"Idazle baino gehiago, ameslari eta bidailari dut neure burua"

Gorka Azkune

Galizian, Pontevedran dago Morillo, duela urtebetetik, eta haren lagun batek egin dizkio argazkiak elkarrizketa honetarako. Argazkian, azpeitiarra Pontevedrako alde zaharrean, Valle-Inclan idazlearen estatuaren ondoan. 
 
 

Azkenaldian ez da oharkabean pasatu azpeitiar gazte honen lana. Fernando Morillo idazlea, ustekabean iritsi omen da literaturaren mundura. Gaztetan Fisika ikasten hasi zen baina ikasketa horiek utzi eta filosofiaren munduan murgildu zen. 1999 urtean irabazi zuen lehen literatura saria, eta ez zen nolanahikoa izan, Donostia saria irabazi baiztuen. Aurten, berriz, Austin Zubikarai saria irabazi du. Gaur egun Galizia eta Azpeitia bitartean bizi da, Galizian topatu baitu bere txokoa. Galiziatik Azpeitira etorri zen horietako batean tarte bat hartu zuen bere bizitzaz hitz egiteko.

Nola hasi zinen literatuaren munduan?

Egia esan, nahiko ustekabean izan zen guztia. Fisikako karrera utzi berri nuen eta Filosofia ikasten hasi nintzen. Ordurako banituen testu txiki batzuk, neuretzat idatziak. Ipuin batzuk lehiaketetara aurkezten hasi nintzen, besterik gabe, eta horrela lehen sariak iritsi ziren. Mundu horretan gustura sentitzen nintzenez, bide horri eutsi nion. Horrela, ipuin baten atzetik beste bat idatzi, sariak irabazi han-hemen, eta konturatzerako elur-bola hura handituz joan zen gaur arte. Ez nuen pentsatzen, ordea, honaino iritsiko nintzenik, nik nire burua fisikari bezala ikusten bainuen txiki-txikitatik.

Eta zer esan zizuten zure ingurukoek?

Hasiera batean behintzat, inor gutxik zekien idazten jarduten nuenik. Lagunen batek edo bestek zertxobait bazekien, baina oro har, sariak iritsi arte inor ez zen jabetu egiten ari nintzenaz. Nik idaztea barrenak husteko tresna gisa erabiltzen nuen, eta, beraz, momentu haietan ez nuen ez aldeko ez aurkako iritzi edo aholkurik entzun. Horregatik lehen sariak irabazi nituenean denontzat ere nahiko ustekabeko izan ziren. Nire amak berak lagun bati esan zion, temati, nik ez nuela idazten eta ez zela posible saririk irabazi izana; pentsatu hortik!

Testuinguru horretan zer esan nahi izan zuretzat Donostia Hiria sariak?

Ezusteko handia, batik bat lehiaketetara aurkezten hasi bezain laster irabazi edo tokatu baitzitzaidan. Orduan nik ez nuen neure burua idazletzat ikusten inondik ere. Egia da betidanik gustatu izan zitzaidala literatura, euskara eta mundu hori, baina nire bizitzan bigarren mailan kokatuta zeuden. Eta horrela, bat- batean sari hura irabazi nuela esan zidatenean, kristorena iruditu zitzaidan. Alde batetik, niretzat poz handia eta aurrera jarraitzeko motibazio ikaragarria suposatu zuen, eta beste alde batetik, neure burua ezagutarazteko aukera ezin hobea, orduantxe hasi baitzen argitaletxeetako jendea nigana gerturatu eta argitalpen eskaintzak egiten. Hortxe hasi zen lehen aipaturiko elur-bola hori benetan hazi eta potoltzen.

Baina, hala ere, zientziaren munduan murgilduta jarraitu zenuen, eta horren erakusgarri CAF–Elhuyar sariketan irabazitako pare bat sari. Zer eragin izan du zientziak zure lanean?

Oso gaztetatik ohartu nintzen ni hein batean zientziaz maiteminduta nengoela, eta nahiz eta Fisika ikasketak alde batera utzi nituen, badaukat barnean oraindik ere zientziarekiko lilura hori. Horregatik, behin ere ez dut alde batera utzi. Nire bizitzako zutabetariko bat izan da eta izango da. Munduari nola eutsi, diziplina eta beste hainbat gauza ikasi ditut zientziaren ildotik, eta noski, nire grina handienetako batek bere isla izan behar zuen idazten dudanean. Seguru aski eragin hori nire idatzi guztietan nabarituko da.

