Bizitza filosofiaz

Enekoitz Esnaola

“Gu hemen bagaude, mirariz duk”, esan du Joxe Antonio Aranburuk. 1979an auto batek harrapatu zuen. Gutxitu fisikoa da harrezkero. Eta filosofoa...

Mugak
Mugak.  "Hil arte" izango da Joxe Antonio Aranburu gutxitu fisikoa, eta "muga ugari" du "bizimodua normal egiteko". Ahal den ondoen egoteko, batik bat ibili egiten da -"asko"- eta igeri ere egiten du. Argazkian, pilotalekuko parkean.  (Enekoitz Esnaola)

Ez diat esango bizitzako urterik onenak galdu nituenik, baina bai onenetakoak. Bi urte pasatu nitian ospitalean, kokoteraino egin eta etxera bueltatzea eskatu arte. Baina bi urte haiek pasatu beharra nitian. Izan ere, Deustuan auto batek harrapatu eta oso-oso larri egon ninduan. 1979ko ekainaren 23a zuan, eta medikuek esan zidatean ez nituela saninazioak harrapatuko; hilabete eta erdi, eta adio. Hemen nagok.

Oraindik akordatzen nauk egun hartaz, ederki akordatu ere. Ikasle ninduan Deustuan, Sarrikon; Ekonomikas. 20 urte egiteko sei egun falta zitzaizkidaan ekainaren 23 hartan. Ordurako hiru urtean nengoan Bilbon, ikasten. Azpeitian Institutukoa bukatu eta Bilbora joan ninduan, gurasoek proposatuta Ingeniaritza ikastera, 1976an. Baneukaan herritik kanpora irteteko grina. Baina gogorra zuan karrera hura, eta aurreneko urtea egin eta uztea erabaki nian, zerbait arinagoa egiteko. Halaxe, Ekonomikas, Sarrikoko unibertsitatean. Ingeniaritzako eta Ekonomikaseko lehen urteak Deustuako Colegio Mayor-en egin nitian; nahikoa liberala zuan baina hirugarren urtean ja nahiago nian beste zerbait probatzea, eta pisu batean sartu ninduan, San Inazio auzoan; bi gasteiztar eta soraluzetar batekin. Neskarik ez...; orduan ez zagoan gaurko kulturarik, baina ibiltzen gintuan, eh, neskekin. Begira, ekainaren 23 hartan bi neskekin hitzordua egina nian gauerako. Ez ninduan iritsi. Goizean, azterketa egin —ikasturteko azkenaurrekoa: Matematika— eta eguerdian Bilbora, parte zaharrera, Ezkerraldeko lagun batzuekin, txikito batzuk hartzera, beste batzuetan bezala. Gauean Algortara joan behar nian, portu zaharrera, neska haiengana eta beste lagun batengana, eta, pixka bat txukundu asmoz, aurretik etxetik pasatzea erabaki nian. Gaueko hamarrak inguru zituan eta Sarrikoko unibertsitatetik San Inazio auzora doan bidea gurutzatzean, semaforoa berdea zegoenean, pasatu nian lehen karrila, ondo, arazorik ez, bigarrenera heldu, pasatzen hasi eta kotxe bat gelditu egin zuan, atzekoa ere bai, baina hirugarrena ez; hirugarren hori abiada handian zetorrean eta, ez nauk akordatzen, baina uste diat izango zela hirugarren horrek aurreko biak aldamenetik jo eta gero neu. Eman zidanarekin, lehen karrilera bota nindian, hor zihoan kotxe baten aurrealdera erori eta kristala hautsi nioan. Pentsatu zer kolpe!

Kruzesera eraman ninditean anbulantzian. Jakina, ni zentzua galduta nengoan; buruan egundoko kolpea neukaan. Eta gorputzaren alde bat Coruńara begira eta bestea Gironara. Medikuek xentimorik ez zitean ematen nire bizitzagatik, saninazioetarako ez nintzela helduko, ez nuela irteteko modurik. Baina saninazioetan aldaketa izan nian eta pixkanaka osatzen hasi; ez dik esplikaziorik baina... Hala ere, gabonak arte oso larri egon ninduan. Besteak beste, arnasa hartzeko trakiotomia egin zidatean, eztarrian operazioa: tuboa sartu, arnasa har nezan. Eta jan, sudurretik. Horrela, denbora askoan. Horrek eragozten zidak ondo hitz egitea; buruko kolpe hark ere bai.

