Laxaro Azkune: "Irratiko aroa bukatu da eta burua ez dut irratian pentsatzeko"

Ihintza Agirretxe

 
 
 
 

Irailaren 6an esan zion agur irratiari Laxaro Azkunek. 21 urte Herri Irratiko uhinetan pasa ondoren, orain itzulpengintzan trebatzea tokatu zaio. Uztarria bere lan berriko lehen egunean egon zen harekin, eta bere irratiko aroari buruz aritu zen.

Ikasketaz irakaslea zara, eta irratigintzara kasualitatez sartu omen zinen.

Soldadutzatik bueltan Azpeitiko Ikastolan hasi nintzen lanean. Han 8 urte neramatzala, Joxe Mari Iriondo telebistara joan zen, etalanpostu deia egin zuten Loiola Irratian. Ni ez nintzen enteratu ere egin, baina irrati horretan lagunak nituen, eta askotan egiten genuen topo. Egun batean, Juanito Arregik esan zidan: “Hiretzat lan polita zaukaat ba irratian”. Orduantxe azterketak zuzentzen nazkatuta nenbilen, eta “bai, hemen umeen artean ibiltzea baino txarragoa ez duk izango” bota nion. Eta horrelaxe, tentazioa sortu, eta neure buruari “zergatik ez?” behin eta berriz galdetu ondoren, izena eman nuen. Gero, azterketa egiteko hots egin zidaten, irakurketak eta elkarrizketa moduko proba batzuk egin, eta barrura.

Baina aurretik ere kasualitate asko izan dituzu

Ni kasualitatez seminariora joan nintzen. Umetan, 4-5 urte nituela, apaiz izan nahi nuen. Nire etxean auzoko apaizak ibiltzen ziren eta nik ere apaiz izan nahi nuen. 10 urterekin nahiz eta gogo handiegik izan ez, apaiz egiteko ikastetxe batera bidali ninduten eta gerora ere apaizgintzan ibili nintzen. Seminarioan bost urte pasa ondoren, handik irten eta ez nekien zer egin nahi nuen, nire helburua bizitza aurrera ateratzea zen. Ordurako 19 urte nituen eta ez neukan unibertsitateko karrerarik egiteko asmorik eta merkataritzako ikasketa batzuk egiten hasi nintzen hiru bat hilabetez.Baina hiru hilabetetik bi greban pasa genituen eta ez genuen aurrerapen handiegirik egin. Urte hori nahiko arraroa izan zen eta ez nuela etorkizunik mundu horretan pentsatu nuen.

Eta orduan hasi zinen magisteritzako ikasketak egiten.

Bai, 70. hamarkada ingurua zen eta ikastolen mundu hori martxan hasita zegoen mugimendua zen eta euskararen munduak ume umetatik motibatu izan nau. Seminarioko garaian ere euskararen mundu hori niretzat deskubrimendu handi bat izan zen. Saturraranera joan eta euskaldunok baserritar marginatu sentitzetik Donostiako seminariora joan eta euskaldunok han nagusi ginela konturatu nintzen. Beste kurtsoetan zeudenak, filosofian, teologian…zeudenak euskararen giro horrek, beste prestigio bat zuen eta niretzat hori egundoko baieztapena izan zen. Nere burua eta nire euskararekin nahiko baztertuta sentitzetik protagonista sentitzera iritsi nintzen. Eta nik uste nere bizitzan dezente markatu nauela euskarak baduela gaitasunik eta indarrik ikusi, sinestu eta hori praktikan jartzeak. Eta horrela etorri zen ikastoletako prestaketa eta gero magisterio prestaketa, nahiz eta eskola hauetan gehiegi ez ikasi, honekin batera, Joanes Etxeberri eskola antolatu zen. Aurretik ere ikastoletara joaten ziren irakasleekin prestatzen zituzten kurtso batzuk: Pakita Arregi eta Luis Aranburu Altuna… hauek antolatzen zizkiguten kurtsoak eta gau eskola batzuk antolatu genituen. Gero gau eskola horiek ordaintzeko diru bilketak egiten genituen Santaeskean irtenez-eta irakasleei zerbait ordaintzeko. Guk irakasle Andu Lertxundi, Xalbador Garmendia… eta beste hainbat lagun izan genituen. Batzuk historia, besteak literatura, euskara… prestaketa ezberdinak ematen zizkiguten, magisteritzako ikasketetan ikasten ez genituen gauzak eskola horietan ikasten genituen. Gu ikastolara sartu haurretik euskara batuaren polemika etorri zen: h-a bai ala ez… Gure bailara honetan oso gogor bizi izan genuen eztabaida hori, erreferendumak eta dena egin genituen

Zer egin zitzaizun zailena hasieran?

