Gida baimena euskaraz?

Ihintza Agirretxe

Atera al daiteke gida baimena euskaraz? Ba al dugu euskaldunok hura euskaraz ateratzeko aukerarik? Tamalez, oraindik zaila da edo ezinezkoa

 

Hemezortzi urte eginda, jendea abiadan joaten da kotxeko gida baimena ateratzeko matrikula egitera, auto eskolara. Baina iritsi eta komeriak izaten dira. Liburuak hartu eta: “*Si usted va por una vía interurbana con un vehiculo de tracción animal*...” edo “si en una carretera de dos carriles de lineas discontinuas...” bezalako esaldiak irakurtzean laster aldatzen da baten aurpegia. Gida baimeneko azterketak Donostian, Beasainen, Villabonan eta Azpeitian egin daitezke —astero izaten dira, bai teorikoa eta baita praktikoa ere—. Normalena erdaraz ateratzea dela diote Azpeitian dauden bi auto eskolatako arduradunek.

Zailtasunak. Gida baimena euskaraz ateratzeko zailtasunak daude, eta, arrazoi bat, eskumenak Espainiako Gobernuak dituela. Gobernu horrek ez du ezer egiten testuak eta testak euskaratzeko, eta, beraz, ez daude. Test batzuk ba omen dira euskara hutsean, baina gutxi, eta oso zailak gainera. Badirudi beraz, eskumenak Espainiak dituen bitartean, ez dela egoera asko hobetuko euskaldunontzat.

Azterketa praktikoa. Azterketa praktikoa egiteko zorte kontua da dena. Aztertzaileak, euskaraz dakitenak eta soilik gazteleraz dakitenak daude; beraz, zortearen esku gelditzen da azterketa zein hizkuntzatan egin. Hemen, azterketa teorikoan bezala, paper bat bete eta ezin da hizkuntza hautatu, tokatu egiten da. Beraz, zortea izan behar da euskaraz gidatzen ikasteko.