Joxe Agirre: "Gazteekin gustura jarduten dut bertsotan, ikaragarri jatorrak dira"

Amaia Mendizabal

- 75 urte, eta sasoian. Apirilaren 13an egin zituen Joxe Agirrek 75 urte, eta oraindik ere hor segitzen du, bertsotan, plazak egiten. Bizi-bizi jardun ere.

Joxe Agirre
Joxe Agirre.  Oranda baserrian jaio, goitizen horixe hartu ordutik, eta hantxe bizi da Joxe Agirre.  (Amaia Mendizabal)
  (Amaia Mandizabal)
  (Amaia Mendizabal)
Joxe Agirre
Joxe Agirre.    (Amaia Mendizabal)

Apirilean, 75 urte egin zituela eta, elkarrizketa bat baino gehiago egin zizkioten Joxe Agirreri, eta Uztarria hartu zuen bezain atsegin hartu bazituen besteak, ez dira kexatzeko moduan izango.

Bertsozaletasuna sehaskatik omen datorkizu, aitonak abestutako bertsoak direla eta. Hala da?

Bai, bertsoekiko afizioa orduan hasi zen. Gure aitona ez dut uste tabernan bertsotan jarduten zuen horietakoa izango zenik, baina zaletasun handia zuen, eta zaletasun hori niregan txertatzen asmatu zuen, nik txiki-txikitatik, sehaskan nengoenetik, eskatzen omen bainion behin eta berriz bertsoak kantatzeko. Dena dela, berak egindako bertsoak ere ba omen zituen, negu txarra izan eta ardien gorabeheran-edo ateratakoak.

Ona al zen bertsotan aitona?

Ez zuen inoiz nahi izaten bere bertsoak kantatzea. Izan ere, ikaragarri lotsatia zen, eta hura ez zen inoiz ausartuko inoren aurrean berak egindako bertsorik abesten. Baina nik uste dut, beste zenbait bezala saiatu eta ausartu balitz, dezenteko bertsolari ona izango zela. Ardien inguruko bertso horiek ere oso txukunak omen ziren. Pena galanta daukat orain bertso haiek galdu izanarena. Izan ere, nik hamabiren bat urte nituela hil zen aitona, eta artean ezin izan nituen ikasi. Gainera, bere bizitzako azken urtean burutik joanda eman zituen. Garai hartan dena bekatu eta infernua zen, eta Azpeitiko garai hartako erretoreak ere nahiko zorrotza izan behar zuen, eta gure aitona azkenean beldurrez ito zen. Pentsatzen jarri eta hala esaten zidan: “Gauzak horiek esan bezala badira, niretzat ez da salbaziorik izango!”. Eta horrela egonda gizona, azkenean bertsoak galdu egin ziren.

Afizioa betidanik izan arren, ordea, zeu bertsoak kantatzen nola hasi zinen?

Lagun artean-eta nahiko gazterik. Elkarri puntuak jartzen ibili ohi ginen, jai gauetan-edo etxerako bidean gindoazen bitartean. Baina plazara jauzia ematea asko kostatu zitzaidan; plazan nahiko berandu hasi nintzen. Izugarrizko beldurra ematen zidan. Ausartagoa izan banintz, hasi nintzenean baino askoz ere gazteago ekin izango nion plazan abesteari. Joxe Lizaso eta inguruko bertsolariekin jarduten nuen bertsotan tabernako babesean, baina gero, Lizasok “hi, hara edo hona plazan bertsoak abestera joateko norbait behar diat, Joxe, etor hadi nirekin!” esaten zidanean, beti ezetz esaten nion, beldurragatik. Gero, noizbait hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka inguruko auzoetan abesten: Madarixan, Martiten... Jakineko lekuetan. Orduan Aginagako txapelketa iritsi zen, 1959an, nik 29 urte nituela. Lehiaketa hartan txapela neuk eraman nuen, eta urte hartako udan ordu arte egindako saio guztiak baino gehiago egin nituen. Orduantxe hasi nintzen ni benetan plazak egiten, Aginagako txapela eta gero. Ate asko ireki zizkidan, jende asko ezagutzeko aukera eman baitzidan.

Berandu samar bertsolaritzan hasteko, ezta?

Orduan, ordea, ez zen orain bezala izaten. Gaur egun oso gazterik hasten dira. Gainera, pentsatuko duzu ba etxean, bertsotan ikusiz gero, errietan egiten zigutela! Etxera berandu joanez gero, amak beti gauza bera esaten zidan: “Non ibili haiz, Joxe! Bertsotan eta txorakeriatan izango hintzen orain ere!”. Garai hartan, izan ere, bertsolariak fama txarra zuen, parrandazale edo golfoarena, badakizu. Jendeak horixe zuen buruan sartuta eta.

Baina herrian ba al zegoen bertsolaritzaren inguruko girorik gazteen artean?