Sartu ginenok inolako prestaketarik ez genuen, eta hemen ere ahal zuten neurrian lagundu gintuzten. Niretzako, lanik gogorrena ordura arte Joxe Mari Iriondok egiten zituen kirol erretrasmisioak, aizkora probak… hark bezala jarraitzea izan zen.

Nola gogoratzen duzu lehen erretrasmisioa?

Lehen aldiz aizkolarien final batetara joan nintzen bakarrik, arrez gero makina bat aldiz konprobatu izan dut telefonikarekin sekula ere konexio batek lehenengoan ez duela ongi egiten. Joandako erretrasmisio guztietan arazoak izaten dira. Egun horretan gogoratzen naiz dena esan bezala jarri nuela, kable guztiak ondo jarri eta ala ere ez nintzela sartzen zuzenean. Txapelketa hasi zen eta nik behin eta berriro konexioak begiratu arren ez nintzela sartzen. Azkenean kanpoko kabina batetara irten eta handik erretrasmititu nuen. Beraz, kabina batetik egin nuen nire lehen erretrasmisioa. Oso gaizki pasatu nuen une haietan.

Hasieran koloboratzaile izan zinen. Nola eman zenuen esatari izateko pausoa?

Lanean hasi nintzenean sei esatari geunden irratian, eta, normalean, programa arduradunak Karmelo Otaegi edo Txema Auzmendi izaten ziren. Orduan programaburu zegoenari laguntzen genion, haren programako zati batzuk eginez. Neure lehen irratsaioa Txinpartak izan zen. 20:30etik 22:30era izaten zen. Egundoko ilusioarekin hasi nintzen, eta bizpahiru urte egin nituen zuzenean. Nik uste dut formula egokia zela garai hartako irrati entzulearentzat. Gainera, garai horretan eta ordu horretan euskaraz egiten ziren programen artean toki ona zuen.

Zein izan dira zure lanak?

Horretaz gain, bertsolaritza, trikitilariak eta herri kirolak jarraitu izan nituen garai batean. Bestetik, Herri Irratiko euskara arduradun ere izan naiz; eta asteburuetan, gogoratzen naiz urte batean Gipuzkoako herri gehienetako alkateak elkarrizketatu nituela. Aurretik Txemak egiten zuen programa, El alcalde al habla edo horrelako izenen batekin, eta gero ni hasi nintzen Alkateekin berriketan egiten. Beste programa bat Sustraiak izan zen. Grabatutako programa zen, eta lehengo lanbide zaharrez hitz egiten genuen. Nekazaritzaren inguruko tertulia bat ere egin izan dut.

Programa guztiak euskaraz egin dituzu, ezta?

Oso momentu puntualetan bakarrik egin izan ditut elkarrizketak gazteleraz, batik bat neuk ez dudalako erraztasun gehiegi, eta ez naizelako eroso sentitzen. Behin baino gehiagotan esan dut, erdaraz zerbait egin behar bada beste batek egiteko, alderantziz ere askotan gertatzen delako. Erdaraz bakarrik egiten dutenak badaude, eta nik beti hori eskatu izan dut, eta ez didate ukatu.

Beti euskal munduaren inguruan egin duzu lan. Izan al duzu beste aukerarik?

Saltsero samarra izan naiz, eta beti ibili izan naiz mundu horretan. Beti pentsatu izan dut euskaldun izaeraren arrasto nagusi moduan ikusten nuen mundu hori komunikabideetan baztertua zegoela. Nik inguru hori oso gertu ikusten eta sentitzen nuen, ni ere baserritarra naizelako; eta zaletasunak ere alde horretakoak izanda, uste nuen inguru horren alde egin nezakeela ekarpenik handiena. Ez dut beste alor batzuk lantzeko ez gogorik ezta proposamenik ere izan. Baina inork proposatu balit ere, ez dakit.

Damutu al zara inoiz irratian sartzeaz?

Damurik ez. Behar bada, irratigintzan egin nitzakeela uste nuen gauza asko ez ditudala lortu, horixe pena bakarra. Behar bada gauza gehiago egin zitezkeen, baina nik egin dudan hori mundu horren alde egin dut, eta mugak izan ditut. Pena hori bai, baina irratiak sekula amestu ez nuen mundu bat eman dit.

Zein ziren hasierako helburu horiek?

Helburuetako bat, Herri Irratian euskarak sartu nintzenean baino presentzia handiagoa izatea zen; bai programetan, eta baita euskararen planteamendu orokorrean ere. Hori ez da lortu, eta nahiko nuke egunen batean lortuko balitz, baina badakit irratiak berak ere ez dituela gauzak erraz izan.

Zein ziren zailtasun horiek?

