Josu Sarasua. Bizitzen ikasi behar

Enekoitz Esnaola

Josu Sarasuari tokatu zitzaion, baina izan zitekeen beste edonor. Istripua, heriotza gertu, garuneko lesioa, drama, zailtasunak. Buelta. Itxaropena.

Josu Sarasua joan den urriaren 24an, Azpeitian.  (Arantxa Aldalur)
  (Arantxa Aldalur)

2007ko ekainaren 19a zen, asteartea, goizeko hamaika eta erdiak inguru, eta A-8 autobidean seinalizazio lanak egiten zebilen Josu Sarasua, Zarautz parean. Hain zuzen, Arroatik Zarautz alderako noranzkoan, tunela baino pixka bat lehenago. Furgoneta aparkatuta zuten eskubialdeko bazterrean, seinale argiak piztuta, eta ibilgailuaren aurrean zegoen Sarasua, trafikoa desbideratuz. Kamioi bat beste baten atzetik zihoan —oso gertu eta, bestea bezala, arrunt eskubitik—, aurrenekoak furgoneta ikusi eta ezkerrera egin zuen Sarasuaren agindua jarraituz, baina atzeko kamioiak —trailerra— aurrez aurre harrapatu zuen langilea.

“Istorio intentsoa” hasi zen orduan, Josu Sarasuaren anaia Joxek dioen moduan. Hiltzeko zorian zen Josu.

Garai batean, halako istripua pairatzen zuena hil egiten zen. Hori jakin zuten Sarasuatarrek. Medikuntza, ordea, asko aurreratu da. Josu salbatu da. Erabakigarria izan zen istripua gertatu eta segituan, hantxe, anbulantzia medikalizatuan ordubetez artatu izana. Donostiara eraman zuten gero, ospitalera.

Bernezurra eta peronea hautsi zituela, horixe esan zieten senideei, 13:25ean. “Baina okerrena pentsatu genuen; izan ere, autobidean izan halako istripu bat eta bernezurra eta peronea bakarrik?”.

Hanka bat moztu egin zioten Josuri —belaunetik behera—, bularraldean zartada handia zuen eta, barrualdea dena ondo zeukan arren —organuak-eta—, ZIUn (Zainketa Intentsiboetako Unitatea) sartu zuten.

Hematona txikiak zituen buruan, eta sendagileek horri ez zioten aparteko garrantzirik eman hasiera batean. “Baina haietako batek ohartarazi gintuen: ‘Kolpe txiki batzuek, handiek baino arazo handiagoak ematen dituzte’”, dio Josuren neska-lagunak, Eba Alberdik. Ez zen esnatzen hura.

Diagnostiko ugari

“Medikuek partea ematean, guretzat hori une gogorra zen. Profesionala zen haien jokabidea, baina gogorra guretzat”, esaten du Joxe anaiak. “Pasilloan ematen zizkiguten diagnostikoak, azoka plazan baleude bezala, pla-pla-pla-pla”, oroitzen da Begońa arreba. Pla-pla-pla-pla, mediku askok, gainera; hirugarren astean zazpi mediku pasatu ziren diagnostikoa ematera, egun bakoitzean bat.

Sedatuta zuten Josu. Eta koman, baina senideek ez zekiten hori, koman zegoenik. Ezagun duten sendagile batek eman zien abisua: “Sedazioa kendutakoan, egon daiteke ondo edo koma sakonean gera daiteke”. Familiak ez zuen sinisterik nahi entzundakoa. Hala diote oraindik ere. Mediku batek baino ez zien eman argi izpirik: lesio bera izan zuela lagun batek eta kalean dabilela.

Bi astera kendu zioten sedazioa. Baina ezer ez. Begiak zabalduta zituen, baina ez zen esnatzen. “Egunak aurrera zihoazen. Seinale txarra”, dio Begońak. Hirugarren astearen bukaeran egin zioten Donostia Ospitalean erresonantzia. Laugarrengoan atera zuten ZIUtik, Neurologiako plantara.

“Orain hasiko da okerrena zuentzat”, esan zieten familiakoei. “Begira ordura artekoa zer izan zen eta okerrena orduan hasiko zela?!... Itxaropenik ez ziguten eman. Bizi bazen, bizitza osorako begetal geratuko zela aipatzen ziguten”, esaten du Begońak. Baina beste iritzi eskatu zuten; Adolfo Lopez de Munain Neurologiako zuzendariari. “Honek ez zigun %0ko aukera aipatu. %20koa”.

Kontua zen Josuk, nolabait esanda, neuronetako komunikazioko bidea etenda zeukala.

