"Udalbitzako auzian zigorra izango da egiazko bakarra"

Enekoitz Esnaola

Hendaiako tren geltokian
Hendaiako tren geltokian.  Adolf Hitler alemaniar eta Francisco Franco espainiar diktadoreak Hendaiako tren geltokian elkartu ziren 1940ko urriaren 23an. Diktadura garaiak ziren, besteak beste Hego Euskal Herriarentzat. Xarlo Etxezaharreta Hazparneko —eskuinean— eta Miren Odriozola -ezkerrean- Azpeitiko zinegotzi ohiak ere Hendaiako tren geltokian elkartu zituen Uztarriak. Udaletan lan politiko eta instituzionala egiteagatik kartzelara joateko arriskuan dira. Ez dirudi demokraziako neurria denik. 

"Hamabostero 120 kilometro egiten ditut autoan, Irunera sinatzera joateko. Hori eginarazi zidan Garzonek aske segitzeko, berme gisa 60.000 euro ordaintzeaz gain. Urtean 24 aldiz 120 kilometro, beraz; Hazparne-Irun-Hazparne. 1.440 kilometro urtean. Faktura pasatuko diot Garzoni...”. Xarlo Etxezaharreta mintzo zaio horrela Uztarriari, Hendaiako (Lapurdi) tren geltokian, Miren Odriozolaren zain gaudela elkarrizketarako. Biak auzipetuta daude Udalbiltza auzia-n, eta laster izango dute epaiketa. Hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat, “ETAko kideak” direlakoan eta “diru publikoa ETAri bideratu” dietelakoan zinegotziak izan eta Udalbiltzan lan egiten zutelako. 67 urte egitera doa Etxezaharreta hazpandarra —Azpeitia eta Hazparne (Lapurdi) senidetuta daude 1980ko hamarkadatik—, 64 urte egin berri ditu Odriozola azpeitiarrak. Ibilbide luzea egina dute Euskal Herriaren alde eta gizarte mugimenduetan. Eta orain, kartzelara joateko arriskua hortxe...

Udalbiltzaren auzi hau, alde humanotik, zuekiko (ere) injustua dela sentitzen al duzue?

Xarlo Etxezaharreta. Bistan da min egiten duela. Baina ikusita gauzak nola itzulikatzen ziren gure Euskal Herri honetan, eta Madriletik eta Paristik zer-nolako kazkabarra zetorren, bagenekien zerbait gertatuko zela egun batez, ez zutelako hau horrela uzten ahal. Behin Frantziako diputatu sozialista batek erran zuen Euskal Herria “Europako minbizia” dela. Beraz, jakina, ‘ebakuntza’ egin beharra zuten. Horren ondorioa da hau, min egiten duena segurki.

Miren Odriozola. Udalbiltza sortu genuenean, 1999ko irailean, garai haietan ez nuen pentsatzen halakorik gertatuko zenik. Gero bai, beste hainbat operazio izan zirelako gurearen aurretik: Batasuna, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Jarrai-Haika, Egunkaria... 2003ko apirilean jo zuten Udalbiltzaren kontra: atxiloketak, diru kontu denak blokatu, bulegoak itxi, geroago beste deklarazioak eta kartzelatzeak...

Etxezaharreta.Iparraldean batzuen ahotik entzuten dugu “alimalekoa” dela auzi hau, “eta, gainera, deliturik gabe, baina ja ohituta zaudete, ezta?”. ‘Ohituta’! Beti aurpegia ematen dugulako, uste dute ez dugula minik hartzen. Garzonen ukaldiak baino min handiagoa ematen du hori entzuteak. Denok badugu bihotz bat, arima bat, sentimenduak, eta min hartzen dugu.

Odriozola. Pertsonalki, oso gogorra da, denontzat. Auzipetuon artean emakume asko daude, haurrak dituztenak, sei hilabetekoak-eta. Hori da gehien sentitzen dudana. Neure buruarekiko ere badut kezka, 64 urte ditudalako. Lehen, ama bizi genuenean, auzipetua nengoen, eta horrek gaur baino kezka handiagoa sortzen zidan. Orain ume txiki horiekin gogoratzen naiz.

Etxezaharreta. Nik ere ama horiek ditut buruan. Baina baita Udalbiltzako langile izandakoak ere. Langile hutsak ziren, kontratatuak! Eta kartzelara joateko arriskua dute.

Zu, Xarlo, Udalbiltza auzia-n kartzelan egon zinen.

