Azkargortarekin egun-pasa Mexikon

Kepa Urbieta (Guadalajara-Mexiko)

Azpeitiar entrenatzaileak lana dela-eta bizitza beti herritik kanpo egin izan du, askotan urrutian. Mexikon dago orain, Chivas taldean. Batetik bestera ibili da gaur, azpeitiar batzuokin besteak beste

Azkargorta, urriaren 12an Guadalajaran, autografoak sinatzen Chivaseko jarraitzaileei.  (Maialen Lizarralde)
Azpeitiarra, etxean, sukaldean.  (Maialen Lizarralde)
Kotxean berriketan, entrenamendura bidean.  (Maialen Lizarralde)
Entrenamendua ari zela, jarraitzaileekin hizketan.  (Maialen Lizarralde)
Azkargorta, futbol zelaian.  (Maialen Lizarralde)
Mexikoko telebista baterako grabaketak egiten.  (Maialen Lizarralde)
Azkargorta eta Joxe Mari Iriarte, honen jatetxean.  (Maialen Lizarralde)
Kazetariekin hizketan.  (Maialen Lizarralde)
Entenamenduan jokalariak zuzentzen.  (Maialen Lizarralde)
Kirol instalazioetara iristen.  (Maialen Lizarralde)
Azpeitiarra, bere autora sartzen.  (Maialen Lizarralde)
Zaletu gazteenei autografoa sinatzen.  (Maialen Lizarralde)
Beste jarraitzaileei ere sinatzen.  (Maialen Lizarralde)
Etxera sartzen.  (Maialen Lizarralde)
Lan ederra zaleekin.  (Maialen Lizarralde)
Azkargorta, entrenamenduan aginduak ematen.  (Maialen Lizarralde)

Azal hadi goizeko hamarretan Verde Valleko instalazioetara, entrenamendua dugulako”. Halaxe egin dugu Xabier Azkargortarekin hitzordua urriaren 12rako; festa eguna mexikar askorentzat, Arrazaren Eguna delako. Azkargortak jairik ez, ordea; lana du. Guadalajarako (Mexiko) Chivas futbol klubeko lehen taldearen entrenatzailea da azpeitiarra, abuztutik.

Gaur goizez eta arratsaldez du entrenamendua taldeak. Heldu 10:00ak baino lehen instalazioetara eta sarreran dagoeneko jendea, haur, gazte, zein heldu, zain dago taldeak noiz irtengo. Uztarriakook segurtasuneko atezainei hitzorduaren berri eman eta berehala utzi digute barrura sartzen. Gero Azkargortak argitu du berak esana ziela Uztarriakooi sartzen uzteko. Jokalariak beroketetan ari direla gerturatu da hura harmailetara eta, “zuek al zarete azpeitiarrak?”, eta geure gurasoen berri galdetzen hasi da, Azpeitian helduek ohi duten moduan. Bat-batean, ume bat gerturatu zaio kazetariaren ziurtagiriarekin eta ea galdera batzuk erantzungo al dituen eskatu dio. “Gazterik hasi zara kazetari. Akats ortografikorik gabe idatziko al duzu?”, galdetu dio umoretsu, eta gazteak, erdi lotsaturik erdi hazita: “Bai”.

Bi orduko entrenamendua egin dute gutxi gorabehera; serio batzuetan, irribarrez besteetan. Azkargortak, alboko zelaian entrenatzen ari diren gaztetxoekin ere jardun du hizketan. Bukatu bezain laster, Mexikoko telebista kate batekoei elkarrizketa eman die, hantxe zelaian bertan aulki batzuk hartu, eseri eta aurrean dituen kamerei begira. Ordu erdia bai, gutxienez. “Bon, konplitu dut”... baina berehala beste kazetari batzuk gerturatu zaizkio aldageletara bidean.

