Arriya II.a. Aizkolari mundiala

Mailo Oiarzabal

Aizkolaritzari asko eman eta aizkolaritzatik asko jasotakoa. Arriya II.ak ez dauzka saltzeko lortutako garaipenak eta bizitako esperientziak.

 
Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a Azpeitiko zezen-plazan, enbor gainean lanean, Joxe Aiertza alboan duela.  
Australian, aizkora saio batean.  
Atotxan 1976an jokatu zuten Munduko Txapelketan. Ezkerretik eskuinera: Arria II.a, Miel Mindegia eta Jesus Orbegozo Arria III.a.  
Atotxan, euskaldunak australiarrekin.  

Loiolatarra. Mandiolatza baserrian jaiotakoa, hain zuzen ere, bizitzak Errezilera eraman eta gaur egun askok eta askok Azpeitia auzoko herri horrekin lotzen badute ere. Harritzekoa ere ez da identifikazioa, Jose Ignazio Orbegozori (Azpeitia, 1945) hitz egiten entzunda Errezilgo hizkeraren eragina erraz antzematen da-eta. "Ni hemen (Azpeitian) ezagutu ez nindutenek, ba, gerozkoek... Errezilen 28 urte bizi izandu nintzen. Baina nire adin inguruko jendeak-eta bai, badakite hemengoa naizela. Loiolatarra, eta azpeitiarra, bai". Berak ez du zalantzarik egiten: "Nik Azpeitiko herria ezin dut utzi, beti maite izan dut".

Arriya II.a goitizenarekin, bere garaiko aizkolari handienetakoa izan zen Orbegozo, 1970eko hamarkadan. Herri kiroletako izena ez ezik, kirol esparru horretarako joera ere bere aitarengatik, Ignazio Orbegozo Arrira I.a, zetorkion. "Nire aita Arria baserrian jaioa zen. Ni mutil koskorra nintzela hor, Sanjuandegi auzoan, ez zen oraingo etxerik; lauzpabost baserri zeuden, ez besterik. Dena soro zen, Goiko Errota bitartean. Aita aizkoran hasi zenean, ba Arriya izena hartu zuen. Orduan, jeneralean, kirolari bat ateratzen zenean, bere baserri izenaz deitzen zioten", azaltzen du. Berak, aitaren goitizenaren segizioa egin zuen, Arria baserrian jaioa ez izan arren.

Aitaren eragina hor egonda ere, Jose Ignazio Orbegozok berezkoa izan du aizkorarako grina. Hala dio berak: "Baso-mutilak aritu ziren gurean, leitzarrak. Nik 7-8 urte nituen eta haiek beti aritzen zitzaizkidan, ‘aizkoran hasi behar huke’, esanez. Laineza ematen zidaten. Nik txikitatik afizio izugarria nuen".

Amari (Victoria Aizpuru, Urrestillako Aranguren baserrikoa), ordea, grazia gutxi egiten zion hasieran semearen grinak. "Amak ez zuen maite aizkoraren ingurukoa, ez zuen nahi izaten. ‘Parranda besterik ez ditek aizkolariek’, esaten zuen. Garai hartan, izan ere, aizkolariak baserritik behera jeisten ziren. Bazkideak izaten zituzten, nire aita zenarenak azpeitiarrak ziren, apustuak jokatzerakoan-eta laguntzen ziotenak. Beti aitzakia horretan haiekin behera jeitsi, eta parranda, eta ama etxean bakarrik… Aitzakia horrekin baserriko jira ere utzi egiten zuen, eta amak ez zuen maite giro hori", kontatzen du Arriya II.ak. Aitak ere aparteko bultzadarik ez omen zion eman, aizkoran hasteko: “Nire gisa ekarri nuen afizio handia”, berresten du.

Txapelaren ametsa egi

Aizkorarako afizioa elikatzen zion ametsa zuen Jose Ignazio Orbegozo gazteak: txapeldun izatera iristea. Eta ametsa ondo baino hobeto betetzeko aukera izan zuen. Lehen erakustaldia etxean egin zuen, Loiolan, 17 urterekin. Aitaren izenak lagundu ziola aitortzen du —"badakizu, ‘Arriyaren semea, Arriyaren semea’... Ikusmina sortzen zen"—, baita garai hartan herriz herri erakustaldiak antolatzen zituen Luis Lopetegi Agerrek ere. Horrela, "pixkana-pixkana", aizkolaritzaren munduan bere tartea egitea lortu zuen Arriya II.ak. Erakustaldiek "diru pixka bat ematen" zioten, "eta ama ere, dirua ikusten hasi zenean, pixka bat gehiago animatu zen", dio, umorez.