Etxezaharreta. Bai, sei hilabetez. Durangon atxilotu ninduten, Garzonen aginduz, 2003ko irailaren 28an. Askapena elkarteak deituta, Abadińora joan nintzen nazioarteko jardunaldi batzuetan parte hartzera, Baionako Kubako Etxearen ordezkaritzarekin. Poliziek erran zidaten hilabeteetan nire atzetik zirela. Harritzekoa, nik bizimodu publikoa egiten nuelako; muga noiz-nahi pasatzen nuen. Amerikar erara atxilotu ninduten: ohartu gabe, dozena bat polizia, hiru auto, eskuburdinak segituan...

Eta, zer zioten poliziek?

Etxezaharreta. Bilbora eraman ninduen Espainiako Poliziak, Indautxura. Oso gutti galdetu zidaten. Ea marxista nintzen. Nik, ideiarik ere ez. Aurreneko politika liburua kartzelan irakurri nuen, orduan, Soto del Realen. Denborarik ez lehenago; beti taldeetan lanean, kirol irakasle, udal karguan... Eta niri marxismoaz galdezka Poliziak Udalbiltza auzia-gatik harrapatu nindutelarik...

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hartu zizuen deklarazioa bioi. Zer moduz harekin?

Odriozola.Sartu eta esan zidan, ezer baino lehen: “żEres de Azpeitia, no?”. Harritu ninduen. Neuk: “Zuk badakizu oso ondo herriak aukeratutakoak garela. Hori, lehenik. Bigarrenik: zuk badakizu oso ondo gure lana politikoa eta publikoa dela, ezer ez dugula izan ezkutatzeko. Eta hirugarrenik: nik emakumeen alde, diasporako euskaldunen alde, euskararen alde... egin dut. Ez dut beste ezer esateko”. Ez zidan erantzunik eman. Fiskalak ez zuen ahorik ere ireki. Oso laburra izan zen dena.

Etxezaharreta. Hiruzpalau minutuz baizik ez ninduen eduki, eta begietara ez du begiratzen hark. Ondorioz, ez nuen deklaratu. Norbaitek ez badit begietara so egiten, harekin ez dut harremanik ukaiten. Ez da gizona ere Garzon. Hori bai, haren bulegoko altzariak-eta oso ederrak dira, espazio handia du... Baina prepotente hutsa da. “Erabakiko dugu”, erran zidan Garzonek, eta bost minutura 29 orrialdeko autoa egina zuen; fenomenoa idazten!...

Odriozola. Niri bai, niri begiratu zidan begietara. Baina hotza tipoa! Xarlo, zurea izan zen Ipar Euskal Herrian epaile espainiar batek ezarritako bermea ordaindu zen lehen kasua.

Etxezaharreta. Bai. 60.000 euroko bermea jarri zidan Garzonek. Eta dirutan ordaindu behar zela zioen. Baina zer gertatzen zen? Frantziako Estatutik Espainiakora ezin dituela batek hamar mila euro baino gehiago pasatu. Legez kanpokoa da gehiago eramatea. Orduan, nola egin ni bermepean aske geratzeko? Gau batez, telefonoz, ezagutzen ez genuen eta Hego Euskal Herrian bizi zen pertsona bat harremanetan jarri zen gure familiarekin, eta hark senideei erran zien berak bilduko zituela 60.000 euroak. Taka, bildu zituen! Handik denbora batera ezagutu genuen hura, baina ez zigun erran zein zen ere. ‘Pello’ zela, eta oporretara zihoala. “Aio”, berak. Gerora ezagutu genuen elkar hobeto. Geuk ondoren, hari dirua itzultzeko, bost orduz bildu genituen Iparraldean 60.000 euroak: geure jende ezagunak eman zigun dirua, politikariek, herriko taldeetako kideek, jende anonimoak... 60.000 euro baino gehiago bildu genituen.

Zer epai espero duzue?

Etxezaharreta. Auzia faltsua da baina zigorra egiazkoa izango da, auziko egiazko bakarra. Injustua da hau dena. Deliturik gabe, hau.

Odriozola. Beltz ikusten dugu. Nazio eraikuntza bera delitu bihurtu du Espainiako Justiziak. Ikastolari laguntzea, euskal selekzioari laguntzea, Zuberoa garatzen laguntzeko dirua biltzea, EHNA sortzea... hori dena delitu bihurtu du Madrilek. Dena ETA da haientzat. Baina ez dute frogarik. Gehiago: fiskalak iaz Jone Goirizelaia abokatuari esan zion ez zuela delitu frogarik aurkitzen. Auziak aurrera segitzen du, ordea. “Agindua eman didate honekin aurrera segitzeko”, esan zuen geroago fiskal berak. Kalifikazioa egin zuen, eta nolakoa! Horiek eskaerak gure kontra! Politikoa da hau guztia.

