Ezkutuan utzi gabe

Enekoitz Esnaola

Santa Larizgoitiak adimen urriko semea du: Juan Ignacio. Hasieratik egin zion aurre horri. Ez du ezer ezkutatzeko

Batera
Batera.  Maitea du oso Juan Ignacio Madinak ama, Santa. Eta amak semea. 46 urte daramatzate elkarren ondoren. Argazkian, biak, etxeko terrazan.  (Ihintza Agirretxe)

.1959an eduki nuen Juan Ignacio; adimen urrikoa bera. Ez ziren garai onak halako pertsonentzat eta horien gurasoentzat. Izan ere, ez dakit zergatik baina halako pertsonak etxean izan ohi zituzten orduan, ezkutatuta bezala, pertsonak ez balira bezala. Eta hauek zer egin digute ba guri? Ogi puskak ez dira ba! Baina bazegoen kultura hori atzeratuekiko. Juan Ignacio guretzat laugarren seme-alaba zen eta, garai hartan, haurdun zeundenean, ez zenuen izaten informaziorik; erditzean jakiten zenuen dena: nolakoa zen... Juan Ignacio jaiotzean, nire gizonak ikusi zuen eta hura disgustua harentzat! Ez zuen espero. Pentsa, gizonak 20 kilo galdu zituen nire seme hau jaio ondoren. Ezin zuen, ezin zuen... ‘Atzeratua guri jaio behar!’, eman behar hori esaten zuela, buruhauste hori zuela.

Ba nik ez. Ni aurretik ere garai latzak pasatuta nengoen. Gerran atxilotuta egon nintzen. 1937an izan zen hori. Orduan atera nuen erizain titulua, Valladoliden, Basurton eginda ikasketak, baina gurasoek ez zuten nahi nik lan egiterik (gero ere ez gizonak).

Hau da, emakumea nintzen eta emakumea, etxerako. Hori zen haien iritzia, kultura. Nirea ez. Eta urtebetez behintzat, lan egin nuen, probatu egin nahi nuen. Hala, 1937an, Deustun probetan egon nintzen erizain, Eusko Gobernuaren ospital batean; gerra bizi-bizi zegoen, jendea behar zutela eta haraxe neu. Eta, halako batean, han etorri ez ziren ba ni atxilotzera! Gehiago zen gure aita EAJkoa zelako, nahikoa sartuta zegoelako, ni neu abertzalea eta erizain laguntzailea nintzelako baino. Hiru egunez egon nintzen Bilbon preso, aitarekin eta lehengusu batekin. Handik askora ez, berriz, gure etxe osoa eraitsi egin zuten Francoren aldeko hegazkinek, Ugaon (Bizkaiko herri txiki horretakoa naiz ni). Batere gabe geratu ginen. Bilbora, lan bila.

1942an ezkondu nintzen, 26 urterekin (1916koa naiz), Bilbon, Eugenio Madinarekin; ońatiarra zen. Esan bezala, Juan Ignacio seme-alabetan laugarrena da, eta hirugarrena bai izan zela disgustua! Neska jaio zen eta bost hilabetera, hil; bihotzeko arazoak zituen gaixoak. Aurrera egin behar, eta ustekabean, Juan Ignacio jaio. 1959an izan zen hori. Dagoeneko bederatzi urte bageneramatzan Azpeitian. Gizona Banco Guipuzcoanoko zuzendaria zen Bilbon eta handik hona bidali zuten. 1950etik, beraz, hemen nago. Javier eta Arantxa seme-alabak Bilbon jaio ziren. Juan Ignacio ez.

