Gazteen Ttattola

Ihintza Agirretxe (Hazparne)

Laster irekiko da gaztetxea Azpeitian; Hazparnen badute. Uztarriak bi herrietako gazteak bildu ditu, gai horretaz aritzeko

Gazteak Hazparnen, Ttattola atean. 
Ezkerretik eskuinera, Gaizka Otamendi azpeitiarra, eta Ramuntxo Christy, Mattin Olzomedi eta Katti Pochelu hazpandarrak, Ttattola gaztetxean. 
Bazkaria Ttattolan
Bazkaria Ttattolan.  Ttattola, inguruetako gazte euskaldun denen bilgunea da. Bertan bazkariak, kontzertuak... antolatzen dituzte. Argazkian, Ttattolan eginiko bazkari bat  (Ttattola)

Bat eraisten duten bitartean, beste bat antolatzen izaten dira. Gaztetxeak, alegia. Hazparnen (Azpeitiarekin senidetuta dago). Azpeitian ere izan zen, eta laster gazteek beste gune bat izango dute. Bi herrietako gazteen ordezkari batzuk bildu ditu Uztarriak, Hazparnen bertan: Mattin Olzomendi, Katti Pochelu eta Ramuntxo Christy hazpandarrak, eta Gaizka Otamendi azpeitiarra.

Ttattola da gazte hazpandarren lekua eta bertakoek badute zer kontatua, orain 4-5 urte ingurutik baitute gaztetxea. Gaizka Otamendik, berriz, hasierako esperientzia eta ilusioa eraman zituen Hazparnera. Bi egoera ezberdin, bi esperientzia ezberdin, eta helburu bakarra: gaztetxea.

Hasierak. “Orain 4-5 bat urte ireki genuen Ttattola [txabola]. Aurretik batzoki bat zen, baina batzokia hemen ez da Hegoaldean bezala EAJkoen elkartea; hemen euskaldunak elkartzeko leku bat da”, esan du Katti Pocheluk. “Batzokia hamar bat urtean egon zen irekia, bukaeran ez zuten deus antolatzen eta aspertuak zirenez, gazte batzuei proposatu ziguten hartzea. Horrela inguruko herrietako gazteen artean antolatu ginen gaztetxearen irekitzeko. Eta horrela, honen aurretik ukan genuen gaztetxea ireki genuen”, jarraitu du. “Han, urte bat eta erdi inguru egin genuen, baina gu geundelarik, etxearen jabeak saldu zuen guri deus erran gabe, eta kanpoan izan ginen urte batez. Gero lokal bat aurkitu genuen kasualitatez eta orain hemen gara bizpahiru urtez”.

Azpeitian, aurretik ere izan zen gaztetxe bat. 1993. urtean itxi zuen Udalak, eta ordutik herriko gazteak biltzeko lekurik gabe izan dira. “Orain bost bat urte aurreko gaztetxea okupatzeko saiakera egin zen, baina bost egunerako desalojatu zuten ertzainek. Ondoren, Azpeitian Gazteok Zer?! taldean, gazteek gauzak antolatzeko-eta lokal baten beharra genuela ikusten genuen. Orain hilabete batzuk hasi ginen Udalarekin bilerak egiten, eta laster irekiko dugu gaztetxea”, dio Otamendik. “Baina hemen ez da Hegoaldean bezala. Pentsaezina da okupazioa. Donapaleun (Baxenafarroa) saiatu ziren, baina biharamunean txakurrak zituzten atean”, gaineratu du Mattin Olzomendik.

Arazoak. Hazparneko eta Azpeitiko gazteek oso baldintza eta egoera ezberdinak dituzte. “Guk laguntzarik ez, baina arazorik ere ez dugu ukan orain artean Herriko Etxearekin”, dio Katti Pocheluk. “Ematen dizkigute muga batzuk, baina gero guk nahi duguna egin dezakegu. Guk ukan dugun arazo nagusia giltzena da”, jarraitu du.

“Azpeitian izan ditugu arazoak, baina azkenaldian gauzak bide honetik doaz. Orain, barne arautegia-eta adosteko Udaleko alderdi bakoitzeko zinegotziekin astero bilera egiten dugu. Beno, PPkoa eta PSE-EEkoa ez dira agertzen”, dio Gaizka Otamendik. “Guk badugu alde txar bat: alokairua ordaindu behar dugula”, Mattin Olzomendik. Baina gero badugu autonomia ere gauzak antolatzeko. Ez da beste herri batzuetan bezala, badutela Herriko Etxeak utzitako lokala, baina gero ezin dute deus antolatu. Guk legea errespetatzen den artean egin ahal dugu nahi duguna”. “Hasieran gaztetxea izango den auzoko bizilagunekin izan genituen arazoak. Haiek kexatu egin ziren, eta bilera egin genuen gure asmoak azaltzeko. Bilerara agertu zirenak ere gure alde agertu ziren, eta orain ez da inor kexatzen”, dio Gaizka Otamendik.

Funtzionamendua. Azpeitiarrak hartu du hitza, eta beraien funtzionamendua nolakoa izango den adierazi die: “ Lokala bi urterako utzi digute, baina epea luzatzeko aukera dago. Lokala Azpeitiko gazte guztiei utzitakoa izango da, eta ez Azpeitian Gazteok Zer?! taldeari, ziurrenik gazte guztiak ez baitira talde honekin identifikatuko. Gaztetxean talde eragile bat izango da, eta bertan antolatuko dira hainbat ekimen, gero batzarra egingo da, eta hemen erabakiko da ekimen horiek egin edo ez. Egunero irekiko dugu lokala eta ekimen ezberdinak antolatzen saiatuko gara”.

“Gu, berriz, Hazparneko eta inguruko gazteak biltzen gara hemen”, dio Mattin Olzomendik. “Lehen antolatu ginen taldeka; animazio taldea, erosketa taldea... Orain hasi behar dugu berriro antolatzen. Duela hilabete batzuk ez dugu ireki gehiago. Baina hasi behar gara berriro ostiral eta igande arratsetan irekitzen”. Dirua atera behar izaten dute hazparndarrek. “Guk alokairua ordaindu behar dugu hilero, eta dirua behar dugu lortu horretarako. Antolatzen ditugun kontzertuen bidez lortzen dugu dirua, eta energia gehien ere horretan xahutzen dugu”, diote.

Asmoak. Denak ados daude hasieran asmo asko izaten direla esatean, baina gero asmo horiek gauzatzea ez omen da hain erraza. “Guk urteko egitaraua eginda dugu, eta gauzatzen saiatuko gara. Ea apirilerako irekitzen dugun gaztetxea”, esan die Otamendik. “Guk hasi behar dugu berriro gauzak antolatzen, taldeka antolatzen eta gaztetxea irekitzen”, gaineratu du Katti Pocheluk.