina, batzuek ez dute ulertzeko batere borondaterik. Zenbaiti kostatzen zaio ulertzea ere. Dena gaizki ulertzen dute. Nolanahi ere, gauzen kargua hartzeak zeure bizitza pertsonalean, egunero, denbora tarte bat hartzea eskatzen du: irakurtzeko, futbolera joateko edo dena delakorako. Alderditik desmarkatzea bezala da. Bloga ere hor sartuko litzateke.

Uztarriako webgunean zure izendapena ondo iruditzen al zaien galdetuta, aldeko erantzunak gehiago izan dira kontrakoak baino. Zer inpresio?

Pozten nau. Orain 14 urte, alderdi sozialistako zinegotzi bezala Donostian aurkeztu nintzenean jende asko, ihesean bezala, beldurtu egiten zen eta ez zen agur egiten ere ausartzen. Orain, berriz, jende askok zoriondu nau. Nik ez dakit zoriontzeko gaia den, lan oso zaila baita. Horrek ez du esan nahi jendea %100ean ados dagoenik, eta ez da horrela ulertu behar. Baina, jendeak borondate ona baduela ere ulertu behar da. Kontua da, batzuetan borondate ona azaltzen ez dela uzten, baina azaltzen denean eskertzen da.

**Bizkarzainen itzala alboan duzula bizitzeak gogorra behar du izan… Berriro bakarrik ibiltzen ikasteko gogoz zeundela esan zenuen behin. Noiz izango da egun hori?**

Uste dut ez dagoela urruti egun hori. Uste baino hurbilago dagoela uste dut. Eta ez dakit zergatik, ez daukat daturik eta ez iezadazu galderarik egin. Baina, nik uste dut nahiko gertu dagoela eta, gainera, hala egotea nahi dut.

Motzean

Galtzeko txoko bat? Urrestillatik Aratzerrekarako erreka zuloa.

Amets bat? Lasaitasuna.

Oroitzapen bat? Haurtzaro osoa.

Bizio bat? Isilik ez egotea eta, oraindik, erretzea.

Nola definituko zenuke zeure burua? Sakabanatua eta baikorra.

Pertsonengan gehien estimatzen duzun bertutea? Egia eta huts egiteko beldurrik eza.

Zerk beldurtzen zaitu? Edozer gaik ekar lezakeen itxukeriak, masak, unanimitateak…

Sarritan zeure buruari egiten diozun galdera? Ba al dakik oraingo honetan nola irtengo duan hemendik?