Zezen-jolas artean

Ihintza Agirretxe

Uztailaren 1ean herrian behin ere ikusi gabekoa izango da zezen-plazan; ganadu basatien ikuskizuna

Ganadu basatiekin jolasean. Horrelaxe ibiliko dira hainbat mutil gazte uztailaren 1ean (zapatua) Azpeitiko zezen-plazan, arratsaldean. Horretan ibiltzen direnak dira, iaioak, eta ikuskizuna eskaintzen dute.

Hori diote behintzat, antolatzaileek. Juanjo Etxeberria eta Josu Uria, beste hainbat lagunekin batera, orain dela 4 urtetik ari dira zezen-plazan horrelako zerbait antolatu nahian. Gabezia ikusten zuten eta horri aurre egin nahi izan diote. “Guk aspalditik genuen horrelako zerbait antolatzeko asmoa, baina beti oztopoak besterik ez ditugu topatu herrian”, azadu du Etxeberriak. “Gainera, ikusten dugu zezen-plaza ez dela aprobetxatzen, eta gauzak antolatzeko-eta egundoko lekua da”, dio Uriak.

Duela pare bat hilabete Azpeitiko udaletxetik dei egin zieten, ea zezen-plazan ikuskizunen bat antolatzen lagunduko al zieten galdezka. “Horrelaxe hasi ginen ikuskizuna prestatzen. Jende ezberdin asko gabiltza antolaketan. Denok batzen gaituena, zezena gustatzen zaigula da. Batzuek sokamuturra dute gustuko, besteek zezenketak...”, dio Etxeberriak.

Baina zer da ganadu basatien ikuskizun hori? “Lagun batzuek zezena zirikatzen dute, eta zezenek zailtasun eta oztopo ezberdinak pasatu behar izaten dituzte”. Errekortadoreen ikuskizunetan parte hartzen duten mutilak izaten dira protagonista, baina jolas horietan zezenaren presentziak ere indar handia du.

“Aurten ikuskizuna antolatu dugu, baina gure asmoa, harrera ona izaten badu, hurrengo urtean txapelketa antolatzea da”, dio Uriak.

Herriko ezagun bat. Ekarriko duten ganadua Nafarroako arrazakoa izango da, eta zirikatzaileak katalanak eta euskal herritarrak, batik bat. Haietako bat, gainera, Azpeitiko sokamutur zaleen artean ezaguna da: Egoitz Garziaetxabe aretxabaletarra. Izan ere, zezenaren aurrean ederki moldatzen da hura. “Aspaldian, gainera, Nafarroan-eta asko dabil, eta oso ondo”, dio Uriak. “Besteak ere puntan dabiltzanak dira eta ikuskizun ederra eskain dezakete uztailaren 1ean”.