“Ordu erdi bat beharko dut orain, gauza batzuk ditut-eta egiteko. Gero bazkaltzera joango gara”, esan du. Halaxe agertu da ondoren, joateko prest, baina orduan ere betebehar bat sortu zaio: jarraitzaile andanari autografoak sinatu behar. Gustura utzi dituenean etorri da guregana, eta autoan sartu gara. “Azpeitiar batek jatetxea du Guadalajaran; hara joango gara bazkaltzera. Euskal Herriko janaria ematen du”, dio Azkargortak, janari mexikarrarekin ezin duela aitortuz batera: “Pikantearekin ezin dut. Aldiz, janari japoniarra ikaragarri gogoko dut”. Hori esatean, tarteka hirian dagoen jatetxe japoniar batera joaten dela dio. Bestela, normalean etxean jaten omen du, berak prestatuta: “Porruak, dilistak eta horrelakoak. Ikusi non dagoen Mexiko, bi alboetara itsasoa dauka, baina ez hemen ez dago arraina jateko kulturarik”, dio. “Arrain zalea al zara, Xabier?”. “Bai, bai, haragiaren aldean nahiago”, erantzun du, ziurtasunez.

Azpeitiar mundutarra. Gu Mexikon egotearen arrazoiak ematen ari garela, bertakoek esku zabalik hartu gaituztela esan diogunean, moztu egin digu: “Mexiko oso nazionalista da, eta Guadalajara, askoz nazionalistago. Nik aspaldi gainditu nuen nazionalismoaren zentzua. Azken batean, kilometro bat harantzago edo kilometro bat honantzago jaioagatik, ezberdinak izan behar ote dugu ba? Ezberdin sentitu?”. Mundutarra al da orduan? “Bai, esan liteke mundutarra naizela, ondo erakutsita dudan moduan”, eta bere ibilbideaz hasi da hizketaz: “Elite mailan, 29 urterekin hasi nintzen entrenatzaile, Bartzelonan, Espanyolen. Hiru urte pasatu nituen han. Ondoren, Valladolidera joan nintzen, Sevillara, Tenerifera, Boliviara, Txilera eta Yokohamara. Eta azkenaldian, Real Madrilen lan egin dudanean, Egipton, Marokon eta beste zenbait lekutan ibili naiz. Gaur egungo gazteek kanpora ateratzeko aukera gehiago dituzte, eta hori ona dela uste dut, kanpoan zaudenean gauzak beste era batera ikusten dituzulako, eta etxean duzuna ere gehiago estimatzen duzu. Badut pasarte bat horri buruz: Azpeitira askotan joaten naiz, eta horietako batean, ezagun batek honela galdetu zidan: ‘Hi, zer, Azpeitiyen?’, eta nik, ‘bai’. ‘Zer, hemen bezela inun ez, ezta?’, hark. ‘Ba, bai; leku ederrak zaudek hor’, nik. ‘Baino, hemen bezela inun ez, ezta?’, segitu zuen. ‘Behin ere erten al dek Azpeititik?’, galdetu nion eta hark, ezetz. Jakina, horrela izango ez da ba Azpeitia ederrena harentzat!; besterik ezagutu ezean...”.

Ohituretara egokituta. Autoan goazela, mexikarrek gidatzeko duten moduaz hasi da hitz egiten, astapotroak baitira oso, eta Azkargortak “bai, bai”, eta derrepentean kontrako norabidean sartu da, jatetxe aurrera iristeko: “Nik ere ikasi dut mexikarren erara gidatzen”, dio algara artean.

Chemary jatetxera sartu gara. Sarreran dagoen zerbitzariak ospetsu bati egin dio harrera: “Jabier, ongi etorri”. Guri ere ongietorria eman digu, baina beste begirada batekin. Mahai batean eseri, eta jatekoa eta edatekoa eskatu dugu. Aurretik, Azkargortak jatetxean bazkaltzen dagoen arrasatear bat agurtu du.

Hasieran, zizka-mizkarako, patata tortilla zatiak, txistorra eta kroketak. Halako batean, ahots bat entzungai; telefonoz ari da, gazteleraz. “Han bera! Oraindik ere azpeitiarrez hitz egiten du gazteleraz...”, dio Azkargortak, ironiko. Joxe Mari Iriarte Garmendia da bera, Errekartetxo baserria zenekoa. 69 urte ditu eta 40 daramatza Mexikon. Geurekin jarri da. Ez diogu esan, baina berari ere asko antzematen zaio euskalduna dela; ahoskatzeko moduan, batik bat. Beraz, azpeitiarrez jositako mahaian Mexikoko puntan.

