"Neska pilotariak egon badaude baina ez dira animatzen"

Ihintza Agirretxe

Miren Zabala eta Oihana Unanue pilotariak.  (Ihintza Agirretxe)

Emakumeak eta pilotariak. Ez da oso ohikoa neskak pilotan ikustea, baina herrian bi behintzat, badaude federatuta. Eskuz ez, palaz jokatzen dute Miren Zabalak eta Oihana Unanuek, eta laster, otsailaren hasieran, trinketean egingo dute proba. Aurretik, Iruņera partida jokatzera abiatu aurretik, Uztarriarekin egon dira.

Noiz hasi zineten pilotan jokatzen?

Oihana Unanue. Gu gure kasa txiki-txikitatik ibili izan gara. Herrian izaten diren txapelketetan-eta beti eman dugu izena. Baina ez genekien ez Gipuzkoa mailan egiten zenik, ez ezer. Nolatan hasi zineten?

Miren Zabala. Egia esan, gu txikitan kirol gehienetan ibiltzen ginen.

Unanue. Gainera, biok Frontoi Txiki ondoan bizi gara eta umeak ginenean udaran-eta beti pilotan ibiltzen ginen. Hasieran, eskuz geure erara ibiltzen ginen, gero Illunpen ere ibili ginen urtebetez edo pare bat urtez. Eskuz nesketan, ordea, ez da ezer egiten. Gero erraketekin ere ibiltzen ginen. Moden arabera beti.

Zabala. Orain zazpi bat urte, Ikasberri txapelketak antolatzen hasi zenean, palaz jokatzen hasi ginen; 18 urte genituela-edo hasiko ginen.

Unanue. Ni iaz arte futbolean ibili izan nintzen. Futbola betikoa zen. Inoiz ez dugu informaziorik izan pilotari buruz. Kirol hau beti gustatu izan zait, baina nola ez genuen informaziorik, ez Gipuzkoa mailan jokatzen al zen, ez beste emakumerik ba al zen, ba alde batera eduki izan dut hein batean. Iaz futbola utzi nuen eta enteratu ginen Ikasberrin mutilak txapelketak-eta jokatzen zirela eta haiek esan ziguten neskak ere ibiltzen zirela.

Beti ibili al zarete batera?

Unanue. Bai, txikitatik beti ibili gara elkarrekin. Biok pilotaleku inguruan bizi gara, koadrilakoak gara...

Zabala. Umetan lagun gehiago ere ibiltzen ziren eta gelako mutilekin ere asko ibiltzen ginen.

Unanue. Neskekin leku guztietan pasatzen da gauza bera. Neskak gutxi mugitzen gara eta mugitzen garenak beti berdinak gara eta beti elkarren kontra ibili behar izaten dugu.

Nolakoa da emakume pilotarien mundua?

Unanue. Egia esan, oraintxe ari gara pixka bat ezagutzen. Konturatu gara oso emakume onak daudela Gipuzkoa mailan. Ia urtero munduko txapeldunak izan direnak gipuzkoarrak dira. Urtero Argentinan izaten dira Mundialak eta urtero beraiek izaten dira irabazleak: gipuzkoarrak. Horretaz oraintxe enteratu gara. Bestela, gutxi mugitzen da mundu hori. Lehen, garai batean indar gehiago izan zuen, baina gero gutxi mugitu ziren sasoi bat egon zen, eta horrek ez zion onurarik egin.

Zabala. Adinez ere ez da batere egonkorra. Guk 25 urte ditugu eta gazteenak gara. Denak gu baino zaharragoak dira.

Unanue. Pixka bat utzita egon da mundu hau. Orain Emakumeak pilotari proiektua jarri da martxan. Horrekin neskak pilotan mugitzea lortu nahi da; futbola eta saskibaloian mugitzen diren bezala, pilotan ere mugitzea. Gu Zestoan ibili gara erakusten eta orain Ikasberri Ikastolan hasi behar dugu. Eskuz eta palaz erakutsiko diegu.

Zuei zer eskatzen dizue pilotak?

Unanue. Gu geure erara entrenatzen gara. Baina orain, otsailean, trinketean jokatzen hasiko gara eta horretarako astean behin Donostian entrenatzen gara; izan ere, Donostian eta Iruran baino ez daude trinketeko frontoiak. Federazioaren bidez joaten gara, eta han entrenatzaile bat ere izaten dugu. Bestela, frontoian geure kasa entrenatzen gara. Gainera, geu bakarrik gara neskak inguruan, eta entrenatzeko ere elkarren kontra ibiltzen gara askotan. Bestela, mutilekin jokatzen dugu. Orain, Aizarnako bi neska federatu dira eta ea orain haiekin hasten garen.

