'Bullying' eta elkarbizitza

Kepa Urbieta

Beti egon izan dira gazteen artean tirabirak. Denek ezagutu dute gelakideen artean zein erasoak izan ohi diren. Noiz arte? Hondarribian gertatu zen...

Ikasle gaztetxo batek bere buruaz beste egin zuen Hondarribian. Euskal Herriko komunikabide guztietan toki handia hartu zuen albisteak eta ordutik gaur artean zurrumurru eta iritzi asko sortu da. Zigorra ere bai.

Gai horrek gurasoei zer pentsatu asko emango zien, beldurra eta urduritasuna akaso sentimenduetan. Baita ikastetxeetako irakasleei ere. Azpeitiko ikastetxeetako zuzendarien iritziekin egin dugu topo.

Bullying deitu izan zaio eraso mota horiei. Ez da oraintxe sortu den zerbait, eta horretan bat datoz zuzendariak. Oraingoan, ordea, emaitzak, heriotzak bihotzak izoztu ditu. Bere buruaz beste egin zuen Jokinek, eta hasieratik gelakide zituen zortzi gazteei egotzi zaie errua. “Arazoa sinplifikatzea da ardura guztia talde batengan uztea, eta zehazki gaztetxoei bakarrik begiratzea oker handia. Komunikabideen lanak eragin handia izan du horretan. Jokini egindako min konponezinaz gain, ez ote garamatza honek beste batzuei ere konponezina den kalte handi bat egitera?”, esan du Aitor Azpillaga Ikasberri Azpeitiko Ikastolako zuzendariak. Hondarrabiko institutuko irakasle batek ere jokaera laidogarria erakutsi omen zuen Jokinekiko eta gelakide guztien aurrean. Hala zabaldu zuten komunikabideetan. “Komunikabideek ez dute oso ondo eman albistea. Kontestua ez dute kontuan izan, faltan bota dugu. Eta horrek guztiak iritzi publikoaren begietan jarri du irakaslea”, dio Mamen Iriarte Iraurgi Ikastetxeko zuzendariak.

Neurriak. Azpeitiko ikastetxeetan lehendik kontuan zuten bullying-a bazela eta landu ere egiten zuten. Noski, orain ere lan horretan jarraitzen dute. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, adibidez, Belen Zubizarreta zuzendariak esanda, “gaiarekin loturiko zenbait zehar lerro eta tutoretza programak landu izan ditu eta lantzen ari da, helburua elkarbizitza eta errespetua izanik”.

Denek azpimarratzen dute errespetuaren eta elkarbizitzaren garrantzia. “Gizartea eredu da gazteentzat eta honek arazoak konpontzeko hartzen dituen bide berak hartzen dituzte gazteek euren arazoak konpontzeko ere. Era berean, gizartea asko aldatu da baina ikasketak ez, eta behar du”. Iriarteren iritzi horri gehitzen zaio Zubizarretaren honakoa ere: “Arazo hau ez da inguru eskolarrena soilik, baizik eta lagunarteak, familiak eta gizarteak berak ere zer esan handia du. Eta arazo honek erantzukizun koordinatu eta bateratua behar du”.

Kasuak kasu, erantzukizuna guztiona dela esateak gizartearen ibilbidean azterketa egitea ez ote du eskatzen?

Erantzukizuna. Garai bakoitzak ezagutu ditu erasotzaileak eta erasotuak, eta ez da lortu hori saihesterik. Azpillagak garbi du zein bide hartu behar den: “Gertaera horren inguruan hitz egindako guztiaren zati handiegia errudunak zein diren erabakitzera zuzendu da. Arazoak ez dira konpontzen, eta ez dira konpondu behar ez ikusiarena eginez, bazterketekin edo zigorren bidez. Arazoak elkarrizketarekin, tratu bidez konpontzen dira”.

Lan asko, beraz, erantzukizuna guztiona den gaian. Elkarbizitza hobe baten bila etxetik, eskolatik, gizartetik abiatu beharko bada, kontzientziaren argia piztu eta bakoitzak nolako ardurak dituen finkatu beharko dela esaten da. Hortik aurrera, elkarlana.