Hitz batean, komunikatzailea

Enekoitz Esnaola (Zarautz)

Bertsolaria, kazetaria, euskaltzalea, kantaria... Hitz batean, zer da Euzkitze? Komunikatzailea dela dio. Eta nongoa? "Nazionalitateko bikoitzekoa…"

Euzkitze, Zarautzen, bere etxe atarian, urriaren erdialdean egindako elkarrizketan.   (Enekoitz Esnaola)
Euzkitze, kantari telebistan.  
  (Ihintza Agirretxe)
1999an, Klaudio Landarekin, EITB1en 'Sorginen laratza' saioan. 

BERTSOLARITZA

Orain dela 8 urte utzi zenion bertso plazei. Nola gogoratzen duzu eguna? Goizean jaiki eta erabakita al zenuen?

Ez. Gainera, ondorenerako saio batzuk hartuta nituen, zortzi-hamar bat.

Beraz, noiz hartu zenuen erabakia? Nola?

Nik banekien bazetorrela une hori, gero eta deserosoagoa sentitzen nintzelako eta sentsazioak ez zirelako atseginak.

Zergatik?

.15 urte lehenago, adibidez, desiratzen egoten nintzen ea nork deituko saio baterako. Eta halako tokira joan behar nuenean, goizean goizetik ilusioa izaten nuen, iritsi eta bertsolari artean egon, ahal zen ondoen kantatu, egindako lanari buelta batzuk eman bueltan…

Bertso eskolak ere ematen zenituen.

Askotan. Orain dela bi hilabete pilota partidak ematen Lapuebla de Labarcan egon nintzen eta gazte asko etorri zitzaidan, "zu gure maisu izan zinen" esanez. Arabako bederatzi ikastolatan ibili nintzen: Gasteizen, Kanpezun, Oionen…

Azkoitian ere bai, lagunei ematen klaseak.

Neure kuadrilan badira oso zaleak direnak. Zaleena, Ruben Gabilondo. Ikusten nuen, oinarri pixka bat izanez gero, asko hobetzeko aukera zutela eta halaxe hasi nintzen. Zapatu goizetan. Polita izan zen. Baina uztarik ez zuen eman…

Denarekin "bale" esan nuen arte...

Denok dugu ego puntu bat, batzuek puntu eta koma ere bai, eta denoi gustatzen zaigu estimatuak sentitzea, eta neuk ere, duela 8 urte, herri batetik deitzen zidatenean poz hartzen nuen, baina unea iristen zenean… Ikasle garaian igandeetako sentsazioa izaten nuen bertsotarako abiatu behar nuenean eta hori ez zen posible. Eskolara derrigorrean joaten nintzen eta piper gehiago ez nuen egiten, gurasoengatik, eta piper egiteko sentsazioarekin bertsotan ibiltzea ez zen posible. Bertsotara gosearekin joan behar da eta ni, "bukatuta balego!" esanez joaten nintzen. Neure egoera pertsonalak ere izango zuen eraginik, bereizketa prozesuan sartuta nengoelako.

Eta igo zinen Soraluzen egun hartan oholtzara eta?

Han beti oso gustura kantatu izan nuen, estimatzen nindutelako, nik ere bai haiek, eta pentsatu nuen: "Ez duk leku txarra". Euskadi Irratiko Nikolas Aldai zegoen han grabatzen. Aldaik-eta presaren arabera igual ez zituzten grabatzen azkeneko agurrak, eta esan nion saio erdian, beregana joanda: "Hi, Nikolas, gaur agurrak grabaitzak, badaezpada". Orduantxe ikusi nuen huraxe zela unea. Inork ez zekien ezer, orduantxe erabaki nuelako.

Bota zenuen, eta?

Eskailerak jaisten ari ginela, Andoni Egańak esan zidan: "Hau tenporala duk". Nik: "Bai, ekaitza". Ez, ekaitza ere ez zen; gehiegizko barealdia, izatekotan.

Erabaki ona izan al zen?

Bai, zuzena. Une batean ere ez dut haren damurik izan. Gero eta gehiago akordatzen naiz, gero eta gehiagotan izaten dut bolada hartan izandakoaren mira hura, baina utzi izanaz damurik ez dut batere-batere.

Baina ez duzu esan itzuliko ez zarenik.

Ez, baina ez da litekeena bueltatzea. Beroaldiak, ordea, izaten dira eta...

Izan ere, kantatu, kantatzen duzu.

Bai, azkena San Miguel egunean, irailaren 29an. Zumaian, San Miguel Artadin. Lehen, urte askoan jardun izan dut han, maiz Lazkao Txikirekin. Azkeneko aldiz bizirik hantxe ikusi nuen, gainera, hura. Elkarrekin harreman gorabeheratsua izan eta gero, azkeneko aldian besarkada bat emanda agurtu ginen; ematen zuen bagenekiela gehiago ez genuela elkar ikusiko. Hura hil zenean, Joxe Agirrerekin urte asko egin nituen, baina erretiratu nintzenean denera joateari utzi nion eta kito.

Baina buelta berriro San Miguel Artadira.