Aspaldiko bi lagunek hitz egiten duten moduan hasi dira biak, Azpeitiko kontu zaharrak eta berriak aipatzen. Gustura. Iriarte asko oroitzen da oraindik ere baserriaz eta herriaz; baserriaren argazkia, jatetxeko lekurik onenean du jarrita, eta nongoa den galdetzen dioten bakoitzean, “harro” erakusten du, “hemengoa naiz”, esanez. 29 urte zituenean etorri zen, hasiera batean lan bat eskaini ziotelako. “Eta 40 daramatzat!”, bota du, harrituta bezala. “Begiratu non bukatu dudan”, esan dio tertulian Iriartek Azkargortari, eta honek, berriz: “Hik behintzat, badakik. Nik oraindik ez zakiat non bukatuko dudan...”, eta berriro irribarrea mahaian.

Chivas taldeari buruz ere hasi dira. Jokalari gazte batek Bartzelonaren eskaintza jaso du, eta bien ustez, hutsegitea litzateke gazte horrek joateko erabakia hartzea. Azkargorta: “Hazten ari diren zuhaitz samurrei pisua jarriz gero, okerrak hazten dira”. Euskararen gaia ere izan dute ahopean. Euskara batua sortzea “garrantzitsua” izan dela dio Azkargortak, “euskaldunok elkar ulertzeko modua aurkitu dugulako”, baina Iriartek errestoan: “Nik ez dut ezer ulertzen euskara batuan”. Bitartean, robaloa saltsan jan dugu; arraina noski, bakailaoaren erara. Ederra. Eta postrea. Eta kafea.

Ezin esan gabe utzi telebistan Ingalaterrako eta Poloniako selekzioen futbol partida ari direla ematen. Azkargorta entrenatzaileak tartean-tartean begirada bat botatzen dio telebistari, eta esatariak ‘gol’ aipatzen duenean, inertziaz begiratzen du.

Bukatu dugu bazkaria, ederra, pasadizo zaharrak entzun eta gero. Azkargortak gonbidatu nahi gaitu, baina Iriartek ez dio utzi.

Egun erdia, botata. Azkargortaren etxera segidan, arratsaldeko entrenamendura joan aurretik handik pasatu behar duelako.

Eguneroko bizitza. Bakarrik bizi da Guadalajaran; emazteak Bartzelonan segitzen du, bien bizilekuan —duela ia 25 urtetik—. Pertsona bakarrik egotera “ohitu” egiten dela dio. Hala ere, egun txarretan norbaiten beharra sentitzen duela aitortu du. “Gainera, hemen, zazpi ordu atzerago bizi garenez, askotan ezin dut hara deitu, han lo egongo direlako”. Laster datorkio emaztea, hilabeterako bisitan.

Hala ere, normalean ez omen du astirik izaten futbolaz kanpoko gauzak egiteko. Astean egun batez izan ezik, beste guztietan entrenamenduak izaten ditu. Baita bilerak ere. Eta horrez gain, gaztetxoak “kontrolatzen” ditu: “Normalean, astean egun bat izaten dugu libre, baina hori jokalarientzat izaten da. Ni, aste horretan jokatu ez dutenak zuzentzera joaten naiz. Egunak nahiko okupatuak izaten ditut; hobe horrela, hartara ez dut beste ezertan pentsatzen. Umeak kontrolatzen ere aritzen naiz, eta ikastaldiak eskaintzen dizkiet. Estatu Batuetara ere joaten gara partida batzuk jokatzera. Han mexikar asko dago, eta telebistari ere komeni zaio gu hara joatea”. Entrenatzailearen laguntzaile batek argitu du Chivas dela Mexikoko talderik popularrena, “eta Errepublikatik kanpora gehien ateratzen dena da”.