Gaixoaren adina edota aurretik garuna zenbat erabili izan duen garrantzitsuak dira komunikazio bide horiek osatzen joateko. Josu Sarasuak —48 urte zituen istripua izandakoan—, bazituen baldintzak hobera egiteko, familiaren ustez. “Baina, horiez gain, estimulazioak ere badu garrantzia”, azpimarratu du neska-lagunak. “Berekin hitz egitea zen estimulatzea, komunikatzea, iloben-eta argazkiak eramatea ospitaleko gelara, lagunen argazkiak ere bai, etxeko gauzak, berak ezagutzen dituen tresnak, musika CDak... Kanpoko munduarekin konektatu behar zuela esaten ziguten. Josuk begiak irekita zeuzkan, hankak-eta mugitzen zituen modu konpultsiboan, baina ez genekien jakitun zen. Hitz egiten genion, baina erantzunik ez. ‘Dago edo ez dago?’, genioen geure artean”.

Une bakar batez ere ez zuten bakarrik utzi. Senideek, bikotekideak eta lagunek hamabi orduko txandak egiten zituzten erietxean: bakoitza egun erdiz harekin egon, eta buelta etxera eta lanera.

Aurreneko hitzak

Gurasoak egunero joaten zitzaizkion bisitan ZIUra, nahiz eta adinekoak izan —“zer garrantzitsua izan den haien papera...”, baloratzen du Begońak—. Amak, gainera, etxetik goizero-goizero telefonoz hotsegiten zion Josuri. Honi jartzen zioten tramankulua belarrian, eta han aritzen zitzaion ama, hizketan. Erantzunik jaso gabe. Harik eta egun batean semeak: “Ama, ama”. Abuztua zen. Istriputik bi hilabetera “ama, ama”. Askotan kontatzen dizkiote halakoak Josuri, eta emozionatu egiten da. “On egingo dio zer gertatu zen jakiteak. Eta ona du negar egitea”, dio haren arrebak. “Ni neu ez naiz ezertaz akordatzen ordukoaz”, esan du Josuk. “Ama, ama” haren aurretik behin, gauez, erietxeko hiru zaintzaile joan zitzaizkion bisitan, eta Josuk: “Gabon”. Geroago, ezagun duten apaiz bati ere egin zion elerik. Hurrena, Joxe anaiaren seme bikiak bereiztu egin zituen, eskuarekin Iker zein den adieraziz eta zein Eneko. Beste behin, boligrafoa eman zioten, eta mugitzen hasi zen.

Hala, senideek medikuei esan zieten iruditzen zitzaiela Josuk “konektatzen” zuela. Medikuak: “Batzuetan familiak existitzen ez diren gauzak ikusten ditu. Koman dago”.

Glasgow eskalan laukoan sartu zen ospitalean ekainaren 19 hartan. Hiruak, heriotza esan nahi du, eta 13-14a behar da koma egoeratik irteteko. Okerrenetakoa hau zen: senideek ez zekitela zenbat denboran egongo ziren hala. Udara garaia zen eta, behintzat, Sarasuatarrek, neskak eta lagunek denbora gehiago zuten harekin egoteko. “Portatu zen jendea”, nabarmendu du Begońak.

Josu zen, Donostiako Ospitalean Neurologiako plantan zeuden gaixoen artean, garuneko antzeko lesioa zeukan bakarra, eta uneoro harekin egon beharra zuten, bakarrik geratuta heriotz arriskua izango zuelako eragozpen fisikoak izanez gero. Kasu baten berri bazuten: bakarrik zegoen horrelako gaixo bat hil egin zen, itota, arnasa ezin hartuta.

Aita Menni zentro pribatua, hori zuten helburu. Arrasaten dago, eta garuneko lesioen osatze kontuetan puntako gunea da, “Europan erreferentziala”. Han sartuz gero, ona. Aurretik, ordea: 1. Egoera fisikotik osatu beharra zeukan Josuk —kolpeetatik-eta—. 2. Aita Mennin sartzea ez da erraza, garuneko lesioak dituzten hamasei lagun baino gehiago ez direlako egoten ingresatuta —zein gaixo har dezaketen erabakitzeko, mediku txostenak leitzen dituzte—.

Aita Menni zentrora

Lortu zuten tokia Aita Mennin. Irailaren 19an eraman behar zuten Josu... baina aurreko egunean, sukarra! Antibiotikoz josita eduki zuten Donostiako erietxean, eta familia, “beldurrez, hark zer birus harrapatuko”. Osatu zen, bederen, eta urriaren 8an eraman zuten Arrasatera. Albiste on hari beste bat batu zitzaion: lehen aldiz orduan esan zieten koma egoeratik irten zuela. Josuk hilabete bat bazeraman hitzak-eta esaten, zer nahi zuen. “Osatzen ari zela esan ziguten medikuek”, dio Begońak. “Komatik irtetea, ordea, ez da ttak esnatzea. Oso prozesu motela da. Berriz ere bizitzen ikasi behar da”. Salbuespenik izan ohi da: Aita Menniko galiziar mutil batena bezala; derrepentean autonomia handiagoa berreskuratu zuen.