Gu oso-oso hangoak izan gara, ume-umetatik han ibili izan garelako, aitaren aldeko denekin. Udaran, igande denetan, lehenago Santiagoko hondartzara, eta bazkaltzera San Miguel Artadira. Horrez aparte, bertakoekin harreman ona izan dut bertso kontuan. Erretiratuta 4-5 urte neramatzala, esan zidaten lehen festa antolatzen zuenak, Joxe ‘Potxolo’ izeneko batek, ez zuela ni hara berriz ere eraman arteko onik, bera falta zela —hilik zegoen dagoeneko— baina ea joango al nintzen berriro kantatzera.

Ezin ezetzik esan?

Ez, baina bi baldintza jarri nizkien: berriz ere Joxe Agirrerekin kantatzea eta inon ez azaltzea kantatuko nuenik. Behin ‘Hitzetik hortzera’-koak joan ziren, batere abisatu gabe. Nik esan nien nahiago nuela ez balute grabatuko. Ez zuten grabatu.

Zer moduz azkenekoan?

Ikaragarri gustura. Erraz, oso erraz. Gainera, Agirrek eta biok beti elkar ondo hartu izan dugu, elkar maite dugu eta bertsotan erraz egiten dugu elkarrekin. Beti esan izan da bertsotan bi jotzailek ez dutela elkar ondo hartzen, batek bidea ireki behar duelako, besteak segitu eta egurra eman... Agirre eta neu, ordea, ondo konpontzen gara.

Azpeitian ere kantatu zenuen orain dela pare bat urte Joxe Agirre eta Joxe Lizasorekin bertso afarian?

Oso salbuespena zen, ordea. Ospakizun bat zen eta badakit, gainera, ez dudala hemendik 10 urtera haiekin kantatzerik izango.

Euskal Herriko txapelik ez duzu irabazi. Hori lortu ez izanak zerikusirik izan al zuen erretiratzeko orduan?

Ez, baina ematen dit amorrua, denok dugulako geure ego puntua. Ni beti irabaztera joan izan naiz, ez beti txapela irabaztera baina bai behintzat, pausoa aurrera ematera. Hau da, neukan ahalaren arabera, irabaz nezakeena irabaztera; batzuetan izan zitekeen finalean sartzea. Beste diskurtsoak, txapelketa lagunartekoa dela eta horiek, faltsuak iruditzen zaizkit.

Txapeletik gertu egon izan zara.

Batez ere, 1989an. Jon Lopategik jantzi zuen. Eta pena ematen dit orduan irabazi ez izanak. Egindako lanarekin eta bigarren puntu gehien lortu arren, hirugarren izan nintzen, puntuazio sistema arraro bategatik. Saioa bukatu eta Pastorkura bildu ginen afaltzera. Ordurako denak mahaian jarrita zeuden eta azaldu nintzenerako, egundoko txalo zaparrada jo zidan jendeak. Polita izan zen hura eta asko estimatu nuen; niretzat, igual huraxe izan zen txapela.

Gustura, beraz.

Ikaragarri. Baina etorri zitzaidan Imanol Lazkano eta esan zidan: "Bai, orain gustura egongo haiz, baina etorriko zaik honen mina ere". Arrazoia izan du, txapela esku-eskuan izan gabe ez eskuratzeagatik.

Eta gero Egana hau tokatu.

1989ko finalean ere bazen, baina gero frogatu den bezala, Egańari txapela kentzea ez da erraza.

Segitzen al diozu bolanteari bertsoak botatzen?

Bai, asko-asko. Aner semeari ere bai.

Bertsotako plantak-eta hartuta omen ditu semeak.

Ikustekoa da!: eskuak atzean, hankak zabal-zabal, gora begira. Zalea da oso.

Bertsoak kantatzea eskatzen al dizu?

Bai, eta estutu egiten nau. Harekin ez daukat herdoiltzerik. Bat bukatu orduko, ukalondoarekin bestea eskatzen dit. Egun bat izan zen ikaragarri harrigarria. Alabaren bila Kolonbiara joan ginen, Anerrek eta neuk egun batzuk lehenago bueltatu behar izan genuen eta bidaia beldurgarri luzea zen. Parisko aireportuan, adibidez, zazpi ordu egin behar izan genituen zain, koxenio txarrak genituelako. Mutil kozkorrak hegaldi luzean lo egin zuen, Parisera iritsi eta logurarik ez eta, halako batean, esan zidan: "Aitta, kantaiek zeozer". Biok bazter batean jarrita geunden eta hasi nintzen bertsotan eta beldurgarrizko pila kantatu nuen, ez sinesteko moduko pila eta, halako batean, ez nahi baino lehenago, burua neure magalean jarri eta lo hartu zuen. Egun hartan adina bertso ez dut sekula kantatu; akaso, Arantzan behin, han saioak bukatzen ez zirenak izaten zirelako.

Bertsoak idatzi, idazten al dituzu?

Asko. Oraindik ere astero enkargu bat izaten dut. Urtean 50 bat. Horretan ez naiz jaitsi.

Bestela, ordea?

Ez dut bertsoak idazteko ohiturarik, bestela.

Zutaz idatzi izan da: "Euzkitze albistegi ofizial bateko aurkezlea izan zen, eta gero bertsolari plazetan; jendeak hori ez zuen ezkontzen, eta Xabier erre egin zen".

Arinegi idatzitako gauzak ziren, oinarri handirik gabe.

Baina zuk zerbait sentitzen al zenuen plazetan?