Partidak nola izaten dituzue?

Zabala. Txapelketak ditugunean normalean astean partida bat izaten dugu, ostiral iluntzetik igande eguerdira bitartean jokatu beharrekoa. Gero, atsedeneko asteren bat-edo izaten dugu tarteka, baina normalean astean partida bat izaten dugu. Hasiera batean Udaberriko Txapelketan izena eman genuen; Gipuzkoa mailan jokatzen den txapelketa da. Baina, ematen duenez, Gipuzkoako denak Euskal Herriko Txapelketan apuntatu ziren eta orduan guri hotsegin ziguten apuntatzeko esanez, eta horrelaxe eman genuen izena Euskal Herriko Txapelketan.

Eta laster trinketean jokatzen hasiko zarete.

Zabala. Bai, otsailean hasiko gara trinketean jokatzen. Sei bikote apuntatu gara. Ondo.

Orain arte trinketea ezagutzen al zenuten? Zer moduzko esperientzia izan da?

Unanue. Ona, oso esperientzia ona izan da. Hasieran zaila izan zen pilotari tankera hartzea eta teilatutik eroritako pilotak bueltatze hori-eta. Baina, bestela, oso ondo. Nire ustez, neskentzat trinketea egokiagoa da, trinketean, indarra baino gehiago maina behar baita.

Zabala. Palaz-eta askoz indar handiagoa behar da. Kontrarioek esperientzia handirik ez baldin badute palaz, asko nabaritzen da; trinketean ere nabarituko da, baina gutxiago.

Herrian emakume pilotari gutxi dago...

Unanue. Neskak egon badaude, baina nola jendea ez duten ikusten pilotan, ez dira animatzen. Nik uste jendea badagoela pilotan jokatuko lukeena eta, agian, esanez gero, 15-20 bat izango ginateke.

Zabala. Jendeak dedikazioa eskatzen duela dio, baina, azken batean, futbola eta beste hainbat kirol baino denbora gutxiago kentzen digu. Guk pilotan, gehienez, 45 minutu inguruko partidak jokatzen ditugu, entrenamenduak ere geuk nahi bezala egiten ditugu... Hori ez da arrazoia.

Unanue. Hemen neskak gutxi mugitzen gara. Adibidez, Hernanin gazteenen mailan ere lau talde osatzen dituzte pilotan jokatzeko.

Zabala. Orain arte hemen ere palaz bikote bat soilik ibiltzen zen, baina aurten hiru bikote ari dira eta pixkanaka-pixkanaka hori ere ari da indartzen. Eta nesketan ere espero dugu horrelako zerbait gertatuko dela.

Aurten lehen urtea duzue federatuen artean jokatzen. Zer aldatu da?

Unanue. Dena aldatu da. Pilota ere aldatu egin da. Lehen gomazko pilotarekin ibiltzen ginen eta orain pilota mazizoekin jokatzen dugu, eta horrek aldaketa handia eskatzen du indar aldetik, baita segurtasun aldetik ere. Aurrelariak betaurrekokin jokatu behar izaten du.

Zabala. Hemendik mugitu beharra ere ekarri digu baina horrek jende berria ezagutzea ekarri digu. Hemen beti jende beraren kontra ibili izan gara eta, azkenean, ez duzu ezer ikasten. Orain ezagutzen ez ditugunen kontra jokatu behar izaten dugu eta Gipuzkoa mailan-eta gu baino hobeak daude. Haiengandik ikasteko-eta aukera ederra da. Gainera, orain trinketean ikastera Donostiara joaten gara, han entrenatzailea dugu eta hark ere asko erakutsi digu. Guretzat hori oso aberasgarria da, entrenatzailerik ez dugu guk, eta norbaitek aholkuak ematea-eta oso aberasgarria da guretzat.

Eta nolako zaletasuna dago palazko partidetan?

Unanue. Orain dela gutxi azpeitiar batzuk Bigarren Mailatik Lehen Mailara igo dira, eta haien partidak ikustera ere, pilotan ibiltzen diren beste bikoteak eta gu baino ez gara joaten. Zaletasuna sortzeko orduan telebistak du indar handia, eta futbola horrenbeste botatzen jarraitzen badute, jai dugu.

Laguntzarik ba al duzue?

Zabala. Hasiberriak gara eta ez gara askorik mugitu. Mutilak, alde horretatik, gehiago dira; haiek astean behin elkartzen dira. Guretzat, trinketean beste jende batekin elkartu eta entrenatzailea izatea egundoko aldea da. Horrek motibatu gaitu.