Hurrengo urteetako Azpeitia

Ihintza Agirretxe

Datozen urteetan Azpeitia nola aldatuko den eta zer egingo den arautzen dituzten arau ordezkatzaileak, onartzeko bidean dira

Asko hitz egin da azken hilabeteetan arau ordezkatzaileez. Udaleko alderdi politikoek izan dute zeresanik eta zer proposaturik. Datozen urteetan Azpeitiaren garapena, hazkundea... nolakoak izango diren edo nolakoak izan daitezkeen eztabaidan dira. Baina herriko alderdi nagusiak ez dira ados jarri herriaren etorkizuna zehazteko garaian. Azkenean, irailean, arau ordezkatzaileei hasierako onespena eman zieten, EAJren, PPren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Habeak eta EAk kontra bozkatu zuten. Oraindik ez da bukatu kontua, behin betiko onarpena falta delako.

Baina zer dira arauak? Zenbat denborarako egiten dira? Zer zehazten dute?

Herriko arauak. Arau ordezkatzaileek datozen urteetan herrian eraikiko diren etxe, gune eta gainontzeko eraikinak arautzen ditu. Zer non eraiki daitekeen, zenbat metrokoa, zenbat solairukoa...; dena zehazten du. Arauok aldatzeko berrikusketa egiten da eta, horiek onartzean, arau berriei jarraitu beharko diete. Aldaketa puntualak ere egin daitezke.

Arauak, berez, 8 urterako izaten dira, hori dio legeak, baina lehenago agortzen direla ikusten bada, errebisioa aurrera daiteke. Eta 8 urte ondoren oraindik beraiekin segi daitekeela ikusten bada, indarrean segi daiteke, aldatu gabe. Adibidez, Azpeitiko aurreko arau ordezkatzaileak 1992an onartu zituzten eta oraindik horiek daude indarrean.

.1992ko arau haien berrikusketa, berriz, 2003an hasi zuten, Jose Mari Bastida alkate zela. Baina udal hauteskundeak gainean zirela-eta alde batera utzi zuten errebisioa. Alkate berriarekin, Julian Eizmendirekin, berriro ekin zioten lan horri eta, hasiera batean, Bastidak ezarritako irizpideei jarraitu zieten. Ondoren, ordea, beste irizpide batzuk finkatzea erabaki zuten. Gero beste zenbait aldaketa ere egin dituzte. Azkenean, aurten, irailaren hasieran eman zieten hasierako onespena. Bidea luzea izan da, eta gorabehera asko izan dira.

Irizpideak. Arau ordezkatzaileetan herriaren irizpideak markatzen dira. Zenbat hazi daitezkeen industriaguneak, zenbat etxebizitzak, zenbat leku berdeak, zenbat nekazal lurrak eta industria lurrak... eta horiek denak non izango diren. Horrek ez du esan nahi arauetan azaltzen den hazkunde osoa emango denik edo gehiago emango ez denik epe horretan.

Arau horietan, etxeak zein lurretan eraiki daitezkeen zehazten dute, eta zenbat. Hau da, zein diren lur industrialak, zein nekazal lurrak... eta lur horietan eraiki beharrekoen neurriak zeintzuk izango diren ere zehazten da.

Irizpide horiek ezartzeko garaian Plan Territorial Parcial deiturikoa eta Eusko Jaurlaritzaren txostenak kontuan izan behar dira, horiek ere herriaren hazkunde eta garapenaren inguruko aurreikuspena egiten dutelako.

Arauen egileak. Arau ordezkatzaileak udal batzorde batek egiten ditu. Batzordean arkitektoak, biologoak, ingeniariak, abokatuak eta ekonomilariak egoten dira, besteak beste.

Aldaketa puntualak. Arau ordezkatzaileen zain egon gabe ere, zenbait aldaketa egin daitezke. Horretarako, aldaketa puntualak egiten dira. Oraingoetan, adibidez, Etxebeltz-Izarrakoa aldaketa puntuala izan zen; hala ere, bere osotasunean, dena araututa onartuko diren arau ordezkatzaileetan bilduko da.

Aldaketa handi guztiez gain, aldaketa txikiak ere arautzen ditu.

Pausoak

Emandakoak

-Martxoak 6. Arau ordezkatzaileen aurrerapena eman zuten ezagutzera. Ondoren, 30 egunez egon ziren jendaurrean.

-Otsailak 2. Alkateak irizpide, helburu eta irtenbide orokorrak onartu zituen.

-Otsailak 3. Udalbatzak aurreko egunean alkateak onartu zuena onartu zuen.

-Maiatzak 15. Arau ordezkatzaileen irizpide berriak jendaurrean jarri zituzten eta 30 eguneko epea ireki zuten alegazioak egiteko.

-Uztailak 21. Alkateak berriro onartu zituen arau ordezkatzaileen irizpide, helburu eta irtenbide orokorrak.

-Uztailak 28. Udalbatzak arau ordezkatzaileen irizpide, helburu eta irtenbide orokorrak onartu zituen.

-Irailak 14. Arau ordezkatzaileen dokumentua onartu zuen ezohiko udalbatzarrean. Horrela arau ordezkatzaileei hasierako onespena eman zieten.

-Irailak 21. Lurzoruaren lege berriari onarpena eman zioten Gasteizen eta orduan Udalak arau ordezkatzaileak zein legedia jarraituko duen zehaztu behar zuen; Udalak aurretik adierazi zuen lege berriaren arabera egingo duela arauen tramitazioa.

-Orain. Arauen dokumentua jendaurrean dago ikusgai, alegazioak egiteko.