Batik bat, hoztasuna eta bakardadea. Niretzat, bakartasuna oso garrantzitsua da, hori gabe bizitzen ez nukeelako asmatuko, baina bakardadea beste gauza bat da. Eta norberak bilatzen ez duenean eta inguruak pixka bat albora uzten duenean, gogorra egiten da. Nik zenbait unetan, zenbait aldarrikapenetarako edo zenbait salaketetarako, neure burua oso bakarrik sentitu nuen.

Noiz?

Ikaragarri gustatuko zitzaidan egin nituen agerpenen hamarretik bat egin behar izatea; adibidez, Jose Mari Aldaia bahituaren askapena eskatzeko egin zen kontzertu hartan kantatu behar ez izatea. Baina nik esaten nituen gauza haiek bertsotan esango zituen besterik ez zegoen… Nik galdetzen nien, eskaera jasotakoan: "Baina ez al duzue beste inor?! Nik esan behar al dut berriz ere?!". Neure burua behartuta ikusten nuen. Damurik ez dut batere, ekitaldi haietan kantatzeko erabakia neuk hartua nuelako, ondorioak zeure gain hartu behar dituzu eta ez dut batere arazorik.

Ondoriorik izan al zen, ordea?

Publikoa plazan era denetakoa da baina era bateko publikoak askoz indar handiagoa du; askoz ekimen handiagoko jendea da kultur munduan —eta hori meritua da— eta ahalmen handia dute baten bati bizkarra eman nahi badiote.

Zuri bizkarra eman zizuten adibiderik?

Oiartzungoa, esate baterako. Nik han bolada batean urtean sei-zazpi saio egiten nituen, auzoetan-eta. Baina, nire garairik onenetan, hutsera pasatu nintzen. Ez dakit zer gertakarirekin lotu behar dudan. Ez zen Oiartzungo baten mania partikularragatik gertatu. Ez. Kontsigna zegoen, dudarik ez: ‘Euzkitzeri ez deitu’. Beno, saio batean kantatu nuen, kasualitatez: ‘Argia’-ren aldekoa zen, ez genuen kobratzen eta pentsatu nuen joatea. "Nik hauei zer erakutsi behar diet, amorrua? Ez-ez. Natural-natural joango nauk", neure artean. Kantatu nuen, baina beste 3-4 urtean batere ez zidaten deitu. Hori ez dut sekula kontatu baina orain naturaltasun osoz kontatzen dut, distantziarekin askoz hotzago kontatzeko moduan nagoelako; gainera, minik gabe kontatu dut.

Baina gertatutakoa ez duzu ahaztuta.

Ez. Beharbada, pare bat unetan gauzak adierazten ez nuen asmatu, eta hori egia da. Gauzak esaten ere jakin behar da.

Erretiratu eta gero, zerbait egin Oiartzunen?

Begira, 1998an erretiratu nintzen eta hilabete gutxira dei bat izan nuen handik. Esan nien erretiratuta nengoela eta, gainera, 10 bat urtean Oiartzungo dei baten zain egona nintzela, ez nindutela sekula hotsegin eta berandu zebiltzala. Ez nintzen joan. Ondo ulertu zuen deitu zidanak.

.1999a zen. Lizarra-Garazi garaia...

Izan liteke garai horregatik berriro Oiartzundik deitu izana, dagoeneko berriz ere anai-arrebak baikinen...

Denetik bizi izan duzula, alegia.

Bai. Eta bada garai bat gogoratu nahi dudana, publikoki inoiz aitortu ez dudana: nire bertsolari hasieratan Azpeitian izan nuen babesa. 15-16 urte nituela, Azpeitian Joxe Mari Altuna, Jexux Lopetegi, Eduardo ‘Kaminburu’, Nuarbeko Juan Kruz, Azkoitiko Agustin ‘Ibergun’ eta neu biltzen hasi ginen, astean hiru-lau aldiz. Udalak lokala utzi zigun, Sindikatu Zahar gainean. Argindarrik ez zegoen eta kandela-argitan kantatzen genuen, luzaroan. Txapelketa bazetorren, puntuak jartzen zizkidaten haiek, lau oinak gero… Niretzat garrantzitsua izan zen neu baino zaharragoak ziren haien babesa. Aitortu beharra dut.

*****

KAZETARITZA

Bi mila pilota partidatik gora eman dituzu telebistan. Bertsotan ez bezala, hor ez al zara aspertzen?

Ez. Orain dela gutxi, sanmateotan, saturazio handia izan nuen, zortzi eguneko epean bost saio izan eta bost aldiz joan behar izan nuelako Logrońora. Tolosak-eta hori ederki muntatuta dute; andrerik eta umerik ez duen jendeak errazago egiten ditu halako gauzak, han geratzen direlako lehen egunetik azkeneraino. Nik etxera etorri beharra neukan eta ‘Kalaka’ ere aurkeztu beharra nuelako. Errepideak asko erretzen zaitu. Baina gero hamabost egun batere partidarik eman gabe egin nituen, zesta puntako Munduko Txapelketa egon zelako tartean, eta azkenerako luze egin zitzaidan.

Gustura zaudela, alegia, ETBn hor.

