Airean 25 urtean

Maider Zendoia

Euskadi Irratiak orain 25 urte igorri zuen aurreneko aldiz: 1982ko azaroaren 23an. Hasieratik egon dira euskarazko komunikabide hartan lanean azpeitiar kazetariak

Taliba Azaoum te berdea hartzen ageri da etxeko egongelan, Azpeitian.  
Ińaki Elortza. 
Axun Arozena estudioan, Gasteizen. 

Euskadi Irratiak 1982ko azaroaren 23an igorri zuen lehen aldiz. Irratia kanal bezala erabilita, informazioa euskaraz eskaintzea zen haren egitekoa. Komunikabide berri bat zegoen sortzeko, profesional berriak hezitzeko eta entzule berriak erakartzeko. Euskadi Irratia eratzeko unean, asko eta asko dira irrati publikotik pasatutako profesionalak. Haien artean, hainbat azpeitiar: Ińaki Elortza, Txetxu Urbieta, Axun Arozena, Josune Azkue (teknikaria), Ińaki Letamendia (kirolak), Xabier Euzkitze, Joxe Mari Iriondo... Gaur egun han jarraitzen dute lanean Elortzak eta Urbietak (kirol sailean, Donostian) eta Arozenak (albistegietan, Gasteizen).

Elortza (1952) izatez aparejadorea da, baina planoak utzi eta mikrofonoak hartzea erabaki zuen 1981ean. “UZEIn lanean nenbilela, euskarazko kirol hiztegiak egiteko proiektuan parte hartu nuen. Magnetofoia hartu eta Atotxara joaten nintzen Realaren partidak neronentzat erretransmititu eta, ondoren, grabatutakoa aztertzeko”. Horretan zebilela, Jose Mari Oterminek —garai hartan Herri Irratiko esataria eta gaur egun Euskal Telebistako programazioburua— jakin zuen magnetofoiarekin futbol partidak erretransmititzen zituen gazte bat joaten zela Atotxara. “Grabazio bat eskatu zidan eta, entzun ondoren, irratian lan egin nahi nuen galdetu zidan; hurrengo egunean bertan hasi nintzen lanean Donostian Herri Irratian”, dio Elortzak. 1981eko maiatza zen.

Hamabost hilabetean Herri Irratian lanean aritu ondoren egin zuen jauzia Euskadi Irratira, 1982ko udan. Urte hartan hasi zen gorpuzten Euskadi Irratiko proiektua. Elortza bera kazetaritza eta bikoizketa ikasten hasi zen EiTBko “kazetaritza eskolan”. Han zegoela, Euskadi Irratian sartzeko oposizioak deitu zituzten eta Kiroletako buru izateko plaza atera zuen 1982ko uda hasieran. “Euskadi Irratia sortu zenetik ari naiz lanean han; hogeita bost urte daramatzat lan honetan”.

Patu kontua? Urbieta (1968) eta irratiaren arteko harremana aspalditik datorren kontua da. Patuak haren ibilbidean zerikusia izan duela ere pentsa daiteke, Euskadi Irratia hasi zen egun berean jaio zelako, baina 1968an.

Txikitatik izan zuen argi kirolarekin harremana zuen zerbaiten lan egin nahi zuela. “Hasieran futbolari izan nahi nuen, baina segituan konturatu nintzen ezinezkoa zela ni futbolari izatea. Irratia betitik gustatu izan zait, beraz, nire gustuko bi gauzak elkartzea lortu dut: kazetaritza eta kirola”, dio Urbietak. Horrela, Kazetaritza ikasi zuen Leioan eta bekadun hasi zen lanean Euskadi Irratian, 1990ean. Gaur egun, Hiru Erregeen Mahaia asteburuetako kirol magazineko aurkezlea da.

Euskadi Irratia abian jarri zutenean, unibertso berri bat zuten eraikitzeko. Elortzak eta haren lankideek gogor lan egin zuten euskarazko irratigintzaren zutabeak sendo errotzeko. “Izan ere, euskarazko irratigintzan dena sortzeko zegoen”, gogoratzen du Elortzak. “Guk sortuak dira gaur egun normaltzat jotzen ditugun hitz asko. Orain denok ulertzen ditugu ‘saskibaloia’, ‘marrazaina’ edo ‘atezaina’ bezalako hitzak, baina gu lanean hasi ginenean lexiko hori guztia asmatu behar izan genuen”.

