"Euskara biziko bada, biziko da Interneten, etxean eta kalean"

Ihintza Agirretxe

Luistxo Fernandez, Eibarren, CodeSyntax bere enpresan.  (Luistxo Fernandezek utzia)
  (Luistxo Fernandezek utzia)

Luistxo Fernandez eibartarrak azaroaren 8an Internet eta euskara lelopean hitzaldia emango du, Uztarria Kultur Koordinakundeak antolatuta. Internetez, euskaraz...; denaz hitz egingo du Fernandezek.

Aspaldi hasia zara zu Internet munduan. Asko aldatu al da urte hauetan sarea?

Orain dela 10 bat urte hasi nintzen saltsa hauetan eta orduan gutxi batzuen kontua zen. Teknologiarekin mirestuta geunden lau txororen kontua zen Euskal Herrian, baina gaur egun kristo guztiak erabiltzen du sarea. Ordenagailu batekin lan egitera edo aisialdiko denbora pixka bat pasatzera ohituta dagoen edonork bai, behintzat. Dagoeneko ez da Ameriketako kontua edo gauza teknologikoki oso aurreratu bat, gure bizitzan dago. Funtsean, arima bera da orain dela 10 urte eta orain. Irterneten denok bihurtzen gara igorle eta ez bakarrik hartzaile. Eta orain dela 10 urte ere ikus zitekeen komunikatzeko era berri bat zela, eta berritasun hori da orain ere funtsa.

Web 2.0 behin eta berriro aditzen da. Zer da hori?

Etiketa bat da; berba fetitxe bat. Beharbada aplikazio batzuk iritsi dira eta Interneteko erabilera hedapen horretatik heldutasun batera iritsi da. Orain arte erakusleiho plano samarrak ziren; Interneteko presentzia horrelakoa izan da neurri handi batean. Orain konturatu da jendearen parte-hartzea oso garrantzitsua dela. Promesa hori hasieratik hor zegoen, denok izan gintezkeela informazio emaile, baina orain tresnak eta moduak ari dira sortzen, benetan gu denon ekarpenak batzeko eta trinkotzeko. Sarearen erabilera eta eduki aberastasuna indartzera datoz. Estadio berri bati deitzeko modu bat da, eta ez du esan nahi erradikalki gauza berri bat denik.

Bideoak, webgune sozialak, blogak... modan daude.

Formatu horiek dira jendearen produkzioaren zerikusia dutenak. Eta horri deitzen zaio Web 2.0.

Euskarak eta euskaldunok zer leku izan behar dugu sarean?

Kalean dugun leku bera. XXI. mende honetan hizkuntza bat biziko bada, biziko da kalean, biziko da familian eta biziko da Interneten. Honezkero, Internet komunikatzeko bide bat da. Euskarak iraungo badu beste 100 urte, Interneten iraungo du; dena lotuta dago.

Informazio lokalak, Interneten sare erraldoi horretan, zer tarte dauka?

Horretaz ere hitz egin nahi dut hitzaldian. Hori, Internetera datorren uhin handia da. Ea surfeko taula bat hartu eta ondo asmatzen dugun uhin horretan ibiltzen edo tsunami batek bezala aurretik eramaten gaituzten. Internet lokalera dator; Googlen Urolara dator bere bulegoa irekitzera, nolabait esateko. Informazioa eta bilaketa lokalaren monopolioa euskaldun tristeon eskuetatik kanpo egoteko arriskua dago, kanpoko erraldoi horien esku, eta ez dakit konturatzen ari garen. Hor adi egon behar dugu eta estrategiak prestatzen eta saiatzen hasi behar dugu. Ez dakit asmatuko dugun, baina behintzat, saiatu egin behar dugu uhin handi horri aurre egiten.

Zein dira sarean topa daitezkeen euskarazko eta kalitateko produktuak?

Uztarria.com-i txalo, jakina. Orain dela gutxi egin dituzue erabilpen estatistikak publiko eta mila azpeitiarretik gora sartzen dira egunero webgunea ikustera, eta egundoko zabalpen maila iruditzen zait hori. Azpeitia guztiak segitzen du uztarria.com, edo hori ematen du, behintzat; bulegoan, pantaila baten aurrean lan egiten duten guztiak sartzen dira webgunera. Hori ere sintomatikoa da, astegunetan konektatzen gara Internetera. Nik uste uztarria.com-ek lortu duen zabalpena ez duela lortu, ez euskaraz eta ez gazteleraz, Euskal Herriko beste inongo proiektuk. Eta hori nabarmentzeko modukoa da, eta zuek harro egoteko modukoa ere bai.

Anonimoak, askatasuna, iritzi-trukeak, lotsa... eta uztarria. com-ek erregistroa. Zer diozu iritzia emateko erregistratu beharraz?

Agerian joateak eztabaida baten kalitatea asko handitzen du. Estiloa eta, oro har, errespetuak elkarrizketa baten kalitatean asko laguntzen du. Uztarrian neurri hori hartzea? Zuek jakingo duzue zergatik hartu duzuen, baina nik uste eskarmentua baduzuela Interneten eta esperientziatik abiatuta aurrera begira urrats positibo bezala ikusi behar duzue. Eta nik uste jendeak onerako dela igarriko duela.