Oso. Ikaragarri gustatzen zait pilota. Partidak ematean zu ez zara protagonista, bertsotan bezala. Ez da gauza bera partida kontatzea eta partida jokatzea. Eta lan erraza da, gainera. Burukomin gutxien ematen didan lana da. Joaten zarenerako, teknikariek-eta prestatuta dituzte gauzak…

Garai batean zailagoa zenuen. Anaia buruz buruzko finalean ondoan izan zenuen pilotakadak kontatzen...

Aldatu dira garaiak, bai. Estatistikak neure ‘botileroak’ ematen zizkidan orduan…

40 urte dituzu. 17 urterekin hasi zinen kazetaritza munduan, Euskadi Irratian. Azkoitiar taxista bati esker...

Eduardo taxistari esker. Gure osabaren laguna zen eta gogoko ninduen. Nonbait, ikusten zuen erraztasuna banuela hizketarako eta egun batean esan zidan: "Hi, nik Otermin laguna diat eta haren etxera joan behar diagu bazkaltzera". Zuzendaria zen orduan Joxe Mari Otermin, baina nik ez nekien zertara gindoazen ere. Joan ginen, Donostiara, ari ginen bazkaltzen eta Eduardok: "Hi, Joxe Mari, hau hizketan egokixe duk eta honek egingo likek ba…". Bestea ere geratu zen… Baina handik pare bat hilabetera abisua izan nuen, irratian kiroletarako behar zutela kolaboratzaile bat eta proba egitea joan nahi izanez gero, joateko. Hogei bat lagun bildu ginen, proba bat egin ziguten, ez nuen itxaropen handirik, eta neu hartu. Hala hasi nintzen. Denetik egin nuen pixka bat: pilota, futbola, aizkora, arrauna… Eskola ona da.

23 urtean zabiltza komunikabideetan. Telebistan ia denetan. Beti aurkezle?

Hasiera aldean, albistegietara pasatu nintzenean, ibili nintzen bideoak-eta egiten, erredaktore lanak egiten. Baina bestela bai, ia beti aurpegia ematen, ia 20 urtean.

Dantzan egitera iritsi zara...

Horri dantza hotsegin behar badiogu... Xapre baino soinujole hobeak ia denak dira Euskal Herrian, hori berak ere badaki, baina esaten du: "Hi, nik elizan jo behar baldin badut, zintzo aurpegia jartzen diat. Eta mozkor kuadrilarekin kalean ibili behar baldin badut, haien erara ibiltzen nauk". Azkenean, profesionaltasunak eta zeure ofizioak horretara eramaten zaitu. Nik gaueko ‘show’ ganberro bat aurkeztu behar nuen eta dantza egitea tokatzen zen, zeure gustu, aurreiritzi eta aurrebaldintzak alde batera utzita.

Lasai, ETBn behintzat, ez dago dantza lehiaketarik...

Lehen egon zen: ‘Dantzaki’. Baina aste hartan okupatuta nengoen…

Zure belarritakoa ospetsu egin zen. Negoziazioetan ibili zinen ETBko zuzendaritzarekin.

Nik belarritakoa, gure kuadrilako Xabier Zabaleren kontra palaz galdutako apustu baten ondorioz jarri nuen. Galtzaileak, belarritakoa jarri behar. Neuk jartzeko kapritxoa nuen eta ez dakit horregatik galdu nuen partida… Bertso munduan lurrikara sortu zuen. Jarri eta lehen saioa Mutrikun izan nuen eta Lazkao Txikik goitik behera modu bitxian begiratu zidan, ea zer neukan. Orain, berriz, txorakeria mortala dirudi belarritakoa izateak.

Baina telebistaz ari ginen.

ETB1en albistegia aurkeztea eskaini zidaten, "baina belarritakoa kendu egin beharko duzu". Telebistan Jorge Cerratok eta Andoni Basabek aurkezten zuten zerbait, haiek ere bazuten belarritakoa, baina makillajeko gelan uzten zuten tokatzen zitzaienean. Nik, berriz, esan nuen bertsotan ere ibiltzen nuela belarritakoa eta nire nortasunaren zati bat zela. Kentzeko, haiek. Ezetz, nik. Negoziatzen ibili ginen, eta orduan haien ustez neraman belarritako "eskandoloso" baten partez, diskretoago bat jartzen utzi zidaten.

Zu albistegietan aurkezle zinela, xingola urdinaren garaia izan zen. Zilegi al zen aurkezleek hura jartzea?

Gehienek jarri zuten. Nik ez jartzea erabaki nuen.

ETBn, lazoa jartzeko kontsignarik egon al zen, ordea?

Ez. Niri behintzat, ez zitzaidan iritsi.

Zuk zergatik ez zenuen jarri?

Hura eragin zuen aldarrikapenarekin erabat ados nengoen —Aldaia bahituta zuten garaia zen; inolako bekaturik eta okerrik egin gabe zegoen bahituta, epaiketarik jaso gabe, eta gaur egun presoek duten egoera baino askoz ere latzagoan zegoen—. Baina beste gauza bat da aldarrikapenak albistegietara eramatea eta, nahiz eta giza eskubideen alde izan, gero beste konnotazio batzuk sartzen dira. Orduan aldarrikapen hura mundu jakin batek bereganatu egin zuen, deskafeinatu egin zen aldarrikapena.

