Leire Agirre

Ihintza Agirretxe

 
 
 

Leire Agirre azpeitiarrak 20 urte daramatza eskalatzen. 12 urterekin Xoxoten eskalatu zuen lehengo aldiz, “bi horma txikitan”. Ondoren, Izarraizko harrobian, Araotzen, Diman... eta mundu mailako hamaika txapelketetan ibili da. Orain, 2007ra begira, munduko txapelketan ez parte hartzea erabaki du, dagoeneko lehiaketek ez dutelako lehen adina motibatzen.

Aurtengorako helburuak pentsatu al dituzu?

Bai. Orain arte txapelketa asko egin izan ditut, baina 2007ko Munduko Txapelketan ez irtetea erabaki dut. Aurten goi-mailako probetara ez naiz joango. Orain harkaitzean segituko dut, lasaiago hartuko ditut gauzak hemendik aurrera, bidaiatu pixka bat.

Eskalatzeak ere emango zizun bidaiatzeko aukera...

Bai. Bidaiatzea asko gustatzen zait, eta bidaiatu egin nahi dut orain ere. Eta bideoak grabatu, eta emanaldiak eman, hitzaldiak eman... Eskaladari lotutako gauza asko egin daitezke eta niri gustatzen zaizkit horiek. Hitzaldi edo emanaldiren baterako deitutakoan poza hartzen duzu, baina hara joan behar duzu, ondo egin behar duzu egin beharrekoa...; horrek ere kezka sortzen du. Eskaladak zer eman dizu eta zer kendu? Eman, gauza asko eman dizkit. Azken batean, niri esperientzia handi bat eman dit. Eta kendu, ez dakit zer kendu didan. Baina nik uste azkenean oreka bat dela guztia, gauza denek dute bere alde ona eta alde txarra.

Zer da zuretzat eskalada? Afizioa? Ofizioa? Bizitza ulertzeko era?...

Lana, obligazioa den momentuan bihurtzen da lana niretzat. Eskaladari lotutako gauza asko egiten ditut eta, alde horretatik, bada lana. Baina nik egiten dudana, nik planifikatzen dudana eta nik nahi dudana egiten badut, niretzat ez da lana. Niretzat bizitzeko era bat edo bizitza aurrera eramateko beste filosofia bat da.

Zenbat urtean eskalatzen?

Eskalatzen 20 urtean. 12rekin eskalatu nuen lehen aldiz; Xoxoteko aterpera egindako irteeran izan zen. Xoxoteko bi horma txikitan ibili ginen. Gero Xoxoteko egun batean, behera gentozela, harrobia ezagutu nuen. Azpeitian mendizaletasun handia zegoen garai hartan, eta giro horretan aste bukaerero harrobira alde egiten genuen, motxila hartu eta Urretatik gora.

Eta noiz erabaki zenuen eskalatzetik bizi nahi zenuela?

Ez dakit noiz erabaki nuen hori, edo ez dakit behin ere hartu izan dudan. Horrela tokatu da eta horrela segitzen dut oraindik.

Eta zaila al da kirol horretatik bizitzea?

Ez da futbola. Baina bakoitzak ikusi behar du nola bizi nahi duen. Eskalatzea bizitzeko filosofia bat da niretzat, oso pertsonala. Bakoitzak ikusten du zer lortu nahi duen, nola bizi nahi duen, nola betetzen duen egiten duenak, zein diren bere helburuak... Hori dena bakoitzaren esku dago.

Nola egiten dituzu entrenamenduak?

Orain 2007rako pare bat proiektu ditut, eta planifikatu eta horretarako entrenatzen hasiko naiz. Entrenamendu planifikatu baten ondorioz etekin handiagoa ateratzen da, entrenamendu batere planifikatu gabekoekin baino. Helburu batzuk markatu behar izaten dira, eta horietara zuzendu.

Bakarrik entrenatzen al zara?

Bakarrik entrenatzea ona da, kronometroarekin lanean ari baldin bazara. Bulderrean ari bazara lanean, onena bi edo hiru lagunek batera entrenatzea da, pike handiagoa egoten delako eta orduan gehiago ahalegintzen zarelako. Baina bi edo hiru lagun baino gehiago aritzea ez da komeni. Harkaitzean hari zarenean, berriz, zu bazoaz gora eta, agian, 20-25 lagun izango dituzu behetik begira, Eta hori ezin da saihestu. Ez dakit hori famaren ordaina den edo zer baina...

Harkaitzean entrenatzeko, sokarako jendea beharko da ba?

Bai, norbaitek beti aseguratu behar zaitu, derrigor behar da jendea. Jendearekin zaudenean hobeto izaten da, gainera. Askotan zu baino indartsuagoekin zaude eta horrek motibatu egiten zaitu edo, agian, horma osoa nola egin dezakezun esaten dizute eta hori eskertzekoa da. Normalean, gelditu egiten gara eskalatzera joateko. Hemen, Araotzeko eta Dimako kobazuloetan, beti egoten da norbait. Baina ona da badaezpada aurretik gelditzea. Gertatu zait etxetik Araotzeraino joan eta inor ez egotea eta akordatzea inorekin ez naizela gelditu... Eta batere eskalatu gabe etxera!

Josune Bereziartu eta zu izango zineten aurrenetako puntako euskal emakume eskalatzaileak. Zer aldatu da hasiera haietatik?