Nola definitzen duzu zuk zeure burua idazle moduan?

Lehenik eta behin, neure burua idazle bezala onartzeko denbora asko behar izan dut. Hasieran egunkarietan-eta “Fernando Morillo idazlea” eta horrelakoak irakurtzen nituenean nire baitarako hura nola zen posible pentsatzen nuen. Baina denboraren poderioz gauza horietara ere ohitu naiz. Hala ere, ez nuke neure burua idazletzat definituko, akaso bidailari, ameslari, eta gero idazten duen pertsona bat bezala, bere buruko zamak arintzeko.

Baina estilo aldetik, gaitegia... nolako idazlea zara?

Nire zaletasunak betidanik abentura, zientzia eta sentimenduen inguruko korapiloak izan dira, eta, beraz, nire gaiak hortik doaz. Bestalde, irakurtzean testuak ulergarriak izan daitezen asko estimatzen dut. Horregatik, idazterakoan saiatzen naiz ahal den modurik ulergarrienean egiten. Halako sakontasun ilun horiek bilatu beharrean, nahiago dut benetan sakonak diren gauzak modu erraz batean azaltzea, jendeak istorio bat irakurri ostean “zeinen istorio ederra zen!” esatea eta ez “ene bada, a zer korapiloa!”. Azken batean, ezer gutxirako balio du hizkuntza jasoa erabiltzeak inork ez badu ezertxo ere ulertzen.

Ildo horretatik, zenbat aldiz entzun behar izan ote duzu idazteko modu arinak sinplekerira daramala eta?

Hori betikoa da. Hasiera batean idazterakoan ere askotan galdetzen diogu geure buruari: “Hau nolatan idatziko duk ba? Ez ote da oso sinplea?”. Baina denborarekin ikasten da idaztea istorio eder bat ahal den modurik onenean eta erakargarrienean kontatzea dela. Adibidez, filosofia inguruko testu bat idatzi behar bada, hiztegi teknikoa erabili eta landu behar da, baina eleberri bat idazterakoan, garrantzitsuena istorioa bera da, eta zer esanik ez, hizkuntzaren zuzentasuna ere bai. Alde handia dago sinpletasuna eta sinplekeriaren artean. Istorio bat kontatzean, sinpletasunetik abiatuta, ahal den ondoen kontatu behar da. Sinplekerian erortzea oso bestelako gauza da.

Urte gutxi daramatzazun arren, oso lan zabala egin duzu. Literaturako esparru gehienak landu dituzu, hala-nola biografiak, poesia, gazte literatua, zientzia eta azken liburu honetan thriller-aren generoa. Nolatan lortu duzu hainbeste adar ukitzea?

Hainbeste gauza gustatzen zaizkit! Badaude gai zehatz batzuetan espezializatzen direnak, baina nik mundu honetan non ikasi gehiegi ikusten dut eta ezin naiz esparru batera mugatu. Horregatik, beti saiatzen naiz gaiz aldatzen, gauza berriak ikusi eta ikasten. Kontuan izan behar da, ordea, gauza horiek guztiak zeure kontura ikasi dituzula.

Bai. Eskolan-eta aspertu egiten nintzen, ez ez zitzaidalako ikastea gustatzen, oso erritmo ezegonkorrekoa naizelako baizik. Aste batean lan pilo bat egin dezaket baina hurrengoan agian, neure kontura ibiltzen naiz bestelako gauzak egiten, eta erritmo hori eskola edo unibertsitateetan eramanezina da. Horregatik nahiago dut neure kasaka ikastea, neure erritmoan.

Nondik ateratzen dituzu zure istorioak? Zein dira zure inspirazio iturriak?

