Koadriletan

Xabi Borda

Bai, nor da?”, deika ari zaizkit telefonora. “Xabi?”, galdetu du ahots batek bestaldetik. “Bai, neu nauk”. “Uztarriatik deitzen diat, norbait behar diagu bi hilean behin artikulu bat idazteko. Nahi al duk hik idatzi?”. Gauzak horrela datoz bizitza honetan, bat-batean eta ustekabean. Erantzunak ere hala ematen ditugu, gehiegi pentsatu gabe: “Bueno, ez zakiat asmatuko dudan...”, eta gero harrotasunez “... baina ausartuko nindukek. Zenbat lerro dira?”.

Beti hartu izan diot pulpito tankera era honetako txokoei. Ez dakit zergatik. Zenbait idazleei apaiz itxura hartzen diedalako edo idazle eta irakurleen artean ez delako eztabaidarik izaten (batek hitz egin eta besteek entzun). Berdin dio, kontua da beti hartu izan diedala pulpito itxura. Eta hasi aurretik, apaizen tonutik aldentzeko ahalegina behintzat egingo dudala agintzen dizuet.

Pulpito hau altuegi jarria dagoela iruditzen zait. Metro gehiegi dituela. Egia esateko, niri izua ematen dit altuerak. Nahiago izaten dut babesetik begiratu amildegiei, hesien atzetik. Eta itsasoko harkaitzetara gehiegi ez gerturatu, badaezpada. Bai, beldurra eman dit hona igotzeak, izerdia hasi zait kopetatik behera, zorua mugitzen eta hankek ez didate erantzuten. ‘Bertigoa’ deitzen diote honi. Gaurkoa pasatuko dut, baina hurrengorako pulpitoari baranda bat ipintzeko eskatu behar diet Uztarriakoei.

Aurretik hemen izan direnek eman diote toki honi duen altuera. Uztarria gure etxeetara iristen hasi zenetik hor ibili dira Alaitz, Fernando, Pako eta besteak gero eta gorago jasotzen pulpitoa. Artikulu onak eta oso onak idatzi dituzte. Izan da tartean artikulu antologikorik ere. Errespetua zor diot, beraz, txoko honi. Ez nioke maila jaitsi nahi. Gorago eramatea ere ez da erraza izango. Hemendik aldegitean, hartutako mailan uzten badut, konforme.

Eta altueraz gain, toki honek badu kezkatzen nauen beste gauza bat. Txoko hau lagunak egiteko ez dela lekurik egokiena pentsatzen dut. Lagunak egiteko baino galtzeko arrisku handiagoa ikusten diot. Azpeitia txikia da eta ia denok elkar ezagutzen dugu, bistaz bada ere. Eta galderak sortzen zaizkit. Ezagutzen nautenek ondo hartuko ote dituzte hemendik botatakoak? Ezagutzen ez nautenek zer aurreiritzi osatuko dute nitaz? Hemendik aurrera, lehen baino gehiago kostatuko al zait lagunak egitea kalean?

Jar gaitezen begira. Ez dela horrenbesterako pentsatu duzuenok begiratu iezaiozue Azpeitiari, jarri zaitezte Erdi kalera begira. Jendez betea dago, larunbat gaua da. Taberna gehienak goraino beteta daude. Lehenengo begiratuan, giro ederra dagoela esango duzue. Ez dela munduko beste tokietan horrelako lagunarte apartekorik erraz topatzen. Denak alai eta kontent dabiltzala. Beharbada arrazoi izango duzue, baina begiratu hobeto.

Jendea multzotan banatzen da gurean, koadriletan. Eta multzoka gabiltza kalean gora eta behera, tabernaz taberna. Zurito bat hartu eta hurrengora, erritmo bizian. Askotan etortzen zait burura larunbat gauak martxa erregulatuen antzekoak direla. Ez du balio lasterka ibiltzeak, ez eta oso astiro ere. Eta kontrol postu batzutatik pasatu behar da. Taberna bakoitza kontrol postu bat da.

Koadrilak berez talde itxiak dira: edozeinek esango dizu bere koadrilan 15 lagun direla, 20 edo 25 direla... Kopuru finko bat ematean koadrila multzo itxiak direla esaten ari gara. Eta multzo horiek ez dira elkarrekin hain erraz nahasten. Azpeitian lagun berriak egitea nahiko zaila dela iruditzen zait batzuetan. Jakina koadrilakoez aparte baditugula lagunak, ikastola garaikoak, musika eskolan egindakoak... Baina posible da pertsona batzuekin, nahiz eta bizi oso bat kale berak zapaltzen eman, inoiz hitzik ez gurutzatzea. Pena ematen dit horrek.

Inguruko herriren batean festak direnean, zuzen-zuzen hara abiatzeko ohitura dugu. Lagun berriak egiteko itxaropenarekin, gainera. Lehenengo aldiz ikusten ditugun lagunak nahi ditugu. Misterioa ematen dio horrek gauari. Baina ez al dute misterio bera, edo handiagoa, kale berberetan ibili arren ezagutzen ez ditugun banakoek? Baietz pentsatu nahi dut, Azpeitiko ezezagunak ezagutzeak merezi duela. Herrian badela oraindik zer eta zein deskubritua. Agur eta erdi ezagun eta ezezagun guztioi.