Garai gogorrak ziren haiek, baina zuk aurkezle modura traturik txarrena, bertsolariekin pasatu duzu, ezta? Sorginen laratza-n, Andoni Egana eta Maialen Lujanbiorekin.

Bai, niretzat oso une deserosoa izan zen. Haientzat ere bai. Hura ez zen ‘Sorginen laratza’-ren lehen saioa, ordurako 300 bat eginda geundelako, eta ni gonbidatzen banaute nonbaitetik, baiezkoa ematen badut, badakit zer dudan han, zer formatokoa den.

Bertsolari izateak lagunduko dizu aurkezle izateko, inprobisazioagatik. Pasadizorik?

Gogorrena eta lanik zailena, irratiko une bat. Orain dela urte asko, Euskadi Irratian nenbilela, Tolosara joan nintzen, Beotibar frontoira. Maiz-eta ziren pilotan, txapelketako partidan. Halako batean, argia joan egin zen. Irratian emititzen segitzeko modua genuen eta estudioetara joko genuela esan nuen, musika pixka bat entzuteko. Baina ez dakit zer pasatu zen, musikarik ez zela sartzen eta ni, zuzenean, gauzak kontatzen. Segi hizketan, segi hizketan, neuk apuntatutako daturik ezin nuen leitu ilunpe hartan, eta aldameneko kazetariak-eta han ikusten nituen —Karmelo Otaegi tartean zen—, "zer ari haiz, moteil?" galdezka. Zertan ariko nintzen ba?! Zuzenean irratian. Neu baino ez. Puskatera neuk: "Oraingoan bai, musika pixka bat entzungo dugu". Eta orduan ere huts! Non ote zegoen estudioetan teknikaria? Segi hizketan, beraz. Hiru ordu laurden egin nituen berriketan, isildu ere egin gabe, zer esanik gabe. Halako batean sartu zuen musika. Hilko nuen!

Egun hartako audientzia daturik?

Ez, ez dago...

Beste pasadizorik?

Behin Ameriketako Estatu Batuetako bat etorri zitzaigun, telebista munduan maisutzat hartuta zegoen bat, eta esan zigun: "Albistegia hasteko unean hiru bideo baino gehiago falta baldin badira, hirugarren munduko albistegia da hori". Barrez hasi ginen gu. Askotan, ez hiru bideo falta zirela, hiru genituela hasten ginelako. Hor ere behar du aurkezleak inprobisazioa batzuetan.

Adibidez, noiz?

Hasi genuen albistegia, nahasketa mahaia hondatu egin zen eta bideorik ez zen sartzen. Albistegian zazpi minutu egin genituen batere bideorik gabe. Informazioa ere neurri-neurrian genuela. Neu aurkezten, eta artezlea segitzeko esaten keinuka. Izerdi askorik ez dut botatzen neuk baina orduan patsetan nengoen. Betitik kritikorik zorrotzena ama izan dut eta, albistegia bukatu zenean, tonto plantan hotsegin nion, beste gauza bat galdetzeko bezala, eta amak: "Xabier, gaur albistegian zeozer pasatu al da?". "Zer ba?", nik. "Ez dakit —amak—, zeozer desberdina izan da, baina oso natural".

Jarraitu kontatzen.

ETB1en gauez hirugarren albistegia aurkezten genuen neska batek eta neuk —ez dut esango zein zen neska—, eta hasi aurretik, Valium bat hartzen zuen. Ni, berriz, txistua jotzen, lasai. Neskak azkenerako utzi egin zion.

Orain Wazemank-en hasi zara...

Arrakasta handiarekin, gainera...

Kontatu behar duzu Zubietakoa.

Orain dela lau hilabete Zubietara joan nintzen, Realaren denboraldi-aurreko lehen entrenamendua ikustera, Aner semearekin, Garazi alabarekin eta bi sahararrekin. Harmailetan eseri ginen eta, halako batean, mutil kozkor bat etorri zitzaidan, autografoa eskatzera. Ondoren, segidan ume pila bat, ehundik gora bai; ez ilaran jarrita, guztiak gainera. Egundoko izerdiak atera nituen; bero egiten zuen. Sinatu eta sinatu. Baina pentsatzen nuen: "Hauek denek ez naitek ba ezagutuko?". Izan ere, telebistan gaueko lanetan ibili izan naiz, umeentzat ez dira orduak, eta denak ere ez ziren euskaldunak izango, baina badakigu zer izaten den umea eta... Hala, behintzat, neska bati sinatu nion eta neska hark aldamenekoari: "Hau, zein da ba?". Besteak, harrituta bezala: "Ez al duzu ezagutzen? ‘Wazemank’-ekoa". Eta sinatzen segitu nuen…

Paper ona egiten du Anjel Alkainek zutaz.

Oraindik harrigarriagoa izan zen orain dela urtebetekoa. 50-55 urteko emakume bat etorri zitzaidan eta serio-serio esan zidan: "Zer jartzen dizue buruan?". ‘Wazemank’-en ni imitatzeko, Alkaini neure ilekera zeratzeko plastikozko peluka antzeko bat jartzen diote, baina emakume hark pentsatzen zuen ‘Wazemank’-eko Euzkitze ni neu naizela eta ez Alkain paperean sartuta. Alkaini esan nion, hainbeste zuku ateratzen digutela-eta, gutxienez Tolosari eta neuri afari bat ordaintzeko. Afari bat egitekotan gara.

