Intxauspe: Donazaharreko semea

Jose Luis Aizpuru (Iparraldeko Euskal Irratiak federazioko kazetaria)

Benat Intxauspe da Hazparneko alkate berria martxotik (Hazparne eta Azpeitia senidetuta daude) baina hura Ipar Euskal Herrian ez da ezagun egin alkate hautatu dutelako, edo Paueko Legebil-tzarrean kontseilari orokor izendatu zutelako iaz. Ez, lehenago ere bazuen oihartzunik, ezker-eskuin; batez ere, pilotazaleen artean. Intxauspe pilotari xapelduna delako, eta izan delako. Esku huska aritu da gaztetxotatik, eta beti lehen puntan; xapelketak irabaziz. Kurutxarri-Intxauspe bikoteak zenbat xapelketa eta partida irabazi dituzten jakitea ez da erraz.

Hazparneko alkateak pilotan erakutsi duen grinak eta lehiakortasunak, bere izaeraren argazki paregabea uzten du: ase erraza ez den gizona, politikari abila, negoziatzaile fina eta pragmatikoa. Haizeak nondik jotzen duen berehala konturatzen dena.

Herriko bozak lehen itzulitik aise eraman baditu ere, ez pentsa ahuntzaren gauerdiko eztula denik hori. Jaki Comet Hazparneko alkate ohi eta kontseilari orokorra garaitu baitu bi karguetarako (alkatetzarako lehian aurkeztu ez bazen ere, ikusia baitzuen aukera gutti izango zuela). Eta hori bada zerbait.

Intxauspe, moldatzen den horietakoa da. Udale-txeko bere zerrendan badira abertzaleak, eskuindarrak, sozialistak, ekologistak... Denekin negoziatu du zerbait, eta denak kontent utzi ditu. Sei urteotan ikusiko da hitzak eta ekintzak neurri berekoak diren.

Abertzalea ote? Eskuindarra? Euskaltzalea? Euskalduna, bada —badaki euskaraz; Donazaharre herrikoa da, Errekaldiako semea—. Euskal departamenduaz erreferenduma egitearen alde agertu da, baina UMPrekin (Sarkozyren alderdia) aurkeztu zen diputatuen hauteskundeetara. Denborak esango du Intxauspek zer haizeren aldeko hautua egin duen.