Euskarari zirina

Enekoitz Esnaola

Julia Tercero PPko zinegotziak ez daki euskaraz eta ez du ikasiko, asmorik ez duelako. Azpeitian ondo egin nahi du lan, baina euskara jakin gabe. Eta itzultzailea exijitu du

Julia Tercero, PPren Azpeitiko zinegotzia Euskal Autonomia Erkidegoko legediari atxiki zaio: gaztelania ere ofiziala da, berak ez daki euskaraz, eta herriko udalbatzarretan lan egin ahal izateko, euskaratik gaztelerara itzultzea exijitu du. Legea hartu du kontuan, beraz.

Baina ez du kontuan hartu: Azpeitian dagoela zinegotzi, Azpeitian %87k euskaraz badakitela, eta %83k euskaraz hitz egiten dutela, beste zinegotzi guztiek (beste 20k) euskaraz badakitela, bera kanpotik etorri dela lan publikoa egitera —Donostiatik; han bizi da—, Azpeitiko udalbatzarretan euskaraz egiten dela, herritarrekin hitz egitean herritar horiek euren ama hizkuntzan ez hitz egitera behartuko dituela, herria ez duela ondo ezagutuko euskara jakin gabe, eta abar.

Uztarriaren Euskara taldeak uste du Tercerok ez duela errespetuz jokatzen herritarrekin eta herriarekin. “Legea hor dago. Baina gure ustez, Tercerok errespeturik ez du izan. Esan batek dio zauden tokiko hizkuntzarekiko errespetua dela eduki behar den aurrenekoa. Hura, ordea, Azpeitira etorri da, ia azpeitiar denak euskaldunak gara, euskara ofiziala da, baina ez du euskara ikasteko intentziorik izan behin ere, eta ez du ikasiko”, dio Uztarriak.

2004ko urtarrilean hartu zuen zinegotzi kargua Tercerok. 2003ko udal hauteskundeetan ez zen aurkeztu, baina hautes araudiak uzten du zerrendan ez daudenek kargua hartzen —besteak erretiratuz gero—, eta halaxe sartu zen Tercero Azpeitiko udaletxean: PPko zerrendaburu Francisco Javier Piñeirok eta zerrendako beste 17 kideek ez nahi, berak bai, eta zinegotzi (Habearen legez kanporatzeaz baliatuta ere bai). Kargua hartzea tokatu zitzaionean, gaztelaniaz idatzita eraman zuen testua irakurri zuen; euskaraz, batere ez.

Hasieratik. Orduan ere udalbatzarrean euskaraz egin zen, baina gaztelaniazko laburpenak tartekatu zituzten. Izan ere, hala eskatu zuen jendartean eserita zegoen PPko ordezkari batek, gaztelaniaz: “Eizmendi jauna, axola al zaizu esaten duzuen guztiaren erdarazko laburpena egitea, gure zinegotziak jakin dezan zertaz ari zareten?”. Julian Eizmendi alkateak baiezkoa eman zion eta plenoa bi hizkuntzatan egin zuten, Urola-Kostako Hitza-k orduan jaso zuenez.

Hau ere jaso zuen Hitza-k: “Esaten zen guztiaren gaztelaniazko bertsioa egin zuten hitza hartu zuten guztiek, Habeako kideak izan ezik. Habeakoek uko egin zioten gaztelaniaz hitz egiteari, Iñaki Errazkin udal ordezkariak esan zuenez: ‘Gaztelania ez da azpeitiarron hizkuntza eta guk ez dugu gaztelaniaz hitz egingo udalbatzako aretoan’. (...) Ondoren, Tercerok hitza hartu zuen. ‘Nik gaztelaniaz hitz egingo dut, nire hizkuntzan; eta hau, nahi edo ez nahi, Espainia da. Esaten den guztiaren gaztelaniazko laburpenak exijituko ditut’. Harrezkeroztik, Habeako kideek esan zuten guztia udal idazkariak itzuli egin zion PPko zinegotzi berriari, udalbatzarreko ordezkarien beste kideen laguntzarekin”. Halaxe ekin zion udaletxeko lanari...

Garbi dauka. 2004ko martxoan Uztarria aldizkariak elkarrizketa egin zion Tercerori berari, eta euskaraz ikasteko asmorik ba al duen galdetzean, PPkoak: “Saiatu izan naiz hiru aldiz, eta badakizkit esaten ‘altxa burua’, ‘mina daukazu’... baina zaila egiten zait ikastea. Frustratua sentitu izan naiz. Ahal dudana egingo dut”. Ondoren, betikoa esateko: “Nik errespetua diot euskarari. Baina euskara politizatu egin da”. Eta gauzak, garbi: “Ni Azpeitira ez naiz etorri euskara ikastera. Hori ez da niretzat lehentasuna. Eta ni udalbatzarrean banago, eta euskaraz ari badira, itzulpena nahi dut. Bestela, nola bozkatu behar dut?”.

Azpeitian dagoenetik, ez ditu udal euskara zerbitzuak erabili zerbait ikasteko. Eta itzultzailea exijitu du. Idatzia abenduaren 16an sartu zuen. Geroztik bi udalbatzar egin dira: bata abenduaren bukaeran eta bestea urtarrilaren 13an. Abendukoan udal langile batek egin zizkion Tercerori euskaratik gaztelerarako itzulpenak. Urtarrilekoan, EAJko eta EAko zinegotziek eta alkateak hitz egiten zutenean, beraiek itzultzen zioten; Habeakoek esandakoak, alkateak eta udal idazkariak itzuli zizkioten.

Hemendik aurrera zer? Uztarriak jakin duenez, Udala “aztertzen” ari da “itzulpeneko zer sistema jarri”. Azkoitiko udaletxean ere badago horrelako kasurik: itzultzaile bat dago, eta euskaraz ez dakiten zinegotziek itzulpen tramankuluak dituzte, “baina hori garestia da”, Azpeitiko udal iturriek diotenez. “Erabakia hartu arte, orain bezala itzuliko zaio”.