*****

EUSKARA

Aner semeak 5 urte ditu eta hika egiten dizu.

Neuk geure aitona Guillermori gauza bera egiten nion. Akordatu egiten naiz horrekin. Amona Elvirari ez zitzaion batere gustatzen hori eta gozo-gozo esaten zidan: "Xabier, aittitteri ‘zu’ esan behar zaio, ‘hi’ esatea oso zatarra da". Aitonak: "Hik ez egin kasorik, hik niri ‘hi’ esan", eta barregura ematen zion. Anerri jendeak esaten dio: "Aitari hika egiten al diozu?". Bera ohartu egiten da hor badagoela zerbait ezohikoa-edo, eta: "Bai, barregura ematen diolako".

Ez da ohikoa, ez.

Hitanoa naturaltasunez eta egokitasunez erabiltzen den lekuan badakit mutil kozkorrak aitari zuka egitea dela normalena, baina uste dut gure mutilak hika ondo egiten ikasi behar duela, eta horregatik egin izan diot betitik hika. Gainera, orain ondo egiten ikasteko ez du beste eredurik, lagunek ere ‘zu’ esaten diotelako. Ederki egiten du hika Anerrek. Neuk hitanoari balore handia ematen diot, eta Tolosarekin ETBn hala egiten dut, ETBko euskara arduradunek zalantzak eta desadostasunak agertu izan arren.

Alaba txikiari nola?

Hika, noka. Eta Aner ohartzen da eta nahastuta egiten dio, baina hika egiten dionean, oso egoki egiten dio noka, ez toka.

Azpeitian bertan mutil askok neskei toka hitz egiten diete...

Galtzen ari da hori, erabat. Errezilen bertan ere aditzen dut neuk halakorik, anaiak arrebari, "hik, zer nahi dek?", eta ematen dit atzerakada bat… Nahiago zuka aditzea, astakeri hori aditzea baino. Gaizki dagoen kontzientzia ere galtzen ari da jendea.

EITBn zer euskara maila dago?

Oso kezkatuta nago ETBko mailarekin eta, bereziki, Euskadi Irratikoarekin. Gehienbat, ez dagoelako oinarririk eta planifikaziorik. Nik orain arte uste izan dut Euskadi Irratiko esatariak Euskal Telebistakoak baino oinarri hobea zuela, baina pixkanaka uste hori okertzen ari zait. ETBn baditugu euskara arduradunak, berandu jarrita, baina baditugu. Eta testu denak gainbegiratzen dituzte. Oinarriak ere jartzen dituzte. Esate baterako, aspaldi esan ziguten ‘darrai’ ez dela existitzen eta neu, harrituta, Lizardiren letra bat etorri zitzaidalako, baina ez bada existitzen, ez da existitzen. Baina Euskadi Irratian oraindik askotan eta askotan aditzen dut ‘darrai’. Hori ez da esatariaren akatsa bakarrik, plangintzarik-eta ez duen irratiaren akatsa ere bada hori.

Fijatu zalea al zara?

Zenbat urtean ote dago iragarki hau Euskadi Irratian? "Bastida Tximiniak. Azpeitiako Landetan". Gaizki deklinatuta dago! ‘Azpeitiko’ da! Orain, berriz, esaten dute: "Abea Altzariak, Azpeitin". ‘Azpeitin’! Inoren eskuetatik ez al da pasatzen hori?

Makina batek esaten dute Azpeitian Azpeitin.

Eta lehen denek ondo esaten zuten. Eta euskarazko irrati publiko bakarrean hori ez da onartzekoa. Edo zuk entzuten baduzu egunero: "Bost minutu pasatzen dira eguerdiko ordubatetik". Euskarazko hitzekin baina espainola da hori. Hori ez da euskara. Eta zenbat aldiz Euskadi Irratian bertan: "Noski baietz". Jakina, gero jendeak pentsatuko du ondo dagoela. Kazetari bakoitzak badu erantzukizuna, baina Euskadi Irratian dagoen irizpide eta plangintza falta oso larria da.

ETB1ek zuzendari propioa behar duela esana duzu.

Horretan segitzen dut. Ni ez naiz ETBko zuzendaritzaren bileratan egoten, ez dudalako sekula izan kargurik, eta pentsatzekoa da bi kateen oreka zaintzen ariko direla, baina uste dut ETBn batek egon behar duela ETB2 axola izango ez zaiona eta adarrak hautsiko dituela behin eta berriro ETB1eko programazio hobearen, orekatuaren bila. Baita ETB1eko programei ETBn bertan kontra-programaziorik txikiena egitearen alde egingo duena ere. Pentsa, guri orain, ‘Kalaka’-ri, euskaraz ostegun gauetan egiten den eztabaida saioari, egun eta ordu berean ETB2ko saiorik arrakastatsuena jartzen digute: ‘Vaya semanita’.

Gai ikusiko al zinateke ETB1eko zuzendari?

Ez, nik ez dut balio zuzendari izateko edota taldeko buru izateko. Baina norbait behar da.

ETB2k zentzurik ba al du?