Eskaladak historia luzea du. 1995etik hona asko aldatu da. 1997an Josune eta biok joan ginen Pragara, nire lehen Munduko Kopara. Eta poliki-poliki dena aldatu da. Agian, Josune eta ni ginen garai hartan lehenengoetakoak, orduan txapelketetan gu bakarrik geunden, orduan ez zebilen horrenbeste jende mundu honetan. Euskal Herrian beti egon izan da jende-harrobia. Euskal Herrian beti egin izan da kirol asko eta laguntzak ere badaude.

Eta Azpeitian zer moduzko harrobia dago jende aldetik?

Gorka Karapeto oso indartsu dabil aspaldian, eta beste jende asko ere hor dabil. Jendea, egon badago. Harrobia bai, baina kiroldegian rokodromo hobea jarri beharko litzateke. Ez diot dagoena txarra denik, baina polita litzakete instalazio egokia izatea. Ondo dago futbol zelaiak izatea, teniseko pistak egitea ere bai. Ez naiz kexatzen horretaz, baina eskaletzeko ere instalazio hobeak beharko lirateke. Herriak benetan zer kirol bultzatu nahi duen jakitea interesgarria litzateke. Baina hor goian daudenek beraien interesen arabera nahi dutena bultzatuko dute. Bitartean, guk Ondarbide atzean dugun lokal pribatuan segituko dugu entrenatzen. Baina, esan bezala, itxura antzeko rokodromo bat izatea ez legoke gaizki, egunen batean Munduko Txapelketaren bat egiteko edo...

Mutilen artean erraz egin al duzue bidea?

Emakumeen, kirolaren eta gizonezkoen eboluzioa ikustea besterik ez dago, gure bidea nolakoa izan den jakiteko. Emakumeak askoz gutxiago gara, guk gure arazoak eta geure istorioak ditugu. Batzuen aldetik errespetua izan dugu, baina beste batzuen aldetik beti entzun behar izan ditugu “hori emakume batek egin badu, seguru ez dela horrela!” eta horrelako gauzak. Baina gero badakite emakumeek erresistentzia eta gaitasuna ditugula gauzak lortzeko garaian, eta hori bakoitzak ikusten du nola baloratu. Nik uste dut detaile asko izan ditugula neskok gauzak egitean, eta horrek ere lagundu digu bidea egitean.

Eskalada asko aldatu dela ere esan duzu. Zertan?

Orain tradizio handiagoko kirola da, hamarkada bat aurreratu da. Orain askoz kirol profesionalagoa da.

Jasotzen dituzuen laguntzetan ere nabari al da eboluzio hori?

Orain 10 urte, guk ez genekien ezer. Nik Boreal topatu nuen babesle bezala, neuk topatu behar izan nuen, ez nuen beste laguntzarik. Gero markaren batek edo bestek deitu zidan, eta egundoko poza hartu nuen. Espainiako Txapelketa lehen aldiz irabazi nuenean deitu zidaten, eta hori baloratu egin behar da. Orain dena eskura dago, zerbait egiten duzu eta gauza asko lor ditzakezu hortik. Gure garaian bizitza zeuk atera behar zenuen, ez zeneukan materiala-eta erosi eta kito, ez zegoen beste bueltarik.

Zuri zer aldatu zaizu lehen aldiz txapelketa batera aurkeztu zinenetik hona?

Niretzat nire lehenengo Munduko Kopara joatea egundokoa izan zen. Motibazio handia nuen eta oso esperientzia polita izan zen. Dena ematea nahi nuen. Han beste kirolari batzuk nola berotzen zinen ikustea, isolamendura sartzea, besteak nola entrenatuta dauden ikustea, bakoitzak gauzak egiteko dituen erak ikustea... hori dena hartzen nuen kontuan. Ni lehenengo unetik ikasten hasi nintzen.

Eta txapelketa gustatu egin zitzaizun.

Txapelketen mundua ere ezagutu nuen, dena berria zen, dena ezezaguna, eta gu han geunden egundoko motibazioarekin, mundua jan nahian. Ederra da hori. Lehenego txapelketa haietatik etxera etorri eta gradu erdi bat gehiago eskalatzen nuen. Egundoko indarra ematen zidaten lehiaketek.

Orain arte txapelketaz txapelketa ibili zara, lehian. Bizitzan ere horrelakoa al zara?

Helburuaren arabera jokatzen duzu, jokatzen duzun bezala. Nirea ez da eskalada bakarrik, beste mila kontu gustatzen zaizkit: masajearen mundua, terapiena, landareak, medikuntza txinarra... Baina nire oinarria eskalada da eta hor inguruan mugitzen naiz.

Zein izan da zure ibilbideko lorpenik politena?

Dena izan da polita niretzat. Baina profesionalki gehien bete nauen proiektua Naranjokoa izan da. Oinak Izarretan programarako Naranjon grabatu genuen dokumentala izan da nire ibilbide profesionaleko gauzarik politenetako bat. Hamar egunean egin genuen lan han, eta oso polita izan zen guztia; dena ondo irten zelako izango da, igual. Gero, lortu ditudan gauza guztiak izan dira politak. Harkaitzean egin ditudan bide batzuk egin eta behera jaitsitakoan negar egin izan dut, amestutako gauza izan delako.