Zenbat preso hainbeste galtzerdi

Amaia Mendizabal

Enkarna Uzkudunek badaki ondo zer den senide bat preso izatea. Akaso horregatik egiten dizkie herriko presoei galtzerdiak, hanketan hotzik ez dezaten pasa

Gerraundiko 'fabrikan'
Gerraundiko 'fabrikan'.  Enkarna Uzkudunek ondo daki zer den kartzela, aita eta senarra preso izanak baititu. Orain preso guztien hankak berotzen saiatzen da, haiei galtzerdiak eginez, Gerraundiko 'fabrikan'.  (Amaia Mendizabal)
 

Gerraundiko sukaldeko txokorik goxoenean, 89 urteko hatzean artean lau orratz luze hartu eta lanazko galtzerdi bero batzuk ehuntzen; halaxe topatu dugu Enkarna Uzkudun bere etxera elkarrizketa egitera azaldu denean Uztarria. Ez da kasualitate hutsa izan, horrelaxe pasatzen baitu egunaren parterik handiena: presoentzat galtzerdiak egiten; batik bat, azpeitiarrentzat.

Eskuartean duen parea, Aitziber Ezkerra azkoitiar presoarentzat izango dela kontatu du. Izan ere, herriko preso guztien hankak berotu eta gero, dagoeneko “atzerrikoekin” ere hasi dela aitortzen du. Ezkerrarentzat parea berde kolorekoa da; Garikoitz Etxeberria Kafe herritarrari, aldiz, gogoan du galtzerdi gorri-gorriak egin zizkiola. “Hura ere, ni bezala, halakoxea delako: gorri-gorria”. Kafe-k ez ezik Juan Karlos Arruti Paterra-k, Xabier Etxeberria Txapi-k, Jabi Agirrek... herritar preso guztiek jaso dute galtzerdi parea. Berotu beharreko hankak ugaritzen joan ahala, orduan eta handiagoa izan da Enkarnaren grina galtzerdiak ehuntzerakoan.

Hark naturaltasunez hartzen du kontua, denbora-pasarik ohikoena balitz bezala: “Ederki pasatzen dut denbora horrela, bestela aspertu egiten naiz eta”; ea ez al den nekatzen ere galdetu izan omen diote, baina ezetz dio, irribarre handi batez.

Enkarnak aspalditik ehuntzen ditu etxeko kideentzat galtzerdiak, “batik bat, ilobentzat”. Alaba Miren Odriozolak ere gogoratzen du eurak haurrak zirenean amak nola josten zizkien ia arropa guztiak. Izan ere, Enkarnaren izeba Donostian jostun ospetsua zen, eta ahizpak ere lanbide horri eutsi zion. Ondoren, urte luzez etxean lan gehiegi izaten zuela eta, ez omen zuen astirik galtzerdiak egiten hasteko. Ilobak agertzen joan ahala, ordea, berriro heldu zion Enkarnak aspaldiko jardunari. Kartzelara bidalitako lehenengo galtzerdi parea, berriz, duela lau urte inguru egin zuen, bere alaba Triniren lagunarentzat. Ordutik hona ez da gelditu ere egin, eta egungo bere marka galtzerdi parea hiru-lau egunetan ehuntzean dago.

Urteen poderioz hainbeste kontu ditu gordeta buruan, eta orain Enkarna Uzkuduni ahaztu egiten zaizkio hankak bero dituztenen izenak. Ondo gogoan ditu, ordea, garai bateko pasadizoak. Izan ere, kartzela kontuak ez dira berriak Enkarnaren bizitzan.

Senideak kartzelan. Enkarna Errezilen Kurutzea baserrian jaio zen, duela 89 urte. Hamahiru senide ziren etxean eta lan asko egin beharra omen zegoen, tartean ehuntze lanak: “Senide txikien sehaskari eragiten nion bitartean ikasi nuen nik galtzerdiak ehuntzen”. Haurtzaroko oroitzapenen artean, aita kartzelan nola egon zen gogoratzen du hark: “Auzoko batek akusazio faltsuak egin zituen gure aitaren kontra, eta Donostian Ondarretako kartzelara eraman zuten, inongo kulparik gabe”. Urterik gogorrenak, ordea, iristeko zeuden, dioenez.

Hogei urte zituen Enkarnak Espainiako Gerra Zibilak eztanda egin zuenean, eta bere mutil-laguna, Azpeitiko Gerraundi baserriko Joxe Odriozola, gerrara alde egiten ikusi behar izan zuen; denbora asko pasatu baino lehen preso hartu zuten Joxe. Hori ere, patuaren azpikeriaz-edo, Enkarnaren aita egon zen kartzela berean sartu zutelako: Ondarretan. “Heriotza zigorra ezarri zioten. Hauteskunde garaian gure Joxe Aizarnazabalen egon zen, nazionalisten ordezkari gisa, eta eskuan pistola bat zeramala ikusi zuela zioen norbaitek. Gezurra galanta! Joxek, ordea, azkar esan zuen: ‘Ikusi nauena etor dadila ona eta esan dezala hori nire aurrean’. Ez zen inor azaldu, gezurra zen eta!”.

Heriotza zigorretik ihes egitea lortu zuen Enkarnaren mutil-lagunak, baina ibilbide luzea gelditzen zitzaion oraindik etxera itzuli aurretik. Trabajadores-etara, gatibu-lanak egitera zigortu zuten, frankismoko beste hainbat preso bezala. “Zazpi urte pasatu ziren hura etorri aurretik, hara eta hona ibili zutelako: lehenengo Reusera (Katalunia), gero Lezora eta beste hamaika lekutara. Hura egondako toki guztiekin akordatzen naiz ni. Gerra bukatu eta lau urtera azaldu zen etxean Joxe, San Martin hirugarren egunez”. Bitartean, Enkarnak baserrian jarraitu zuen, berak esan bezala “gizonen pare lanean”. Joxe itzuli eta urtebetera ezkondu ziren, eta ordutik bizi izan da Gerraundin: “Urrea baino finagoko senarra topatu nuen nik; ez pentsa orain horrelakorik topatuko duzuenik...”.

Lana gainezka, kartzela, itxaronaldi urte luzeak... Enkarna Uzkudunek badaki hori dena zer den. Badaki, agian, bere Joxek eta aitak askotan izango zutela hanketako hotza Ondarretako kartzelako ziegan. Beharbada, beraz, horregatik saiatzen da preso guztien hankak hainbeste maitasunez egindako galtzerdiekin berotzen.