Anastasio Esnaolaren azken hatsa

Ihintza Agirretxe

Anastasio Esnaola ekainean hil zen, eta orain ‘Barrua huste aldera’ liburuan haren azken 30 urteetako poemak bildu dituzte

  (Enekoitz Esnaola)

Azpeitiarra jaiotzez, zarauztarra bizitzez, fraide frantziskotarra bizieraz: irakaslea lanbidez eta idazlea bihotz-bidez...”. Horrela deskribatzen du Paulo Agirrebaltzategik Anastasio Esnaola. Barrua huste aldera euskarazko poema liburua argitaratu du Arantzazuko Editorialak, Esnaolaren azken 30 urteetako poemak bilduz. Ekainean hil zen fraidea, 73 urte zituela, liburua argitaratu aurretik.

Agirrebaltzategi, Esnaolaren laguna eta liburuaren editorea izan da “Maitagarria eta leiala zen. Eta langilea”.Agirrebaltzategik berak azaldu bezala, “pena da” Anastasio Esnaolak liburua argitaratua ezin ikusi izana. Izan ere, liburua inprentarako prestatuta zela ustekabean hil zen Esnaola.

Nahiz eta beste zenbait lan argitaratuak izan —Ramón María Valle Inclánen Buhame-argiak euskarara itzuli zuen—, liburu hau argitaratzeak “ilusioa” egiten zion. “Operatuta egon zen hura eta behin bisitara joan eta ilusio handiz ikusi nuen. Gero, beste behin, Zarautzera joan nintzaion bisitan eta liburuaren sarrerarako neuk idatzitakoa eman nion irakur zezan. Orduan ere gustura ikusi nuen, eta asko eskertu zidan egindako lana”.

Bizitza. Esnaola irakaslea izan zen Zarautzen Frantziskotarretan (Zarautzen 47 urte egin zituen bizitzen; Azpeititik kanpo 60 urte zeramatzan) eta denbora librean beti idatzi izan zuen. “Poema batzuk argitaratu ditugu, baina Anastasiok gure esku askoz gauza gehiago utzi zituen. Liburuan dauden baino askoz poema gehiago eman zizkigun. Poemez gain, antzerkiak, saiakerak, bertsoak... ere idatzi zituen”. Hasieran bertsoez eta poemez osatu nahi zuten liburua baina, gehiegi luzatuko zela-eta, azkenean poemak baino ez dituzte argitaratu.

Poema

Hitz berriak ikasten
Ez gara geu bilduma (1975).
Donostiatik Azpeitiara
nentorren trenez;
aurrez aurre
nituen bi emazte,
berriketan
azkar
erderaz zegiten.
Erdi lotan nonbait
nintzela
zerbait galdetu zeutaten.
Nola?
Ez dut konprenitu
erantzun nien.
Konprenitu ez da
esaten, ulertu baizik
erantzun zidaten.
Eta erdaldun zirela
uste nuen
berriketan erdaraz
ari zirelaz gero.