Inspirazioa hor dabil, hegan. Adibidez, parrandak oso oparoak dira, askotan lagunek apaiz bat banintz bezala beraien istorio txikiak kontatzen dizkidatelako —aitortza sekretuagatik diot, noski—. Bestelakoan, betikoa, norberaren bizitza, ametsak... baina oro har, kalean bertan topatzen ditut gauzarik zelebreenak. Kontua da erne egon behar dela, beti ere radarra martxan.

Beraz, errealitatean gertatutako istorio asko topa daitezke zure liburuetan.

Bai, jakina. Uste dut azken batean, istorio bat errealitatetik gertu dagoenean, sinesgarritasun handia irabazten duela, eta jendeak oso hurbil sentitzen duela.

Aurreko urtean Galiziara alde egin zenuen. Zer bilatzen zenuen han?

Galiziara aurreko udan joatea erabaki nuen. Motxila hartu eta Pontevedra aldera abiatu nintzen eta bertako alde zaharra ikaragarri gustatu zitzaidan. Munduan ibiltzeko gogo handiz nenbilenez, aukera ezin hobea iruditu zitzaidan. Neure buruarekin bakarrik egoteko, pixka bat isolatzeko beharra nuen, inork ezagutzen ez ninduen toki batera joateko grina neukan. Hala ere, zorioneko sari batzuk medio, bueltaka ibili behar izan dut, eta isolamendu hori ez da nik uste bezain handia izan.

Eta nola egiten duzu lan? Noiz?...

Hemen Galizian edo han Azpeitian nire lana beti bera da. Idazle baten errutina da nirea ere: liburutegira joan eta informazioa lortu, hitzaldiak prestatu, jende abaniko zabalean erreparatu...

Euskaraz idazten duzu. Euskal merkatua hain txikia izanda, idazteak ematen al du bizitzeko lain?

Egia esan, liburuak idaztetik bizirautea ia ezinezkoa da, balizko irakurleak oso gutxi baitira, baina idazleok, zorionez, bestelako bide batzuk ere jorra ditzakegu: hitzaldiak, itzulpenak eta horrelakoak.

Literatura alde batera utzita, zer ardura dituzu bizitzan?

Ba bizitzea! Motxila hartu eta hor ibili, jendea ezagutu, lagun berriak egin, ikasi...; bizi, hitz batean. Nik uste azken batean, betidanik bilatu izan dudana hori izan dela. Fisika ikasten hasi banintzen, batez ere bizitza nolakoa den jakin nahi nuelako zen. Pixkanaka ohartzen joan nintzen, ordea, misterio horiek ez daudela zientzian soilik, halako abaniko zabal batean baizik. Horregatik jarraitu nahi dut idazten, nire lana baita eta askatasun handia ematen baitit bizitzak benetan planteatzen dituen enigma horietan behar bezala sakontzeko.

Aurten, Euskadi Saria irabazi duzu gazte literatura mailan, oso sari potoloa. Nola hartu zenuen? Zer suposatu du zure lanean?

Ekonomikoki salbazio bat bezala hartu nuen! Egia esan, motibazio handia suposatu zuen niretzat, eta bidea zabaltzeko modu bikaina. Askotan idazleoi bigarren mailan egotea gustatzen zaigu, baina ezagunak ez bagara, ez dugu batere saltzen, eta zentzu horretan Euskadi Saria egundoko bultzada izan da. Bestalde, finalisten artean nengoela esan zidatenean, hori bera gauza handia iruditu zitzaidan, beste idazleak zein ziren eta sarien palmaresa kontuan hartuta. Horregatik, saria niri eman zidatenean, pentsa dezakezu, ezin sinetsita ibili nintzen.

Bukatzeko, eta etorkizunari begira, zer proiektutan zaude murgilduta?

Lan asko dut. Ni beti gauza batean ibili beharrean, hamaika liburu idazten eta beste hainbeste buruan ditudala ibiltzen bainaiz. Oraintxe momentuan, gazte literaturan bizpahiru liburu prestatzen ari naiz, intriga edo halako eleberri poliziako bat ere badut buruan, itzulpen interesgarriren bat, unibertsitaterako ikastaro bat prestatzen ere ari naiz...; denetik, handik edo hemendik. Aukera guztiak aprobetxatu nahian nabil, gure bizitza oso ezegonkorra baita, eta ate guztiak irekita mantentzea komeni zaigu.