Dakidana da garai batean diputazioak euskarazko programak egiteagatik ematen zituen laguntzen konpententziak diputaziotik Jaurlaritzara pasa zirenean, orduan kultura sailburu zenak ez zituela laguntza horiek ematen. Urte batetik bestera milioi mordo baten karga izan zuen Herri Irratiak eta badakit pentsatu eta erabaki zutela Herri Irratiak lehen zuen maila ez zuela jaitsiko eta beraz errentagarri eta dena irtengo zitzaiela. Pentsatzen zuten Herri Irratiak lehen zuen prestigioarekin euskara mailari heldu egingo ziola, Euskadi Irratia edo EITB bezalako medio publikoak potentziatzeko erabili zituzten laguntzak. Maila horretan nik uste diru eskasia horrekin eta euskarazko publizitateak dirurik ez duela ematen… gai hauekin borroka asko egin behar izan dugu bai irrati barruan eta baita kanpoan ere. Hauxe izan da nire ikuspegitik defizit handiena. Ez nizkioke kulpa denak medioari berari edo irratiari bota nahi, Euskal Herrian dauden diruak erabiltzeko orduan eta gure komunikabideak eta gure komunikabideak gure kontsidertzeko orduan hor egin behar diren bereizketa horietan diru publikoak banatzeko garaian dituzten kriterio horiek nolakoak diren garbi dago baina horrela beharko luken zalantzan jarriko nuke.

Denbora honetan guztian asko aldatu al da irratia?

Soporte teknikoak asko aldatu dira, eta, horiek aldatu diren heinean, lan egiteko modua aldatu egin da. Lehen programa bat egiteko hiru lagun behar baziren, orain bakarrak egin dezake lan bera. Niretzat produktu landuagoak egin zitezkeen lehen, denbora gehiago zenuelako zeure alorrera dedikatzeko. Ez da berdin programa batean dena zuk egitea edo elkarrizketa egiten ari zaren momentuan horretaz bakarrik arduratzea.

Irratia modernizatu behar dutelako, irratitik kanpo zaude. Euskal mundua eta modernitatea uztartu ezinak al dira?

Dudarik ez dut uztartu beharra daudela, Euskal Herriak euskaldun izaten jarraitu behar badu, eta euskaldungoak irabazi dituen espazioak sendotuko baditu.

Zer da irratian ikasi duzun garrantzitsuena?

Jendearen aurrean hitz egiterakoan, zer esan baino gehiago, aurrean zein duzun, zer irudituko zaion... pentsatzen duzu, eta horrek burua blokeatzen du. Hori niri ez didate erakutsi, eta ez dakit gaur egun horrelakorik irakasten duten. Normalean, pertsona bat mikrofono aurrean jarri eta zertan ari den ahazten duenean, askoz ere hobeto hitz egingo du.

Zer eman dizu irratiak urte hauetan?

Neure buruarengan konfidantza handiagoa. Beti izan dudan defizita da hori. Jendearen aurrean ibiltzerakoan, lotsa, beldurra edo segurtasun falta. Horrretarako, ez dut uste horrelako beste heziketa lekurik dagoenik.

Nola pasatzen da lotsati izatetik plaza gizon izatera?

Nik aurretik Iriondok eginiko ibilbidea nuen; gai jartzaile ibiltzen zen, aurkezten ibiltzen zen, Loiola Irratian lan egiten zuen… Eta ni haren partez edo hark egiten zituen lanak egitera sartu nintzen. Lan batzuk lotuta etorri zitzaizkidan. Niretzat erronka izan zen hori dena, eman zidaten aukera hori aprobetxatu nuen. Lehenengo aldiz hain gaizki egin ez duzula ikustean, jarraitu egiten duzu.

Zerbait gehiago eman al dizu?

Askotan arduradun agertzen diren pertsonak, politikoak, udaletakoak..., agerpenetatik jasotzen duzun iruditik dituzu ezagun. Gero, hurbilean, elkarrizketa batean, hain ondoan sentitzen dituzunean konturatzen zara dagoen ezberdintasunaz.

Eta zer kendu dizu?

Faltan bota izan dut lan eguna bukatu, etxera joan eta lanarekin bukatzea. Beti izan baitut zerbait zintzilik; agian hurrengo egunerako zerbait izango zen, edo pertsonaren bat nondik nora lokalizatu daitekeen pentsatu beharko nuen, edo asteburu horretako bertso saioa grabatu behar al dudan pentsatu beharko nuen…

Zein izan da 21 urte hauetako unerik gaziena?

