Iñaki Alberdi: "Umea nintzela diana ohetik entzuten nuen"

Ainitze Oruesagasti

 
 
 
 

Musikarako zaletasuna umetatik datorkio Iñaki Alberdiri. Herriko bandan klarinetea jotzen du, eta kide izateak festak ondo ezagutzeko aukera eman dio.

Noiz hasi zinen bandan klarinetea jotzen?

Bandan orain 55 urte hasi nintzen. Lagun bat eta biok batera hasi ginen. Orduan Pako Gurrutxaga nuarbetarra zen bandako zuzendaria. Martxoan solfeoa ikasten hasi eta lehen pausoak saninazioetan egin nituen.

55 urte bandan jotzen, herriko festak ondo ezagutuko dituzu. Ezta, hala?

Ni umea nintzela diana ohetik entzuten nuen. Gero, bandan hasi nintzenetik, ez dut dianarik entzun kanpotik. Jo egin dut.

Karnabaletan zuzendari lanetan ere aritzen zara...

Niri zuzendari lanak egiten Joxe Mari Altunak erakutsi zidan. Behin bailableetan probatzeko esan zidan, eta hark animatu ninduen. Nik ez dut zuzendari izateko ikasketarik, baina moldatzen naiz. Instrumentua jotzea zailagoa da.

Zein duzu karnabal kantetan gustukoena?

Asko daude, baina bat aukeratu beharko banu, Sagardo tokian kanta asko gustatzen zait.

Karnabaletako pasadizorik?

Astearte karnabalez zezenak harrapatu ninduen. 06:30ean diana jo eta eguerdian jo ondoren, bazkaria izan nuen Aitonenan. Zezenaren irteera jo ondoren, Schubert eta ni gustura genbiltzan. Nire izeba Maria kalean ikusi eta zezena zebilela ikusita, Eliz kale izkinaraino lagundu genion. Plaza Txikira bueltatu ginenean, zezenean nenbilela lagun bati argazki bat ateratzeko esan nion. Eta zezenak harrapatu ninduen... Argazkia etxean daukat.

Txikitako ametsa.

“14 urte nituela Enparan kaleko jesuitinetara joaten nintzen mezetara, lanera joan aurretik. Behin meza bukatu ondoren, Barrenetxeak zenbat urte nituen galdetu, nik 14 nituela eta hark: ‘Ba tipletarako, zahartxoa’, erantzun zidan. Gustura izango nintzatekeen tiple baina...”.