Txapelketak eta apustuak etorri ziren hurrena, eta hauekin lehenengo txapelak eta garaipenak: "Lehenbiziko txapelketa kintopekoena jokatu nuen, Donostian, eta hura irabazi egin nuen, Gipuzkoa mailakoa. Orduan txapelketa gutxiago jokatzen zen, noizean behin, ez zen orain bezala. Lehenbiziko apustua, berriz, 19 urterekin, Polipasoren kontra; 20 urterekin, berriz, Berakoetxearen kontra, Azpeitian. Polipasori irabazi egin nion, eta Berakoetxearekin galdu egin nuen. Baina gaztetan ez da esperientziarik izaten; nahiz eta abilidadea eduki, ez duzu zeurea ematen, nerbioak direla, bestea dela... Gero, pixkana jartzen da, plazetan asko ibiliaren poderioz. 23 urterekin Euskadiko Txapelketan-eta ateratzen hasi nintzen eta hor ibiltzen nintzen, bigarren, hirugarren, onenen kontra: Berakoetxea, Latasa, Astibia... Segi eta segi, 23 urterekin Vasco-Navarro txapelketa irabazi nuen, Donezteben. Ondoren Euskadiko txapeldun atera nintzen, Azpeitian". Hortik aurrera, bost aldiz eskuratu zuen Euskadiko txapela.

Aizkoran ez ezik, segan ere aritzen zen —Espainiako Txapelketa irabazi zuen, besteak beste—, baita trontzan ere; eta pentathlon proban ere irabazi zuen txapelen bat.

Mundu mailan

Baina Jose Ignazio Orbegozoren ibilbidean eta oroitzapenetan zerbait gogoangarria egotekotan, horiek 1975ean eta, bereziki, 1976an jokatutako nazioarteko txapelketak dira. Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxean zebilen Rafael Agirrek antolatu zituen, Donostian biak.

"Lehenbizi australiarrak ekarri zituen Agirrek, hiru, Belodromora. Euskadiko ordezkari bezala, Astibiak, Mindegiak eta nik jokatu genuen". Eta ezustekoa handia izan zen Belodromoan, australiarrak nagusituta. "Hemen ez zuen inork uste Australian euskaldunon mailako aizkolaririk egon behar zuenik. Orain beste nazioetako berri-eta jakiten duzu telebistaz, baina orduan... Aise irabazteko idean joan ginen gu, baina ezustekoa eman ziguten", aitortzen du Arriya II.ak. Handik urtebetera, 1976an, errebantxa hartzeko modua izan zuten. "Hura Munduko Txapelketa izan zen", gogoratzen du azpeitiarrak. Agirrek “ondo antolatu” zuela dio. Besteak beste, Euskal Herriko selekzioa denborarekin osatu eta aizkolariek ondo prestatzeko aukera izan zutelako; aurreko urtean ezagutu zituzten Australiako aizkora ederrekin, gainera. Miel Mindegiak eta Arriya anaiek, Jose Ignazio eta Jexux (Arriya III.a), osatu zuten etxeko ordezkaritza. Aurrean, hiru talde: 1975eko australiar hirukotea, AEBetakoa eta Kanadakoa. "Atotxan jokatu genuen. 18.000 lagun sartu ziren ikustera —kontatzen du Orbegozok—. Kristoren reboluzioa izan zen; aurreko urtean australiarrek irabazi egin ziguten, oraingoan amerikarrak ere tartean ziren… bueno!". Eta "aise" irabazi zuten euskaldunek, taldekakoa zein indibiduala. Azken txapel hau Arriya II.ak jantzi zuen. "Nire lorpenik handiena huraxe izan zen", aitortzen du.

Aizkolari azpeitiarraren urterik onenak izan ziren. Nazioarteko lehia haiekin "aizkorak gorakada handia" izan zuela oroitzen da. Euskal Herriko bazter ia guztietan ez ezik, atzerrian ere hainbat erakustaldi egiteko aukera izan zuen, askotan Mindegiarekin batera, Australian eta AEBetan batik bat. "Abentura politak", oroitzapen eder bilakatu zaizkionak.

Apustuzale haiek

Berrogeita lau urterekin esan zion agur Arriya II.ak aizkolaritzari, baina ez erabat. Oraindik erakustaldi "bakar batzuk" egiten ditu, uda partean; eta Xabier semeak ere, Arriya V.a, hor jarraitzen du, lehian.

Jose Ignazio Orbegozorentzat, ordea, asko aldatu dira gauzak: "Ikusten dut lehengo afizio hura ez dagoela, apustuak… Orain Urrezko Aizkora dago, eta bai, polita da ikuskizuna, hau eta hura, baina... Hemen, Euskal Herriko kirola beti izan da dirua jokatzea, apustuak... Baina lehengo apustuzale jatorrizko haiek gastatu egin dira eta berririk ez da heldu; hori da okerra hemen, berri gutxi heldu da. Ohiturak aldatu egin dira, orain jendeak beste afizio batzuk dauzka".

Halere, hemengo kirola, herri kirola, ez dela galduko uste du azpeitiarrak. "Beti izango dira exhibizioak, eta Euskal Herrian euskara bizi den bitartean, hemengo kirola ez da galduko. Baina apustua, apustu bezala, asko galdu da", eta horrek pena ematen dio. "Baina, horraxe heldu gara-eta, ez dago...".