Urbieta Euskadi Irratia martxan jarri eta zortzi urtera hasi zen lanean han. Ordurako gai oinarrizkoenak zehaztuta bazituzten ere, egunerokotasunak adostu beharreko kontu asko uzten zituen mahai gainean. “Guztia asmatu beharra zegoen; gu hasi ginenean ere, gauza asko kontsultatu behar izaten genituen, ez genizkien. Geure artean hartu behar izan genituen erabaki asko”, esaten du Urbietak. Dena dela, aholkularitza ona izan zutela gogoratzen du Elortzak. “Kirol munduko jende aditua izan genuen bidelagun, gauzak behar bezala izendatzeko zertaz ari zaren jakitea behar-beharrezkoa baita”.

Orduko egoera. Euskadi Irratia igortzen hasi zen sasoian, Euskal Herriko egoera soziopolitikoa bestelakoa zen. “Gizarteak orduan euskararen beharra zeukan. Orduan gehien axola zuena euskarazko irratia egitea zen. Maila hori lortutakoan eskatzen du jendeak kalitatea”, dio Elortzak. Haren ustez, “garai hartan jende asko genuen militantziagatik, euskaraz ari ginelako maite gintuzten, baina gaur egun egiten dugunaren erantzukizuna eskatzen digute, diru publikoarekin ari garelako irratia egiten”.

Urbietarentzat, euskaraz aritzea motibazioa izan da oro har, baina mugarria ere bai zenbait kasutan. “Alde batetik, geuk asmatu behar genituelako zenbait hitz eta, bestalde, erdarazko komunibakideek askoz ere eremu zabalagoa zutelako lanerako”. Dena dela, zailtasunek kazetari gisa hazten laguntzen dutela iritzi dio.

Azpeitiarrak irratian. Bat baino gehiago dira komunikabideetan lan egiten duten azpeitiarrak. Euskadi Irratiaren kasuan ere herritar bat baino gehiago pasatu dira erredakziotik. “Azpeitiarrok gauza bat dugu geure alde: herri handi eta euskalduna garela. Gainera, geldirik egon ezin duten pertsonen ospea ere badugu irratian”, dio Elortzak. Urbietak uste du erredakzioan ez dagoela azpeitiar asko, baina daudenak “nabarmenak” direla. “Jario handiko pertsonak garela esan izan didate”.

.25 urtek askorako ematen dute. Ondorioz, une pozgarri zein gogorrak bizitzea tokatu zaie Euskadi Irratiko esatariei. Txiki Orioko patroia, Diego Garcia eta Jabier Sagarzazu kirolarien heriotzak saminez gogoratzen ditu Elortzak. “Kiroletan gertu izan duzun jende bat azkenean zeure egiten duzu eta, une horietan, zuzenean oso gaizki pasatzen dut, oso sentibera bainaiz”. Urbietari ere asko kostatu zitzaion Diego Garcia, Beńat Arrue eta Jokin Ormaetxea kirolarien heriotzen berri ematea.

Albiste onak. Dena dela, momentu zoriotsuak bizitzeko aukera ere eskaini die irratiak euren ibilbideetan. Elortzari albiste bat baino gehiago etortzen zaizkio burura: Athleticek Las Palmasen Espainiako Liga irabazi zuenekoa, Realak Xixonen irabazitako Espainiako Liga, Miguel Indurainek Frantziako Tourra irabazi zuenekoa... Urbietarentzat albiste txikietan egoten dira sarritan pozik handienak. “Jo dezagun astebete albiste baten atzetik ibili zarela eta, asko kostatu ondoren, azkenean albiste hori ematea lortu duzula. Agian, inork ez du baloratuko behar bezala, baina zuretzat egundoko lorpena da, atzetik duen lana gogoan duzu-lako”.

Pasadizoak ere bizi izan dituzte urteotan. Elortzak maratoi bat erretransmititzean gertatu zitzaiona du oroimenean. “Ekologiarekin oso kontzientzatuta nengoen eta lasterketaren berri bizikletan nindoala ematea pentsatu nuen. Egundoko tresneria neraman soinean eta, irratsaioan zuzenean sartu nintzenean, lurrera erori nintzen”.

