Angel Gomez naiz, 49 urte...

Enekoitz Esnaola

Ezaguna da herrian, kalean asko ibiltzen da, lanbide gogorrean aritu zen urteetan, bakarrik bizi da...

Azkena
Azkena.  Joan den urteko urriko aldizkaritik, erreportai humanoak eta sozialak sartzen aritu da Uztarria, hilero. Angel Gomezi buruzkoa da, oraingoz, artikulu mota horretako sail iraunkorreko azkena. Argazkian, Angel Gomez bera, Azpeitian, orain dela bi aste.  (Ihintza Agirretxe)

Angel Gomez Pulido naiz, 49 urte ditut, ez naiz azpeitiarra, Bidegoiangoa baizik, eta ez naiz txatarreroa.

Aita Leganeskoa nuen, Madril ondokoa. Angel hura ere; Angel Gomez. Ama Extremadurakoa, Cacereskoa. Paula; Paula Pulido. Caceresen ezagutu zuten elkar, ezkondu eta alde honetara. Bidanian bizi izan ginen lehendabizi, Santutxo ondoko baserri batean. Gero Goiatzen, plaza ondoko etxe batean.

Udaltzaina izan zen aita, Tolosan. Azpeitian ere bai gero. Lambretta berde bat zeukan eta han jaisten zen Azpeitira, Errezil aldetik, bidea suabeagoa delako. Akordatzen naiz oraindik matrikulako zenbakiaz: SS – 45603. Inoiz jaitsi izan nintzen Azpeitira aitarekin, saninazioetan-eta. Bestela, etxean geratzen ginen.

Nik 10 urte nituela hil egin zen aita. Goiatzen bizi ginen ordurako. Udaltzaina izateaz gain, inprimategi txiki bat zeukan etxean, gela batean: Imprenta Gomez. Zaletasuna zeukan, gustatzen zitzaion. Baina hura hil zenean, tailerra saldu egin behar izan genuen, seme-alabok txikiegiak ginelako eta ez genekien inprimategian ezer egiten.

Ama geroago Marcelino delako batekin ezkondu zen. Avileskoa bera. Landetan ibili zen lanean, Lafayeten —berez, Nazabal y Compańia zeukan izena—.

.10 urtetik 14 urte arte Donostian egon nintzen, ‘irterno’, eskola batean. Aste bukaeratan-eta hantxe.

Orduan, pixka bat kozkortu nintzenean, lanera; 14 urterekin. Tolosara, Imprenta Muguerzara, anaia Marcelinorekin. Goizean goiz jaitsi autobusean, Tolosan bazkaldu, gau aldera etxera. Hori zen gure eguna. Eta soldata, amari beti.

Izan ere, familia handia ginen; amak lehen senarrarekin zortzi seme-alaba izan zituen eta, gu Tolosan lanean ginela, anaiak eta biok baino ez genuen egiten lan. Asko sakrifikatzen zen ama. Eta guk irabazten genuen dirua ez zen nahikoa. Goiazko jendeak laguntzen gintuen: arropa ematen ziguten, janaria, dirua... Maitatuak ginen.

.17 urte arte egon nintzen Tolosan. Gero Azpeitira lanera, Landetara, Lafayetera. Eta bizitzera, ama eta zortzi seme-alaba, Enparan kalera. Amak gero bigarren senarrarekin beste bi ume eduki zituen. Denetan bigarren zaharrena naiz nau. Zaharrena, Marcelino. 6 urtean jardun nuen Landetan, gero Munategin, langabezian egon nintzen ondoren, udaletxeko lan batzuk egin nituen tarteka... Txatarrero hasi nintzen arte.

.25 bat urtean bai txatarrero. Jendeak esaten zidan: “Diru asko irabaziko duzu”. Baina ez. Joan txatarra saltzera eta diru gutxi ematen zidaten. Engainatu egiten ninduten txatarra hartzen zuten lantokikoek. Ez da asko irabazten, hortaz. Eta, gainera, lan nekagarria da, zikina eta arriskutsua, nahiz eta ez ditudan zauri larriak egin; teknika ona edukiko nuen...

