Mikel Aiestaran: "Gerra eta krisiekin maleta prest izan behar da irteteko"

Maider Zendoia

Mikel Aiestaran, krisialdetako kazetaria

 
 
 
 

Mikel Aiestaran (Beasain, 1975) kazetaria Azpeitian bizi da, baina munduko hamaika txokotan izana da esatari lanetan. Ekialde Hurbileko hainbat krisialdiren berri eman izan du komunikabideetan. Ekainean opor egun batzuk izan zituen eta Azpeitian aurkitu genuen bere egitekoaz hitz egiteko prest.

Noiztik datorkizu nazioarteko gaiekiko interesa?

Betidanik izan dut bidaiatzeko zaletasuna eta, kazetari profesionala izanda, bi gauzak lotzea erabaki nuen. Ekialde Hurbilean oso eroso sentitzen naizela konturatu nintzen eta lanerako aukera polita izan zitekeela pentsatu nuen. Gaur egun, freelance (neure kasa) bezala egiten dut lana, Vocento eta EiTB taldeetako komunikabideentzat.

Zein da freelance bezala egin zenuen lehen irteera?

Bahamastik irten eta Tijuanaraino joan nintzen 2005eko urrian, baina ez nuen bidaia hartan egindako lanik saldu.

Nola erabaki zenuen Ekialde Hurbilera joatea?

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) esperientziaren ondoren erabaki nuen hara joatea. Krisialdi nuklearra, Irakeko gerra eta Ipar Korea etorri ziren gero. Dena dela, nire gustukoena Iran da. Gaur egun Ekialde Hurbilean dagoen potentziarik garrantzitsuena dela pentsatzen dut. Iran ari da gune hartako politika mugitzen.

Zer metodologia jarraitzen duzu gertakarien aurrean posizionatzeko?

Bertako kazetariak informazio iturri ona dira; egunkarietara eta irratietara jotzen baduzu, beti aurkitzen duzu zuri gauzak azaltzeko prest dagoen norbait. Zonalde hartan lehenagotik ibilitako gainerako kazetariak ere iturri ona dira. Hala ere, liburuak eta egunkariak irakurtzea beharrezkoa dela uste dut.

Ekialde Hurbila utzi beharko bazenu, munduko zein txokora joango zinateke? Desastre bat edo krisi politikoa dagoen tokian probatuko nuke. Dena dela, espezializaziorako apustua egin dut. Ekialde Hurbilean mugitzen naiz batik bat. Ondorioz, han ditut kontaktuak.

Irak eta Afganistan, Libano eta Iran baino arriskutsuagoak direla esan izan duzu.

Irak eta Afganistanera lan espezifikoa egitera joan behar da. Siria, Libano, Iran eta Turkia, aldiz, bizitzeko toki onak dira. Irak eta Afganistan ez dira seguruak, azken urteotako inbasioek dena hankaz gora utzi dutelako. Haiek Europarekiko eta AEBekiko duten ikuspuntua aldatu egin da. Horregatik ibili behar da kontuz.

Zein gatazka da kontatzeko konplexuena zuretzat?

Afganistango gatazka oso zaila da kontatzeko, errusiarrak egon zirenetik beti ibili direlako okupazioaren aurka borrokan. Bestalde, Al Kaeda fenomenoa sortu da eta salazismoa leku guztietara hedatzen ari da. Beraz, etorkizuna beltza ikusten dut islamaren barruan. Jende horrekiko erabakiren bat hartzen ez badute, jai dute, segituan hartuko dute haiek boterea. Era berean, azkeneko urteotan Mendebaldeko irudia asko usteldu da; hango gobernuek erakutsitako jarrera lotsagarria izan da. Adibidez, Espainiak Iraketik tropak ateratzeko erabakia hartu ondoren, Afganistanera eta Libanora bikoiztuta bidaltzea nola uler daiteke?

Eguneroko eginbeharra nola antolatzen duzu?

Horrelako gune batean ezin da inoiz ere plan bat egin. Adibidez, Saddam Hussein hil zuten egunean ni Donostian nengoen pasaportea ateratzen eta deitu egin zidaten. Egun bertan hegazkina hartu eta hara joan nintzen. Gerra eta krisiekin maleta prest izan behar da irteteko. Beti eramaten ditut soinean ordenadore portatil txiki bat, satelite bidezko telefonoa, argazki kamera eta bideo kamera.

Sariak eta aitorpenak izan dituzu...

Ustekabeak izan dira. Nik pentsatzen nuen, oro har, sariak putxerazoak izaten zirela. Aurten, Espainia mailan oso garrantzitsua den sari bat eskuratzeko izendatu naute, Cirilo saria, bederatzi kazetarirekin batera. 31 urte ditut eta hori lortzea oso garrantzitsua izan da niretzat. Azkenean, Rosa Maria Calafek irabazi du Cirilo saria.

Nola moldatzen zara hizkuntza, kultura eta historia desberdineko herrialdeetan lan egiteko?

Taxia hartzeko arazorik ez dut izaten, baina beti behar izaten dut itzultzaile bat lanerako. Afganistanen hiru itzultzailerekin lan egiten dut lekuaren arabera. Libanon, berriz, kristauekin lan egiteko itzultzaile bat daukat, Hezbolarekin harremanetan jartzeko beste bat eta suniekin aritzeko beste bat. Itzultzaile xiita bat sekula ez da joango zurekin gune kristauko etxebizitza batera; barne arauak ikasi arte nahastuta ibiltzen zara.

Zein da hango eta hemengo errealitateen arteko desberdintasunik handiena?

Euskal Herriko gatazka ulertzea zaila egiten bazaigu, imajinatu Libanokoa! Libanon hemezortzi komunitate bizi dira Nafarroako Erkidegoa bezalako gune batean, elkar ezin ikusita. Tentsio handiko gunea da eta hori eguneroko bizitzan nabari da. Politikariei dagokionez, Ekialde Hurbilean goitik beherako liderrak daude. Momentu honetan han dagoen figurarik garrantzitsuena Hassan Nasrala Hezbolako burua da. Hark hitz egiten duenean, Ekialde Hurbila gelditu egiten da.; lider politiko, erlijioso eta militarra da.

Bitxikeriak ere biziko zenituen urte hauetan, ezta?

Portzelanak saltzen dituen beasaindar batekin egin nuen topo Teheranen (Iran). Horrelako aurkikuntzek poza ematen dizute, han zaudenean deskonektatzea beharrezkoa delako.

Eguneroko lana egiteko traba asko jartzen al dizkizute?

Iranen, adibidez, nik egindako lan guztiak bidali egin behar izaten dizkiet Gobernuko ordezkariei argitaratu aurretik. Gainera, nire bloga, satelite bidezko telefonoa eta sakeleko telefonoa ere kontrolpean dituzte. Horrelako tokietan kontrola zorrotza da. Dena dela, errespetuan oinarritutako kontrola da; gezurrik ez baduzu kontatzen, ez dira gehiegi sartzen zure lanean.

Etorkizunean, Azpeitian gelditzeko asmorik ba al duzu?

Nire etxea Azpeitian dago, baina kanpoan egiten dut lana. Oso herri tradizionala iruditzen zait Azpeitia, baina bizitzeko toki ona eta