Zer zen eta zer da zuentzat Udalbiltza proiektua?

Odriozola. Oso handia eta garrantzitsua. 1999ko irailaren 18an sortu zen Bilbon, Euskalduna Jauregian, eta neuk ez nuen joaterik izan, neumoniarekin nengoelako. Pena ederra sentitu nuen.

Etxezaharreta. Lehen erakunde politiko nazionala izan zen. Zazpi euskal lurraldeak batzea, izugarria da. Ni han nintzen Euskaldunan. Bero-bero, bihotza arin. Xarlo, zuk esana da: “Euskal Herria udal handi bat da”.

Etxezaharreta. Hala baita. Eta Udalbiltza Euskal Herria eraikitzeko sortu zen. Ipar Euskal Herrikook oso interesatuak ginen. Izan ere, hemen ez dugu indarrik ekonomia mailan, ez dugu kasik baliabiderik. Paristik aspalditik erabakia dute hau udarako leku bat dela, baina bertzerik ez. Laborariak ahal bezain gutti, artzainak mendiak baizik ez apaintzeko... Hortaz, Udalbiltzaren bidez tresnak lortzen ahal genituen Hegoaldearen indarrarekin. “Aspaldiko ametsa gauzatzen ari da”, erraten nuen, “eta, gauzak ongi eginez gero, hau kristoren herria aterako da”. Buru-belarri sartu nintzen.

Odriozola. Orduan ez zegoen instituzio nazionalik. Udalak dira herritarrengandik gertuenak, eta berezko erakundetzat genuen Udalbiltza, aproposa. Gainera, Euskal Herrian udalek garrantzia handia izan dute: hor daude trantsizio garaiko alkateen bilerak, Lizarrako 1931ko Estatutua alkateek egina...

Baina Udalbiltza bateratu hark ez zuen askorik iraun; urte erdia ere ez.

Odriozola. 2000ko hasieran EAJk eta EAk ezker abertzaleko hautetsiak bidali egin zituzten Udalbiltzako zuzendaritzatik, ETA atentatuak egiten hasi zela aitzakiatzat jarrita. Hori batzarrak erabaki behar zuen, bidali-ez bidali, baina ez zen batzarrik ere egin! Berez, oinarri sendoekin sortu genuen Udalbiltza, baina nik uste batzuk itxura egiteagatik sartu zirela. Gero ikusi da.

Etxezaharreta. Udaletxeetan badira kolore guztietako alderdiak eta, kanpoan kazkabarra ari delarik, Udala ez da gelditzen. Baina ETA berriro ekinean hasi zelarik, batzuek erabaki zuten Udalbiltzatik bidaltzea hautetsi asko eta asko.

Odriozola. 900 hautetsik baino gehiagok idatzi bat sinatu genuen orduan, Udalbiltzak ordura arte bezala aurrera jarraitzea nahi genuela esanez. Baina... Gero 900 horiek geure biltzarra egin genuen Donostian, Kursaalen, eta orain Madrilek horregatik deitzen du ‘Udalbiltza-Kursaal’, eta ETArekin lotzen du. ‘Bes- tea’ ez.

Zer lortu du Udalbiltzak? Aipatu kuttunen dituzuen kasu batzuk.

Odriozola. Lorpen handia izan da euskal lurraldeetako hautetsiak elkartzea bera. Lehen Iparraldekoekin oso harreman gutxi zegoen; orain beste era batekoak dira hartu-emanak. Nazio eraikuntza suspertu dugu.

Etxezaharreta. Udalbiltzak frogatu du zazpi lurraldeetako euskal herritarrak herri berekoak