Berez, baduela uste dut. Hiru milioi euskal herritarretatik %25-30 gara euskaldunak eta besteek badute eskubidea telebistaz ere, dena kanpotik datorren informazioaren menpe egon beharrean, bertako ikuspegitik emanda jasotzeko. Beste kontu bat da ETB2k zer eragin daukan ETB1en.

Euskararen mailara etorrita berriro, txikitan amarekin ariketak egiten zenituen.

Neuk ez dut bertso mundua ezagutu etxean baina ume-umetatik bertso bat dakit, aitak erakutsitakoa. ‘Gure aitak bazeukak eztaitako txahala / hiru urtera ziak hura jaio zala / ez zeukak mamirikan, hezurra ta azala / Aita San Antoniok gizendu dezala’. Zergatik erakutsi zidan? Ez dakit. Baina igual bertso hazia erein zidan aitak, askorik akordatu gabe. Baina, inolako zalantzarik gabe, izan dudan maisu-maistrarik onena, ama izan da. Zer eratan? Ni mutil kozkorra nintzela, nolabait esanda euskara baturik ez zegoen artean, baina gure amak bazeukan euskara batuaren beharraren kontzientzia. 4-5 urte neuzkala, esaten zidan: "Beno, Xabier, orain pentsatuko al degu ni zure ama izan beharrean, Tolosako izeba naizela? Eta orduan biok saiatu behar degu Tolosan bezela hitz egiten", Tolosaldekoa delakoan euskararik garbiena. Han jarduten nuen amarekin Azpeitian-eta baino makalago hitz egiten, hitzak gutxiago jaten, ahoskera garbiagoan… Uste dut ariketa haiek markatu izan nautela eta oinarri sendoa jarri zidatela.

ETBn ateratzen al dituzu lankideekin gai horiek?

Orain dela aste batzuk ETBko kazetari batekin eztabaida sutsua izan nuen. Esaten zidan Xabier Usabiagaren eta neure euskara, "artifizialak" direla, esaldiak osoegi esateagatik-eta. Adibidez, esaten zuen anti-naturala dela ‘gustatzen zatzaizkit’ esatea. Nik esaten nion: "Zu euskara batua baino gazteagoa zara eta nola arraio liteke euskara batua oraindik artifizialtzat hartzea? Euskara batuari erabilpen naturala ematen ez dakienarena da, izatekotan, artifizialtasuna". Usabiaga batek hizketan daukan naturaltasuna, freskotasuna, Asteasuko esamolderik naturalen erabilpena... hori artifiziala? Euskara batua modu naturalean erabili behar da.

Motibatzen zaituen gaia da.

Asko. Sutu egiten nau gai horrek batzuetan. Euskara batua da gure garaian ezagutu dugun inbentorik onena. 1988an 22 urtez beheko Munduko Pilota Txapelketan, Miarritzen partida bat eman nuen ETBrako. Bikote batean: Frantziako selekzioaren izenean, bi lapurtar. Bestean: Ameriketako Estatu Batuetako selekzioaren izenean, hango bi. Partida bukatu zen eta galtzaileak elkarrizketatu behar izan genituen, irabazleek euskaraz ez zekitelako. Estatubatuarrak izan ziren galtzaileak, euskaraz zekitenak. Euskaldunak errotik, zoragarri egiten zuten, euskara garbi-garbian. Gurean orduan elkarrizketak bizkaitar kazetari batek egiten zituen, esatari ona bera, baina bizkaiera hutsean egiten zuen. Joan zen estatubatuar haiengana eta, "zelan urten dotsue partiduek?", eta besteek batere ez ulertu. Eta berriro gauza bera eta ni nengoen... Haiek erabat larri eta niri begiratzen zidaten. Nola-hala erantzuten zuten baina elkarrizketa izan zen... Euskaraz zoragarri egiten zuen kazetariak, euskaraz zoragarri egiten zuten pilotariei elkarrizketa frustrantea egin zien. Pentsatu nuen: "Zertarako da euskara batua? Honetarako!". Penagarria, bai, hura.

Eta ETB1en gazteleraz egitea elkarrizketak? Zeuk egiten dituzu. Zer dago, agindu bat?

Bai, hala dago orain. Ez denerako. Aurrez beste zuzendaritza batzuk egon dira eta bakoitzak bere arauak jarri izan ditu. ‘Kalaka’-n geuk gaur egun elkarrizketa bikoiztu beharra izaten dugu, maiz indarra galdu arren bikoizketagatik. Agindu hori dugu: ETB1en den-dena itzuli beharra dago. Baina ez kiroletan, hor zuzeneko emanaldietan aukera dugulako irabazleei elkarrizketa gazteleraz egiteko. Gertatzen da batzuetan galtzaileari egiten zaion elkarrizketak indar handiagoa duela, albistea delako hura izatea galtzailea. Eta besteetan gertatzen da partida igual motza izan dela eta zuk programa bete beharra duzula, eta derrigortuta zaude bigarren elkarrizketa egitera eta, gainera, komeniko litzatekeena baino luzeagoa. Beharbada, zuzen jokatuta, gazteleraz esan duten hori euskarara itzuli egin beharko nuke.

Besteak beste, ia ipar euskal herritar euskaldun den-denek ez dutelako gaztelera ulertzen.

Haientzat baliagarri litzateke. Beste ia denentzat erabat absurdoa, ulertzen dutelako.

Eta nola sentitzen zara kasu horietan?