Gainera, ijitoek lapurreta egiten zidaten. Tren geltoki aldean baneukan lokal bat, estali gabekoa, eta haiek zaintzen egoten ziren, noiz aldegingo nik. Gauez, taka, lapurreta; neukan onena kentzen zidaten, neukan txarrena utziz.

Badakit jendeak barre egiten zidala. Batik bat, karrotik gauzak erortzen zitzaizkidanean aldapan edo haize handia zegoenean. Nik, irribarre egiten nien. Behin karroa ere lapurtu zidan baten batek. Baina moldatzen nintzen. Enpresetatik deitzen zidaten, etxeetatik ere bai, gauzak hartzeko. Kontaktu onak neuzkan.

Hori ez zen nire negozio bakarra. Garbigailuak ondo miatzen nituen. Izan ere, filtroetan urrezko kateak, erlojuak, eraztunak egoten ziren. Eta nik, poltsikora. Saltzeko gero. Baina ez Azpeitian, jendeak pentsa zezakeelako lapurtu egin nituela. Ondoko herrietara joaten nintzen saltzera, bitxi dendetara. Azkoitira, esaterako. Milaka pezeta batzuk ateratzen nituen. Hura bai harribitxia! Urrezko kate batek zenbat balio zuen? Orain dela 20 bat urte 16.000 pezeta-edo; nolakoa zen beti... Txanponak ere egoten ziren garbigailuen filtroetan, ugari.

Horrela 25 bat urtean. Baina ez nuen kotizatzen, ez ezer.

Orain dela 5 bat urte utzi nion txatarrero izateari. Eta langabezian nago. Udalak laguntza ematen dit, 400 bat eurokoa. Eta astean behin Bost, Etxe-Zuri eta Korraleneko botilak kaxetan-eta sartzen ibiltzen naiz: horrela, denera 45 euro irabazten ditut astero.

Ateratzen dut bizia. Bakarrik bizi naiz. 90 bat euro ordaintzen dut alokairua. Ez dut gogo handirik lanean hasteko. Gainera, zaila daukat, enpresetan 49 urteko bat hartzea ez delako erraza.

Ama orain dela 6 bat urte hil zitzaidan, haren bigarren senarra lehenago Avilesera joan zen atzera, gure amarekin bereizi ondoren, eta anaia-arreba denek ere irten zuten etxetik. Haietako bat Azpeitian bizi da; Maria Jesus. Beste bi Azkoitian, bi Zumarragan, bat Zarautzen, bat Extremaduran... Neurekin, zortzi noa. Beste biak?... Bai, bat Sevillan eta bestea... Bai, Nafarroan, baina ez dakit non. Maria Jesus astean behin etortzen zait etxera, arropa-eta garbitzera. Besteekin ez dut harremanik.

Eta neure erara ibiltzen naiz. Kalean ia beti. Aspertu egiten naiz etxean, luze egiten zait eguna. Kalera, orduan. Tabernetara. Egonean asko. Ez daukat kuadrilarik. Nahiago dut bakarrik ibiltzea. Esan ohi da: “Hobe bakarrik, gaizki lagunduta baino”. Nik uste jendeak errespetatzen nauela. Horrenbestean.

Etxera itzultzean poz txiki bat izaten dut: han ikusten ditut gelan-eta Lehen Mailako futbol taldeen banderinak zintzilik. Asko gustatzen zait futbola. Labakak eta Aranburuk ezagutzen naute Orkatzen eta Korralen egotetik, eta haiek, kanpora jokatzera joaten direnean, beti ekartzen dizkidate banderinak. Uste dut Espainiako Lehen Mailako denenak ditudala: Bartzelonakoa, Real Madrilekoa, Sevillakoa... Esan izan diet Aranbururi-eta ordainduko diedala. Ezetz, haiek. Zergatik ez?

Angel Gomez Pulido naiz. Angelito txatarrerue zuentzat”.