Denbora libre apurrrean etxean egotea du gogoko azpeitiarrak. “Etxe-zuloa naiz. Irakurtzea asko gustatzen zait; futboleko zurrunbilotik ihes egiteko modu egokia da. Zinema ere gustuko dut, baina kasu horretan ‘sufritu’ egiten dut, jendeak ezagutu egiten nauelako eta horrek dakarren guztiarekin... Nahiago dut, beraz, DVD bat ikustea etxean”.

Bi baldintza. Irakurtzeaz gain, badu beste zaletasun bat, berak dioen bezala “ia-ia adiktoa” izateraino: “Nik klub batean sinatu aurretik, bi baldintza jartzen ditut: batetik, telebista kablearekin jartzea, munduko eta etxeko berri izateko, eta, bestetik, Internet. Japonian egondako denboran ohitu nintzen teknologia berrietara. Lehenengo aldiz 1992an atera nintzen urrutira, Boliviara. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira. Orain aldageletara ere, Mexikon eskuko ordenagailuari esaten zaion modura, nire lap-top eramaten dut, eta kamera txikia ere badut. Esan dezaket ia-ia adiktoa naizela. Azpeitiko kartak ere egunero irakurtzen ditut”.

15:30ak dira. Entrenamendua laster. Baina ez goizeko toki berean. Arratsaldean, klub pribatu batean dute saioa. 17:00etan. Azkargortarekin sartu gara, “hauek nirekin datoz” esan diolako klub pribatuko atekoari. Barruan, igerilekuak, frontoiak, teniseko pistak, kafetegia... daude. Denetik. Eta eserita dagoen aita batek semeari: “Begira, Azkargorta entrenatzailea”.

Lan aldaketa. Zergatik etorri da Mexikoraino? “Real Madrilen oso eroso nengoen, baina talde bat entrenatzeko gogoa ere banuen. Baina, bai, erabaki gogorra izan da. Jendeak uste du ni oso zaharra naizela, urte asko daramatzadalako entrenatzaile, baina 52 urte baino ez ditut. Oraingo aukera hau aprobetxatu ezean, pentsatu nuen gero zailago izango nuela, eta, beraz, aukera ona zela berriro profesional gisa entrenatzaile lanetan hasteko. Halaxe hartu nuen erabakia. Oso gustura nago hemen orain arte egindako lanarekin”.

Azkargortak inoiz ez du Euskal Herrian puntako futbolean entrenatzaile bezala lanik egin. Arrazoia: ez diote posturik eskaini. “Sekula ez dut Euskal Herrian profesional bezala lanik egin. Lagun Onak eta Ondarroa entrenatu izan ditut, baina ez besterik. Udaran Realean kirol zuzendari postua betetzeko gertu ibili naiz. Jesus Mari Zamorarekin eta Miguel Fuentesekin hitz egin nuen Bartzelonan, bale zela ematen zuen, baina azkenean ezerezean geratu zen, eta orain Joxe Mari Bakerok betetzen du kargua. Ez dakizkit arrazoiak. Ondoren hartu nuen hona etortzeko erabakia”.

Entrenatzailea da azpeitiarra eta medikuntza ikasi zuen. Harritzekoa? Berak oso garbi du zergatia: “Hasieratik banekien entrenatzaile izan nahi nuela. Beraz, zerekin egiten dut lan? Jokalarien gorputzekin, eta horretarako zer hobe medikuntza ikastea baino. Bilbon hasi eta Bartzelonan bukatu nuen karrera, Espanyoleko entrenatzailea nintzela. Medikuntza barruan, kirol arloan espezializatu nintzen”.

Bukatu du entrenamendua. Etxera iristerako, gaueko bederatziak ia. Eguna bete-betea izan du. “Orain zer egingo dudan? Etxera heldu, eta lo", esan du, agurtzean.

