Abel Segurola: "Errepidean ardiekin ibiltzen ez ditet uzten gaur"

Enekoitz Esnaola

Uztarriako 1. zenbakiko protagonista izan zen Abel Segurola artzaina, ‘Hi heu!’ atalean. 100.ean ere bai.

Abel Segurola, urriaren 20an, Uztarria herri aldizkariaren 1.zenbakiaren (1999ko azaroa). 
Artzaina beraien ukuiluan, Urraki bidean. 
Ardi batzuekin, Urraki mendian. 

Abel, bederatzi urte ja...

Bai, moteil! 200. zenbakian biziko al gara?

Ea, 1. zenbakiaren garaian 600 ardi hituen. Orain?

Orain 900.

Orduan bi zineten lan honetan. Orain?

Baita orain ere: andrea eta biok. Izan ditiagu kanpotarrak, baina aspertu egin ninduan haiekin; batzuetan bi egunez falta izaten hituan. Ardiek baino lan handiagoa ematen zidatean.

Aurreko hitzordu hartatik inbertsioak egin dituk.

Ukuilu handia egin diagu. Orain hasiko gaituk ardiak sartzen. 620 kabituko dituk. Bakarrik lana errazago egiteko egin diagu. Izan ere, gaztak-eta egiteko lehen baino gehiago egoten gaituk hemen. Gauzak ere zailduz ari zaizkiguk.

Adibidez?

Gaur ez ditek uzten ardiekin errepidean ibiltzen. Lehen Alkizara, Larraulera... joaten gintuan. Ardientzat ona duk kanpoan ibiltze hori.

Herrira, kalera gutxi jaisten hintzela hioan 1999an. Orain?

Gehiago jaisten nauk, gazta saltzen maizago ibiltzen naizelako –baita Donostian, Bergaran, Antzuolan, Andoainen edo Oñatin ere—. [1999ko aldizkaria hartu du] Orduan esan nian lehen direkzion prohibidekin-eta gaizki ibiltzen nintzela kalera jaitsitako bakoitzean. Orain gehiago kontrolatzen diat panorama.

Bestela, zer moduz dago kontua?

Bat. Artzain gutxi. Neu izango nauk hemen inguruko gazteenetakoa [39 urte ditu]. Gazteei aitak eta amak gure garaian baino gehiago emango zietek... Bi. Azkeneko sei-zazpi urtean baserri asko hustu duk eta, hortaz, ardientzat negurako belarra geuk moztu behar diagu; lehen, aldiz, baserritarrek beraiek, ganaduarentzat. Hiru. Baserriak husteak zikinkeria ere ekarri dik, eta azeriak lehen baino gehiago zaudek. Ardien bila joaten dituk.

Aizak, zuek krisirik bai?

Oraingoz, ez diagu nabari, baina ailegatuko zaiguk geuri ere. Arkumea, gazta eta esnea saltzen ditiagu. Arkumea, ordea, Errumania aldetik sartzen duk asko, haragia Poloniatik; ez zakiat doan ekartzen duten ala...