Eroso ez. Kontraesankorra da, gainera, beste garai batzuekin alderatuta. Izan ere, garai batean egon ginen Titin elkarrizketatu ezinda, eta pilotariek esaten ziguten: "Oye, he ganado y no me entrevistas". Agindu hori genuen-eta. Orain beste bat. Onartzen dut, beraz, kontraesankorra dela, eta kritikagarria ere bai.

*****

KANTAGINTZA

2000an diskoa atera zenuen: Argitzaletan. Aurrena. Ez du jarraipenik izan.

Nik orduan bat atera nahi nuen, ez gehiago.

Baina disketxeak beste bi ateratzeko klausula sinatuarazi nahi zizun, ezta?

Bai. Baina nik ez nuen nahi besterik ateratzerik kontratuak hala ziolako eta ez nuen sinatu. Nik bigarrena ateratzeko gogoa, nahia, borondatea, perspektiba egokiak eta proiektu txukuna baldin baditut, bilatuko dut hori argitaratzeko aukera emango didan disketxe bat. Eta ez baldin badago, zer egingo dugu ba? Beste proiektu batzuk geratu izan zaizkit bidean.

Zenbat disko saldu zenituen?

Pare bat mila. Durangoko Azokan, lau egunean mila.

Emanaldiak?

Aurkezpenak baino ez: Bilbon, Zarautzen, Andoainen, Azkoitian eta besteren batean. Lau-bost lekutan eman nahi izan genuen

Zer proiektu duzu orain?

Ez dakit tankera hartako diskorik aterako dudan gehiago, baina badut egina proiektu hurbil bat. Hitzaldiak eman zalea ez naiz, baina behin Antton Mendizabal eskulturgileak esan zidan: "Nire eskultura erakusketaren aitzakian hire idatzi bat nahi diat". Buelta batzuk eman eta egin nuen zerbait, alternatiboa: pilota munduaz idatzi izan diren bertsoen bilketa lana egin nuen, aukeraketa lana ere bai, eta hitzaldi kantatua bezalakoa egin nuen azkenerako, bertso sorta bakoitza bere testuinguru politiko, sozial eta kulturalean kokatu eta kantatu. Joxan Goikoetxea musikariaren instrumentazioarekin osatu nuen.

Baina asmo berririk?

Javier Carballo Zumaiako argazkilari on bat da, hura da hemen inoiz eta inolako zalantzarik gabe eta bigarrenari alde handia kenduz, pilotari buruz argazkirik gehien atera duena: espezialitate denetako pilotalekuak, auzoetakoak, kontsejupeak, eliz atariak, pilotagileak, zestagileak… Sekulako lana egina du, milaka eta milaka diapositiba eginda ditu, era denetakoak, oso lan garrantzitsua du, eta Joxan Goikoetxea musikaria eta hiruron artean badugu proiektu bat: CDan bertso musikatuak joango lirateke eta liburuan argazkiak, bertsoekin-eta.

*****

HERRIA

Uztarria ari zaizu elkarrizketa egiten. Azpeitiko aldizkaria da Uztarria. Beraz, zu...

Zer nahi duzu ba esatea? Zarautzen bizi naiz...

Egin al dizute inoiz Maxixatzen Azkoitiko aldizkarian elkarrizketarik?

Ez. Ezetzik ere ez diet eman... Uztarriari bai (je-je); orain dela 3 bat urte, hitz egiteko gogo handirik ez nuelako.

Nongoa sentitzen zara?

Nortasun agirian jartzen du azpeitiarra naizela, baina espainiarra naizela ere jartzen du. Beraz, zer balio ematen diozun agirian jartzen duenari... Jaio, Donostiako ospitale batean jaio nintzen. Derrepente Azpeitira eraman ninduten. Loiolan ikasi nuen 13 urtean. Azkoitian urteetan bizi izan nintzen. Orain Zarautzen. Donostian ere bizi izan nintzen. Kuadrila berez Azkoitian daukat eta Azkoitirako joera handiagoa izan dut, Azpeitian frontoirik eta pilotako lagunik ez nuelako. Azpeitiarra naizenik ez dut dudarik, baina azkoitiarra ez naizenik ere ezin dut esan. Nazionalitate bikoitza daukat...

*****

AZKAR-AZKAR

Bertsolari bat bat?

Joxe Agirre.

Bertsotako plaza bat?

Arantza.

Kantari bat?

Paco Ibańez.

Disko edo abesti bat?

Abestia: ‘Geure bazterrak’, Mikel Laboarena.

Kazetari bat?

Fermin Aramendi.

Telebistako saio bat?

‘Sorginen laratza’.

Pilotari bat?

Irujo.

Pilotaleku bat?

Astelena, Eibarkoa.

Herri bat?

Zarautz.

Txoko bat?

Lekarozko haritz zahar bat.

*****

AZKENEKO BERTSOA

.1998ko abenduaren 11n, Soraluzen, taula gainean kantatzeari adio esan zionean, Euzkitzek botatako agurreko bertsoa.

Bertsoak denetik du
gazi eta gozo,
batzuetan gazitik
gehiegi akaso.
Kasik atzo goizean
esan nuen kaixo,
agurrera iritsi naiz
pausorik pauso.
Adio bertsozale
maite zaitut oso.