Ameriketako beste esperientzia gogoangarria: Boliviakoa

Enekoitz Esnaola. Xabier Azkargorta lanean orain Ameriketan da baina lehen ere izana da, Boliviako eta Txileko hautatzaile izan zelako. Ezagutzen du, beraz, paraje haietako bizimodua. Goia, Boliviako selekzioarekin jo zuen, 1994ko Mundialera sailkatzean. Aurrez, sailkapen fasean, Brasili 2-0 irabazi zioten, eta Azkargorta han, idolo. “Bai, orain zerura bidali naute boliviarrek, baina lehen infernura —zioen 1993an, Egunkaria-n—. Izan ere, hasieran gaizki hartu ninduten. Bolivian jendeak uste zuen bertako bat izango zela hautatzailea eta nire izena azaldu zenean, noski, inork ez zuen ezagutzen. Jende guztia aurka izan nuen. Heriotza mehatxu bat jaso nuen, baina hori zoro baten kontua izan zela pentsatu nuen orduan”. Emaitza onak lortzen hasi zen eta, ospetsu. “Ez dakit, baina Errepublikako presidentea eta ni toki guztietan azaltzen gara”, esan zuen orduan.

Boliviako gizartearekin inplikatzera iritsi zen Azkargorta. “Nik han ikasi nuen zer gogorra den bizitzea”, esan zuen 2000n, Uztarria herri aldizkarian. “Han jendeak lo egiteko tokia eta janaria izanez gero, handik aurrerakoa ongietorria. Han badago oso-oso jende aberatsa, baina baita oso-oso pobrea ere, asko gainera, eta hango aroa bukatu eta gero beste era batera ikusten ditut gauzak. Bizitzako detaile txikiak askoz gehiago baloratzen ditut harrezkero. Boliviara egokitzeko ezinbestekoa zen gizartea ezagutzea, eta Amazoniara eta abar joan nintzen propio. Dena den, nik hori beti egin izan dut, joandako toki guztietan. Baina Bolivian jaso nuen inpakto hori ez dut inon eduki”.

Kartzeletan izan zen, Unicef-eko kanpaina bat egin zuen... “Agian, euskalduna izateak ere badauka zerikusirik. Kanpotik Euskal Herrira etortzen den jendea saiatzen bada geure ohiturak onartzen eta euskara ikasten, guk asko baloratzen dugu hori. Horregatik gustatzen zait niri toki batera joan eta eskaintzen sartzea eta ez exijitzen. Komunikabide bat da futbola, eta han, Bolivian, neuk egindako gauza batzuek egundoko arreta jasotzen zuten gizartean, eta toki eta une batzuetan futbol entrenatzaileoi jaramon handiagoa egiten digute gobernuko presidenteari baino. Gogoratzen naiz behin Boliviako telebistan nola egin nuen iragarki bat umeen beherakoa mozteko, urtean 25.000 ume hiltzen baitzen han. Begira zer arazo! Futboleko jende batek ezin du futbola bakarrik eskaini”. ________________________

Guadalajara

Herrialdea. Mexiko. 89.998.000 biztanle.
Guadalajara. 1.737.000 biztanle. Mexikoko herririk handienetakoa da.
Industria. Nekazaritza batik bat.
Hizkuntza. Ofiziala, gaztelera.

52 urte ditu

Xabier Azkargortak 52 urte ditu, eta dagoeneko “zaharra” dela uste omen dute askok. Gaztetatik hasi zen entrenatzaile lanetan, eta talde asko zuzentzeko aukera izan du.

Atzerrian

Xabier Azkargorta, Lagun Onak-en izan zen entrenatzaile, gero Ondarroan ere bai. Harrezkero, beti Euskal Herritik kanpo egon da karguetan.

1982. Nastic Tarragona (Katalunia).
1983-1986. Espanyol (Katalunia).
1986-1987. Valladolid (Espainia).
1987-1989. Sevilla (Espainia).
1989-1991. Tenerife (Espainia).
1992-1994. Boliviako selekzioa.
1995-1996. Txileko selekzioa.
1997-1998. Yokohama Marinos (Japonia).
2003-2005. Real Madrilen (Espainia) nazioarteko eskolaren zuzendari.
2005-? Chivas (Mexiko).