Urbietak, berriz, Euskadi Irratiaren egoitza Donostian Larramendi kalean zegoen garaiko pasadizoa du gogoan. Ińaki Elortza, Joxe Mari Apaolaza eta hirurak larunbateko programa ari ziren egiten. “Xabier Lauzirika Estrobo sartu zen zuzenean programan arraunaren inguruan hitz egiteko, baina bestelako kontuez hitz egiten hasi zen: andrea Benidormera joan zitzaiola, txakurra paseatzera atera zuela... Hiru esatariok barrez hasi ginen eta teknikariak konexioa moztu zuen”. Urbietak dio barre errazekoa dela. “Gaiztakeria egin nahi badidazu, nahikoa da kontroletik lau inozokeria egitea; segidan hasten naiz barrez”.

Axun Arozena, Euskadi Irratiko kazetaria

Axun Arozenak (Azpeitia, 1965) Euskadi Irratian lan egiten du 1986az geroztik. Gaur egun, euskarazko irrati publikoak Gasteizen duen kazetarietakoa da.

Nolatan hasi zinen irratian lanean?

Nik Magisteritza ikasi nuen, baina unibertsitateko azken kurtsoan irratiko proba batzuk egiteko aukera izan nuen. 1986an hasi nintzen lanean Euskadi Irratian. Andereńo eta kazetari gisa aritu nintzen lanean hiru urtean, baina azkenean ikastola uzteko erabakia hartu nuen.

Nola sortu zitzaizun Gasteizera joateko aukera?

Orain dela hamabost bat urte gertatu zen dena. Nik beti albistegietan egin izan dut lana. Orduan Donostian nengoen lanean eta Gasteizera joatea proposatu zidaten. Hasieran, Gasteiz urruti ikusten nuen. Gainera, politikak eta erakundeek eragindako informazioa egiteak kezka ere ematen zidan. Azkenean baiezkoa eman nuen eta Gasteizera joan nintzen.

Inoiz damutu al zaizu hara joateko erabakia?

Sekula ez. Oso pozik bizi naiz Gasteizen. Gainera, kalean egindako informazioak asko betetzen nau. Gasteizen inguruko informazioak kanpotik begiratuta serioa ematen badu ere, niri ez zait hala iruditzen.

Informazioa Eusko Jaurlaritzaren itzalpean mugitzen al da Gasteizen?

Ez, aberatsa iruditzen zait. Nire lanbideak jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Gainera, kalean gertatzen denaz eta erakundeek egiten duten lanaz jabetzeko balio izan dit.

Informazio instituzionala grisa al da?

Niri ez zait aspergarria egiten. Gainera, ahal den modu arinenean ematen saiatzen naiz. Denetariko esperientziak biziko zenituen, zein da gogoan duzun une gogor bat? Ortega Lara bahituta izan zuten zuloa ikusteko aukera izan nuen eguna. Hura ikusi eta deskribatzeak asko hunkitu ninduen.

Eta pozgarria?

Askotan albiste txikietan daude une pozgarrienak. Dena dela, elkarrizketa bat egitean, elkarrizketatuaren baloreak mahai gainean jartzea da aberatsagarriena niretzat.

Bulegoko ala kaleko kazetaritza nahiago?

Nik kaleko kazetaritza atsegin dut; hau da, erredakziotik kanpo egiten dena. Horrela, zerorrek ematen duzu zerorrek jorratutako gaiaren berri.

Azpeitiar izaerari lotutako pasadizorik gertatu al zaizu urteotan?

Bai. Jose Antonio Ardanza [EAEko] lehendakaria zela, kazetari talde batekin solasean hasi zen. Bakoitza zein komunikabidetakoa zen jakin nahi zuen. Horretan ari zela, galdetu zidan: “Eta zu nongoa zara?”. “Ni azpeitiarra”, erantzun nion. Denak barrez hasi ziren. Gero ohartu nintzen jakin nahi zuenaz.

Lan errutina asko aldatu al da zu lanean hasi zinenetik hona?

Gauzak pixkanaka aldatzen joan dira: teknologiak aurrera egin du, hizkuntza aldatu egin da, eta, ondorioz, gaur egungo lan egiteko modua desberdina da. Lehen bobina izugarriak erabiltzen genituen, teletipoak moztu egin behar izaten genituen, eta A eta B aldeak entzun behar izaten genituen zatirik egokiena aukeratu ahal izateko. Gaur egun lan egiteko era arinagoa, errazagoa eta kalitate hobeagokoa da.

Nola ikusten duzu Euskadi Irratiaren etorkizuna?

Inguruko komunikabide denak teknologikoki aurrera badoaz, guk ere ezin dugu atzean geratu. Bide horretatik segitzeko ahalegina egin behar dugu.