Gazte haiek gogoan

Joxin Iturriotz

1977. urtean talde berri bat atera zen danborradan: Elizako gazte taldea. Ez zuen errepikatu. Memoria ofizialean galdu egin da bere arrastoa.

Langilea eta kapitalista. 
Banderaduna. 
Elizako gazte taldeko danborjoleak plazako sarreran, 1977ko urtarrilaren 19ko danborradan.  

Historia eta historiak daude. Historia, letra larriz edo maiuskulaz, gertakari nagusien kontakizuna litzateke. Eta historiak, letra txikiz edo minuskulaz, norberak gogoratzen dituen pasadizoak edo bizipenak. Bien artean, zuritik beltzerako gris mota guztien araberako kontakizunak leudeke.

Beste sailkapen mota bat ere egin dezakegu, historia ofiziala eta historia alternatiboak. Eta hemen ere gris motak nahi adina. Historia ofiziala boterea duenak aldarrikatzen duena litzateke. Eta historia alternatiboak boteretik aparteko ikuspuntu bat azaltzen dutenak. Garai batean, liburuetan agertzen zena historia ofiziala baino ez zen. Egun historia alternatiboak ere badira liburuetan.

Azpeitian Sansebastianetako historia ofiziala bi liburutan daukagu: Azpeitiko Jaiak liburu mardula, irakurtzeko baino erakusteko dena, eta Azpeitiko danborradak, zalantzarik gabe irakurtzeko egokiagoa dena. Ez batean, ez bestean, ez da agertzen gure historia txikia (edo alternatiboa): 1977an talde berri bat atera zen danborradan. Urte horretan baino ez zen atera, 1977an, alegia, eta ez zuen jarraipenik izan.

Ahaztutako sansebastianak

Prestaketak, noski, 1976 urtean hasi ziren. Franco aurreko urtean hil zen. Gizartea oso politizatuta zegoen, baina oraindik trantsizioaren susmorik ere ez zegoen. Azpeitian politika giroan murgildu ziren gazteak, oro har, bi gazte mugimenduren inguruan bildu ziren nagusiki. EGAM (Eusko Gaztedi Abertzalearen Mugimendua) EIA partiduaren gaztedia zen, eta GAI (Gaztedi Abertzale Iraultzailea) LAIA partiduaren gazte mugimendua. Gazteen arteko bilerak, ezagutzera eman gabe mugimendu horien bilerak zirela (garai hartan mugimendu eta partidu guztiak debekatuta zeuden, noski), Elizako lokaletan egiten ziren; Mutualidadeko lokalak deitzen genituenetan, zehazki. Antxieta Etxean ere egiten ziren bilerak, baina gutxiagotan.

Bilera horietako batean gazteek danborradan parte hartzea erabaki zuten. Garai hartan danborradaren antolaketa Herri Zale elkartearen esku zegoen. Udalak parte hartzen zuen Herri Zaleko bileretan, eta azpiegitura ipini, baina ez zuen antolaketa zuzenean bere gain hartzen. Erabakiak taldeetako eta Udaleko ordezkari guztien artean hartzen ziren, Herri Zale elkartean. Eta han agertu ziren gazteen ordezkariak danborradarako leku eske. Bidea, baina, ez zen erraza izan. Talde batzuk gazte hauekiko errezeloak zituzten, eta ez zuten taldea onartu nahi. Eztabaida ugari izan zituzten. Aipagarriena, ikurriñarena. Gazteek ikurriña ateratzeko asmoa agertu zuten. Talde batzuetako ordezkariak aurka agertu ziren, eta ikurriña ateratzen bazen beraiek ez zirela aterako mehatxu egin zuten. Istiluak izango zirenaren ikaragarrizko beldurra zegoen, eta ezinezkoa izan zen adostasunera heltzea. Gorabehera askoren ondoren, eta gerta zitekeenaren azken ordura arteko zalantza ugarirekin, azkenean danborradaren egunean bertan legeztatu zuten ikurriña. Ez zen ezer gertatu, eta ikurriña kalean eta udaletxeko balkoian ikusi zen. Horrela, Azpeitia legeztatu ondoren publikoki ikurriña ateratzen lehenengo herrietakoa izan zen.

Inixio Uranga Antzi zen Herri Zaleko lehendakaria, eta Kalera, kalera, borrokalari kalera abestia ere eztabaidagai izan zela gogoan du; baina azkenean plazan abestia kantatu egin omen zen. “Garai gogorrak” zirela azpimarratu du Urangak.

Gazteen taldearentzat, baina, ez zen ikurriñarena eragozpen bakarra. Ez zeukaten ez danborrik, ez arroparik. Danborrak eta makilak kanpotik ekarri zituzten. Arropak atontzeko, berriz, denentzako erraz topatzeko moduko uniformea pentsatu zuten: alkandora zuria, praka bakeroak eta txapela. Bandera azken orduan prestatzen ibili ziren, felpazko lauburu handi eta guzti, eta zuzendariaren (Juan Mari Zubizarreta eta Pakea txandakatuz) makila, amnistiaren anagrama zuen giltza, Azpeitiko lantegi batean egin zuten.

Mezuaren beharra

Parte hartzea bai, baina zerbait ere esan beharra zegoen. Kapitalismoaren aurka zegoen talde horrek mezua aldarrikatu beharra zuen, eta Lurdes Iturria banderadunaren eta Miren Garmendia Koipe eta Urrategi Zubizarreta kantineren atzean hiru pertsonaia jarri zituzten: kapitalista, puru handi bat errez (Julian Arzuaga Hamalau); langilea buzo zikinarekin (Pepe Aristegi), bien arteko kontrastea garbi ikusteko; eta gotzaina (Joxe Ramon Arrieta Gorriye), elizaren boterearen adierazgarri.

Izena ere behar zuten, eta orain ikusita ez dirudi izen aproposa aukeratu zutenik: Elizako gazte taldea. Eta ez elizkoiak zirelako gazte horiek, baina bai elizako lokaletan elkartzen zirelako. Parte hartu zutenen artean, aipatuez gain, argazkietan Joxe Inazio Sarasua, Agustin Madrazo, Patxi Olabarria Erremota, Juan Mari Zubizarreta, Manuel Aristegi, Luis Martija, Julian Eizmendi, Juan Joxe Alkorta, Angel Hurtado, Joxe Mari Altuna, Txaro Arrue edota Kontxi Artola ezagutu ditugu. Baziren gehiago ere.

Azpeitiko Jaiak liburuan, 162. orrialdean eta 1977 urteari dagokionez, horrela dio hitzez hitz: “Danborradak bere garapenean aurrera jarraitu zuen. Ez zen aparteko berrikuntza edo berezitasunik gertatu”.

1977an talde berri bat atera zen danborradan, Elizako gazte taldea. Lehenengo eta azkeneko aldia izan zen. Talde hori ez zen gehiagotan atera. Baina atera zireneko testigantza, historia alternatibo txiki hori, gera dadila idatzita. Bizi izan genituen garaien eta burutu zuten lan baten oroimenez…