Miren Odriozola, herrian eta atzerrian lanean

1944an jaio zen Miren Odriozola, Azpeitian, urtarrilaren 28an, Gerraundin. Hamahiru urterekin auzoko eskolan umeei klaseak ematen hasi zen, eta ia zazpi urtean egon zen horretan. Gero Herri Gaztedian liberatuta bi urte eta erdian. Ondoren, Lurgintza nekazarien elkarte sortu berrian jardun zuen, Azpeitian. Hemendik Bilbora, Ekonomia ikasketak egitera, baina lehen urtean utzi egin zuen, eta atxilotu egin zuten; bi urte eta erdian kartzelan. Artiach gailleta enpresan aritu zen lanean bost urtean, Bizkaian, eta “garai interesgarria” izan zela deritzo, “Francoren azken urteak zirelako eta mugimendu asanblearioa oso handia zelako”. 1980an Venezuelara joan zen, gero Nikaraguara joateko asmoz. 1982an zen Nikaraguan Odriozola, eta urtebetera El Salvadorren. Hemen orduan armadaren inbasioa gertatu zen, eta herri xeheari laguntzen aritu zen: jende zibila sendatzen, haiek alfabetatzen, botikaren logistika lana egiten, txabolak egiten... 1986an Azpeitian urte erdia pasatu —“Euskal Herrian gauzak aldatuta zeudela ikusi nuen”—, eta berriz ere hara. 1990ean atzera herrira, 1992an El Salvadorrera, gerra bukatuta zegoela; 1994ko azkenera arte han jardun zuen lanean (heziketan, osasunean eta ingurumenean). 1995ean Azpeitiko Herri Batasunan sartu zen, 1999an herrian Euskal Herritarrok-etik (EH) zerrendaburu izan zen —ezker abertzaleak Azpeitian inoiz lortutako boto kopururik handiena erdietsi zuen orduan: 2.923 boto; EH 218ra geratu zen irabazletik, EAJtik—, 1999an bertan Udalbiltza sortu eta bertako kide bihurtu zen, eta 2003-2007 legealdian ere horko kide izan zen, Habea ezkertiar eta abertzale plataformatik —2003an ere udal zerrendaburu izan zen—.

Xarlo Etxezarreta, alderdirik gabeko militantea

1941ean sortu zen Xarlo Etxezaharreta, Hazparnen, urriaren 17an. Beti hantxe bizi izan da, Aljeriako gerran izan ezik; Frantziako soldadu gisa hamahiru hilabetez Aljerian egon zen, “behartuta”. Aurretik, umeekin irakasle aritu zen eta, gudatik itzuli ondotik, kirol irakasle hasi zen; 36 urtean jardun zuen horretan, erretiroa hartu arte. Politikan, mugarria izan zen Etxezaharretarentzat Aljeriako gerra. “Miaketak-eta egiten genituen etxeetan, eta frantziar poliziak lapurretak egiten ikusi nituen, dirua harrapatzen, urrezko bitxiak... ‘Frantziarrek gezurra erraten zigutek’, nioen neure artean, eta ezkerrera erori nintzen. Hazparnera itzuli, Eńaut Etxamendi, Jean Luis Davant eta abar ezagutu, entzun, eta ‘beste era batera, baina frantziarrek Aljerian bezala egiten ditek Euskal Herrian’, nioen neure kasa, eta ezkerretik abertzale izatera bilakatu nintzen. Gurasoak euskaldunak bai, baina ez ziren abertzaleak”. Enbatan sartu zen, gero EHAS sortu zuten. Txomin eta Ramuntxo Iparretarrak erakundeko kideak hil zirelarik, gatazka handia izan zen EHASen, eta orduan erabaki zuen Etxezaharretak ez zela gehiago alderdi politiko batean sartuko. “Libre ibili izan naiz beti”. Hala ere, hautagai izana da. Esaterako, 1998an Hazparneko kantonamenduetako bozetan %19,63 erdietsi zuen zerrendaburu gisa koalizio batean (abertzaleak zeuden, besteak beste). Udalbiltza sortu zenean, 1999an, Hazparnen zinegotzi zen, “eta Udalbiltzako kide bilakatu, beraz; Euskal Herriko hautetsi”. Kubari laguntzen ere aritu izan da, Ameriketako Estatu Batuen blokeoa dela-eta. “Baionako elkarte batean sartu nintzen, eta Kubako garraioak, ospitaleak, eskolak... laguntzen ditugu”. Kale Gorrian aldizkarian zuzendari ere izana da.

.22 auzipetu

2003ko apirilaren 29an Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren kontrako operazioa agindu eta zortzi lagun kartzelaratu zituen, ETAko kide izatea leporatuta: Jose Manuel Jurado, Eider Casanova, Lander Etxebarria, Karmele Urbistondo, Miriam Campos, Leire Idoiaga, Oskar Gońi eta Larraitz Sanzberro.

Urte bereko maiatzaren 23an Loren Arkotxa, Imanol Esnaola eta Miren Josu Aranbururen espetxeratzea agindu zuen epaileak.

.22 lagun daude auzipetuta, eta Juan Moral fiskalak hamar eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu ditu.

Auzipetuak eta Fiskaltzaren zigor eskaerak