Orduan atzeratuez ez zegoen inolako informaziorik, eta egia esango dizut: ez genekien Juan Ignaciok ibiltzerik izango zuen, hitz egiterik... Hala da, bai. Eta segituan, halakoekin aditua den mediku batengana eraman genuen, Donostiara: Jesus Ganzarainengana. Gauza asko esan zizkigun. Bi aipatuko ditut. Aurrena, bitxikeria: esan zigun Juan Ignaciok ahora askotan eramaten zuela zotza, ikusi orduko, eta ‘erretzailea izango da’, bota zuen medikuak. Bai asmatu ere! Ene, erretzen du, bai, gure seme honek, eta horixe dut berekin arazorik handiena... Bigarren gauza: ‘Atera ezazue kalera’, esan zigun Ganzarainek. Eta kasu egin nion: ez nuen etxean ezkutatu. Eta singularrean ari naiz hizketan; izan ere, gizona 1965ean hil zitzaidan, neuk 49 urte nituela, eta azkeneko 40 urte hauetan hor egon naiz, beti Juan Ignacioren ondoan.

Baina horrek ez du esan nahi oso desberdin tratatu dudanik, eh! Begira, nik etxean Javier eta Arantxa bezala hezi izan dut hau. Errieta? Errieta. Erakutsi gauzak? Erakutsi. Eta kalera atera. Eta kalean utzi ibiltzen lagunekin. Eskolara ere eraman genuen, hasieratik; Miserikordian hasi zen azkenean, eta zoragarri. Gure seme honek leitzen daki, idazten... Atzeratuen eskola sortzeko lan pixka bat ere egin genuen, eta han ere ibili zen. Azkeneko urte askoan, berriz, lanean, Gureak-en. Hasieran Lasaon, orain Azkoitian. Oso diru gutxi irabazten du baina mutila gustura dabil. Ni ere kontent, baduelako zereginik.

Nahita utzi izan diot nolabait bere erara moldatzen. Eta berak jakin izan du moldatzen. Pasadizo bat: akordatzen naiz txikitan zinera joaten zenean, sarrerak bost pezeta balio zuenean, berak eman nahi izaten ziola txanpona zinekoari. Eta askotan joan izan da karnabaletan-eta txarangakoengana, zuzendari aritzeko asmoz; hori bai, beti eskatu izan die berak baimena. Eta Lagun Onak futbolekoekin kanpora joateko aukera ikusten duenean, kanpora. Eta igerian ikastera? Igerian ikastera. Erosketak egitera? Egunero joatean da: lanetik etortzen da, egunkaria leitzen du, zigarro bat erre eta plaza aldera paseoa, ogia erosi —beti ematen dizkiote pare bat boilo, gainera— eta etxera. Nik ez dakit zer egiten duen baina kanpora doan bakoitzean etxera zerbait ekartzen dit; adibidez, askotan joaten da Errezil aldera Zinkunegitarrekin arratsalde-pasa, telebistan futbola-edo ikustera, eta han etortzen zait arrautzekin, kiwiarekin...

Nola portatzen den gure hau... Eta nola portatzen den jendea berekin... Oso gustura nago; oso-oso.

Baina beti badu kezka bat: nire adina eta zer gertatuko zaidan. 89 urte ditut baina Juan Ignaciok denei beti esaten die gutxiago ditudala eta ez naizela ‘zaharra’. Baina gero galdetzen dit: ‘Ama, zer egingo dut nik zu hiltzen zarenean?’. Eta nola defenditzen nauen... Begira, behin emakume batekin topo zuen, eta emakume hark galdetzen zion ni non nengoen eta nobioarekin egongo nintzela; Juan Ignaciok ezetz eta ezetz. Besteak beste, gure honek aita oso gogoan duelako. Etxeko salan nire senarraren argazki bat dugu eta Juan Ignaciok egunero hitz egiten dio, entzungo balio bezala: amak hau egin duela, errieta egin diola... Ba halako batean beste emakume hari gizona hil zitzaion, ikusi du Juan Ignaciok emakume hura beste batean kalean eta danba!: ‘Zer, nobio bila hasi beharko duzu...’. Bitxo ederra da ba!

Pertsona da, azken batean. Egia esango dizut: gauzak nola egin behar diren-eta guk hauei erakutsi beharrean, beraiek erakusten digute guri. Edukatuak dira, ordenatuak, garbiak, karińosoak... Beraz, gu bezalako gurasook lotsatu hauengatik? Ez”.