Garai batean bazen Azpeitian irrati libre bat, eta arazoak izan zituzten emisioak emateko. Hurbilena Loiola Irratia zutenez, hona etorri eta komunikatu bat irakurri nahi izan zuten. Programan zegoenak ez zuen nahi izan mikrofonoa irekitzerik, eta orduan artxiboak, kasetak… hartu eta eman egin zituzten. Nik hura nire programan salatu nuen. Beste zenbait salaketa ere egin izan ditut, politika mailakoak-eta. Momentuan pentsatu dudana esan izan dut, eta mikrofono aurrean gauzak pentsatu bezala esateak arazo batzuk ere sortzen ditu. Niri gertatu izan zait zerbait esan eta gero norbaitek hots egitea, min egin diolako nik esan dudanak.

Une gozorik ere izango zenuen, ezta?

Argia saria jasotzea izan zen une gozoetako bat, 1993an. Eta badut une gozoak pasarazi dizkidan irrati kritiko bat. Egunkarietan nire irrati saioei eginiko kritikak beti ni goresteko izan dira, hori eskertu beharrean nago Xabier Lasari. Horrelako kritikoek agian pentsatuko dute besteak ez dituela leitzen, baina nik denak edo ia denak irakurri ditut.

Orain gutxi esan duzu, kasu puntualetan ez bada, ez zarela bueltatuko irratira. Momentu honetan dudan planteamentua ikastolatik irratira pasatu nintzenekoa bezalakoa da. Irratiko aro hau bukatu da, eta orain burua ez dut irratian pentsatzeko.

Irratitik aparte beste kazetaritza era bat egiteko prest izango al zinake?

Kazetari, erabat horretara dedikatuta... Ez zait aukerarik suertatu, eta aukera etorrita ere ez dakit zer esango nukeen. Ez naiz, ez prestaketaz ez ikasketaz, prentsa idatzian trebatua. Tarteka kolaborazio batzuk egin ditut, baina berez idazle alferra naiz. Eskatuta egin izan ditut artikuluak, eta gustura gainera, baina berez idazteko hori ez zait sortzen.

Irratigintzak eman zintuen gaijartzaile izatera, nola bizi izan duzu gai jartzaile lan hori?

Gai jartzaile moduan egoera ezberdinak bizitzeko aukera izan dut. Batzutan ikusten duzu bertsolariak gustura daula entzuleak ere disfrutatzen ari direla… eta saio hori bukatzen denean badakizu zu ez zarela protaganista, bertsolariak direla, baina zu ere partizipe sentitzen zara etra zu ere gustura sentitzen zara. Baina beste momentu batzuetan ordea, saioan jende gutxi, saio hotza bertsolariak ere ez dute gehiegi asmatzen… eta egun horietan ez zara gustura joaten etxera eta esaten diozu zeure buruari gehiago saiorik ez duzula egingo, baina gero denboratxo bat pasatzen da eta berriro eskaintzen dizute eta pixkabat pikatu egiten zaitu eta denboraz ere libre ikusten duzu zeure burua eta azkenean hartu egiten duzu. Eta horixe momentuan bertan, saioan zaudela eta asmatzenari zarela ondo pasatzen duzu. Baina hara joan arte eta saioa piskat antoaltu bitartean–eta ez da hain ongi pasatzen. Nik beti esan izan dut hilabete batean saioa bat baina gehiago ez dudala egingo. Nik urtean 6-8 inguru egoten ditut, orain momentuan gehiago egiten ari naiz bertso parrada eta Erniarraitz bertsio txapelketa direla eta, nbaina normalean 6-8 bat saio egiten ditut urtean.

Orain gehiagotan tokatuko al zaizu?

Ez, ez dut uste. Niri norbaitek eskatzen badit joango naiz tarteka, baina bestela ez. Gainera txapelketa nagusi honetan ere normalean bertsolari gazteak izaten dira eta aurkezleak ere bai. Nire adineko bertsolaririk ez badago, ez du ondo sintonizatzen. Guk horrela pentsatu dugu eta datorren urteko txapelketarako ere horrela dago pentsatua, horrela gu erreserban izango gara. Belaunaldi aldaketa ematen ari da, eta hori normala da.

Zer egingo duzu lan berrian?

Irakasle nintzenean tokatu izan zitzaidan eskolako materiala itzultzea, baita Los Cinco liburuak itzultzea ere. Nik bi itzuli nituen. Irratian ere egin izan ditut itzulpen lanak, baina ez ditut eguneko zortzi ordu itzulpenak egiten inoiz pasatu. Orain itzulpengintzan arituko naiz erabat, horretarako euskarako arau berriak ikasi beharko ditut, eta erronka berria da. Lan berean dedikazio osoa izango dut orain, eta beldur pixka bat ere badut, beti izan bainaiz saltsa askotako gauzak egin zalea.

Zer itzuliko duzu?

Jesuitek beren erakundeen artean erabiltzen dituzten komunikazioak itzuliko ditu