Ohitu artean, behintzat, Josu Arrasatera eramatea “gogorra” izan zen familiakoentzat, ordura arte uneoro eurekin eduki zutelako. Egunero bi orduko bisita zeukaten, eta egunero baliatzen zuten. “Guk, sikiera, bertatik bertara dugu Arrasate. Halako zentro bat gertu edukitzea zortea da. Han, euskal herritar batzuez gain, galiziarrak, espainiarrak edota istripua Bizkaian eduki zuen estatubatuar bat zeuden, eta pentsa horien senideentzat zer zen Arrasateraino joan behar izatea. Kanpotar familia batzuetan kideetako batek lanpostua utzi zuen Arrasaten jartzeko, etxekoarengana joateko egunero, hauek behar baitute gertutasuna”, Joxek esaten duenez.

Josuk-eta eguna dena planifikatuta zuten han: jaiki 8:30ak aldera, dutxatu, gosaldu, bakoitzak osatze lanak, bazkaldu, berriz ere osatze lanak, bi orduko bisita —17:30etik—, afaldu eta ohera goiz.

“Oso tratu ona” jaso zuten Aita Mennin. “Gaixoari asko laguntzen diote, baita familiari ere psikologikoki”, iritzi dio Begońak. “Han gaixoak hamasei besterik ez direnez, zentroko arduradunekin harremana gertuagokoa da”, uste du Eba Alberdik.

Gaixoa, hasieran, hilabetez izateko konpromisoa hartzen dute han, eta gero egoera aztertzen dute. Segitzekotan, beste hiru hilabeterako hartzen dute. Josu bezala, esaterako. Gehienez, urtebeterako hartzen dituzte.

Josu iazko gabonetan hasi zen etxera etortzen, istripua izan eta urte erdira. Begońa arrebaren etxean hartu zuen ostatu. Sinplea zen arrazoia: Begońaren etxea berria da eta prestatuta dago —igogailua, ate zabalak...—. Josuk oraindik ezin du bere etxera joan bizitzera: hirugarren solairuan du eta etxepean igogailurik ez. “Eskerrak gure etxea berria den —esaten du arrebak—. Bestela, papeleta! Obrak egin behar; eta, gainera, igogailua ez badago? Kontua, beraz, ez da gaixotasuna bera soilik, baizik eta horrek dakartzan eragozpenak eta zailtasunak”. Hala ere, familiak beti “oso harrera ona” jaso izan du erakundeetatik. Dena dela, ez da erraza egunero lagunduko dien langilea topatzea da; jende falta dago halako zereginetarako eta, batik bat, bertakoa.

Josu aurtengo maiatzaren 25era arte egon zen Arrasaten, Aita Menni zentroan, eta orain egunero joaten da Donostiara, Aita Menniren beste gune batera, osatze lanak egitera; neuro-psikologoak ere hartzen du han astean bi egunez. Oraingoz, gabonak arte joango da, eta gero hangoek baloratuko dute.

“Ez diot inori opa Aita Mennin egotea, jakina, baina, han nengoela, ondo egon nintzen. Gaixoon artean harremana oso sui generis zen. Batzuekin oso ondo konpontzen nintzen, besteekin hain ondo ere ez. Gure egoerak dena baldintzatzen du”, dio Josuk.

Zein da helburua orain?

Familiak, azken batean, aitortzen du gauzak ondo joan zaizkiela eta beste batzuek zailtasun handiagoak izaten dituztela. “Josuk edukitakoa oso garbia izan delako izan dugu, igual, ‘zorte’ hau: kamioi batek harrapatu zuen, autobidean, segituan artatu zuten ondo, ospitalean bizitza salbatu zioten, gero zentro pribatuan lekua lortu... Ez dute guztiek harrera hori izaten, eta denek tratu bera jasotzea aldarrikatzen dugu”.

Eta zein da Josuren helburua? Arrebak laburbildu du: “Autonomoa izatea, bera bakarrik funtzionatzeko gai izatea, nahiz eta aztarnak beti geratuko zaizkion. Komatik pasatu den batek dena ikasi behar du: jaten, hitz egiten... Batzuek irteten dute aurrera, besteek ez”. Josuk aitortu du guztia ez dagoela eginda, eta ez dela egongo: “Neu nahikoa ondo nago. Baina gaitz hau daukat buruan, eta hori hor geldituko da, gehiago edo gutxiago”. Desio bat dauka: “Aita Mennin dagoen jendea ondo jar dadila”.

Bera ari da jartzen, eta oinez ere hasia da —protesia du moztutako hankan—. Eta, lehen bezala, Oilo Soro soziedadera joaten ere hasia da; beste seinale on bat.