Indarra

Aitor Aranguren

Ba da indarra bazterretan eta alkohola tartean bada zeresanik ez. Ostiraletan Azpeitiko gaua hilda dagoela egia da, baina larunbatetan badirudi aste guztian metatutako indarrak bat-batean askatzen direla, batzuengan behintzat. Ez da giro, trafikoko seinaleak okertuta edo ondotik aterata, zuhaitzak puskatuta, loreontziak iraulita, aulkiak eta hesiak ibaian, bakean dauden autoak kolpatuta.... Gainera, lepo gainean materia gris gutxiena dutenek 18.000 zaldiko karro super-dotorea martxan ipini, ondo berotu eta pneumatiko erdia asfaltoan uzten dute, sentsazio super-fuerteak sorrarazten publikoarengan. Badira gauean pertsonaia berezi batzuk ere; horiek, luma dotorez jantzitako hegaztiak bailiran, autoaren lau ateak ireki eta musika topera ipintzen dute super-ondo entzuteko, aldameneko etxean jendea lo egin nahian dabilela axola gabe. Beste batzuk, berriz, hankartean moto xahar bat ipini eta azkar ez dira joango, baina zarata atera bai, la hostiako zarata.

Politika ere indarren erakustoki nabarmena da eta, bereziki, asteburuetan. Irudimena asko lantzen da gainera, eta material ugari erabili. Azpeitia ez da salbuespena, eta aspaldian nahiko baketsu badago ere, ikusi eta sentitu ditugu pankartak eta pintadak, panfletoak, irainak pegatinetan, manifestazioak, kutxazainak erreta, telefono-kabinetako, bankuetako eta dendetako kristalak (batzuenak) hautsita, mamuen bezalako adierazpen teatrofestiboak (non ote dabiltza aspaldian?).

Dena den, taldean eta jendaurrean gizakia lotsagabea da, baina estasis alkoholiko edo politiko baten ondoren bakarka eta gantzontzilotan ezer ez. Kale eguzkitsu batean gizon super-indartsu hauekin guru-tzatu eta denak burumakur. Eskerrak asteburuan horrenbeste indar erakutsi eta gero, astean agujetak izaten dituzten.