Kruzesen hiru hilabete eta hamar egun egin nitian. Haietatik bi hilabete, UVI-n. Eta gabonak artean akordatzen naizen bakarra, zera: Kruzesetik Artxandako ospitalera anbulantzian, une batean esnatu egin ninduan, ondoan aita ikusi nian eta, ‘aita, zer pasatu zait?’, galdetu nioan; berriro zentzua galdu nian. Gabonak arte ez ninduan ezertaz enteratu. Orduan, gabon gauez, urte zaharretan eta errege egunez etxera ekarri ninditean, ‘ospatzera’, baina atzera ospitalera.

1980ko iraila arte Artxandan egon niduan. Eskubiko besoak orduan arazo latzak. Zisko egina neukaan, osatze lanetan dena ondo zihoan, baina ezin ondo mugitu. Hainbat proba egin nitian eta, azkenean, Orioko arraunlariekin zebilean medikuarekin harremanetan jarri eta Bartzelonara joan ninduan ebakuntza egitera, 1980ko irailean. Ondo irten zian baina gauez sukarra izaten hasi ninduan, eta ‘gangrena gaseosa’ delakoa nuela. Sendatu zidatean, txiripaz edo; izan ere, esan zidatenez, ordu arte Espainiako estatuan ‘gangrena gaseosa’ izan eta besoa salbatzen bigarrena ninduan neu. Beso honek ez zidak askorako balio, egia esan, baina behintzat, hemen diat.

1981eko urtarrilean, berriz, Bartzelonatik Donostiara, Poliklinikora. Aste bukaera batzuetan hasi ninduan Azpeitira etorri eta kalean ibiltzen. Ez gurpildun aulkian, ezin nuelako nire beso honekin; orduan ez zeudean gaurko gurpildun aulki katxarro horiek... Eta makulua ere ezkerrean baino ez, eskubiko besoarekin ezin nuelako. Makina bat zartako hartutakoa nauk, istriputik neure egonkortasuna ez delako batere ona.

Halako batean, medikuei esan niean nahikoa zela, bi urte neramatzala ospitaleetan bueltaka eta etxera joan nahi nuela. Halaxe, 1981eko uztailean Zarautzera, gurasoen pisura. Eta neure bizitza antolatzen hasi ninduan. 1983an Filosofia ikasteari ekin nioan, Donostian, Zorroagan. Filosofia, bai, bizitza filosofiarekin hartzeko... Bukatu nian karrera. EGA ere atera nian, 1985ean.

Urte hartan bertan, istripuko epaiketa irabazi nian. Gizajo bat zuan ni harrapatu ninduena. 40 bat urte zitian, bi seme-alaba, etorkina zuan, espainiarra, Huelvakoa, Ezkerraldean bizi zuan, Barakaldon, mozkortuta zagoan gau hartan, eta askotan galdetu izan zioat neure buruari zein ote zen haren egoera, zein baldintzatan bizi ote zen... Gizarte honetan sortzen ditugun harremanek zenbat kalte egiten duten!

Nolako gizartea dugun, bai... Jendeak jarrera eskasa dik. Irribarre jator asko bai baina laguntza behar duten pertsonei babesik ez gero, hori egiten dik jendeak hemen. Eta nik uste diat erakunde publikoek badutela zerikusirik horretan. Neure kasua, adibidez. Gutxitu fisikoa nauk —ez ezak jar ‘elbarria’ edo ‘ezindua’— eta nik zer laguntza jaso dut 1979ko istripu hartatik? Bai, jasotzen diat nire egoeragatik soldata hori, soldata eskas hori, baina bestela, niri zer lan eman didate? Edo ni bezalakoei? Jartzen ditiztek gutxitu fisikoentzat espaloiak ondo, autobusetan zerak... baina hori ez duk benetako laguntza. Guk geure bizimodua aurrera ateratzeko, lana behar diagu, eta zeregina, batez ere zeregina. Horrela integratuko gaituk gu gizartean, baina horrelako neurriak ez ditiztek hartzen udalek eta. Oso jarrera pobrea ditek. Ni ez nauk burdin-lantoki batera joango lana eskatzera, baina makina bat lan mota egin zitzakeat. Epaiketa irabazi eta lortu nian diru bat, hortik abiatu ninduan gero neure inbertsio txikiak egiteko eta hortik bizi nauk. Hortik, eta filosofiarekin...”.