Bai, bai, bazegoen! Baina gaur egungoarekin alderatuz oso desberdina, ez zen gaur adinakoa. Orain, ikastetxeetan-eta haurrari txiki-xikitatik sorrarazi egiten diote bertsorako zaletasuna. Garai hartan, zaletasunak zeuregan sortu behar zuen, eta bertsolariek zuten fama ikusirik, askorik ez zuen laguntzen!

Zu, Joxe, tabernako edo plazako bertsolaria izan bazara ere, inoiz ez zara txapelketa bertsolaria izan, ezta?

Ez ezazula pentsa! Plaza gizona ere ez naiz izan ni, txarra naiz plazarako! Izan ere, urduritasuna izan dut etsai nagusia. Gainera, orain sekula baino gehiago. Denborarekin ohitu edo ikasi egiten omen da, baina niri ez zait halakorik gertatu. Ni tabernan edo bertso afarietan moldatzen naiz ondoen. Garai batean halakoxe nerbioak izaten nituen, edozein saioren aurretik jandako guztiak bota egiten nituela. Orain ez dut halakorik egiten, baina nerbioak igual-igual jarraitzen dute hor. Arazo hori dela eta, txapelketetara ere gutxi aurkeztu izan naiz, oso txarra izan naiz horretarako. Aginagakoa nabarmendu beharko nuke, 1959koa. Gero, urte hartan bertan, udazkenean beste txapelketa batera ere aurkeztu nintzen, Ordizian. Baina ez nuen ezer esanguratsurik egin, orduan ere nerbioetatik zeharo gaizki ibili bainintzen: denbora guztia ura edaten, eta denbora guztia egarriak.

Baina jendaurrean bertsotan jarduteak halako zirrara edo pozen bat ere sortuko du ba!

Bai, bai. Gustura ere jardun izan dut, baina hasierako momentuan asko kostatzen zait beti.

Puntuka jaun eta jabe izatearen fama duzu. ‘Mozketaren maisu’ ere deitu izan dizute...

Ez da hainbesterainokoa izango! Jardun izan dugu, eta ez ginen gaizki moldatzen, baina ez dakit besteak baino hobeto ere moldatzen ote ginen.

Landetan osatu al zen Imanol Lazkano, Joxe Lizaso eta Joxe Agirre hirukotea?

Ni Lizasorekin eta Lazkanorekin bertsoaren bitartez egin nintzen lagun. Lehen aipatu dudan bezala, Lizasorekin aurrenekoz tabernan-eta jardun izan nuen bertsotan, Korralen, Etxe-Zurin eta hauetan, bertsozaleak elkartzen ziren tabernak baitziren. Imanol Lazkanorekin, berriz, hark bere liburuan aipatzen duen bezala, Etxe-Zurin egin genuen aurrenekoz elkarrekin bertsotan; San Sebastian eguna edo horrelako zerbait izango zen. Bi koadrila elkartu ginen bertan: Izarraizpekoa bata, nirea; eta Landetarrena bestea, Imanolena. Gure koadrilek ahariak plazara botatzen diren moduan bota gintuzten elkarren aurka, eta hortxe egin genuen geure lehenengo saioa. Luzerako eman du horrek gero!

Zeuk lehen aipatu duzunaren bidetik, gaur egun bertsolaria, plazan baino gehiago, bertso-eskolan hezten da.

Bertsoa asko aldatu da garai batetik hona. Bada gazteen bertso-era berri hau gustukoa ez duenik ere. Batzuek ulertzen dute berria, desberdina izanagatik ere, ona dela; baina beste batzuek, oraindik, “zuen garaiko bertsoak bai, Joxe! Haiek hituan onak!”, esaten dute. Nire ustez, berriz, oraingo bertsolari gazteak gu baino hobeak dira. Dena dela, denak oraingoarekin bakarrik konformatuko baldin balira, guk ez genuke lekurik izango. Eta oraindik guk ere badugu bertsotarako gogoa!

Bertsoa ere bestelakoa da, jasoagoa beharbada. Zuen jarduna ez al zen zirikatzaileagoa, adar-jotzaileagoa?

Bai, hori behar bada aldatuta dago gaur egun. Orain ez dago garai batean adinako ziria sartzeko joera hori. Dena dela, oraindik badaude bertsolari adar-jotzaileak. Bakarra izendatzea ondo ez badago ere, Irazu, adibidez, ez da zaharra izango, baina badaki ederki nola adarra jo. Asko dira bizitasun hori duten bertsolariak, hori norberaren joeraren araberakoa izango da. Bertsoari berari dagokionean, aldiz, egungo gazteek guk egiten genuena eta egiten duguna baino bertso perfektuagoa osatzen dute. Prestakuntza ere handiagoa izan dute.

Eta nolakoa izan zen zuen prestakuntza?

Bertso paperak-eta irakurtzen genituen. Orduan ezta burutik pasatu ere ez zitzaigun egiten bertsotan ikasteko eskola bat egoterik bazenik ere! Nik uste bertsolariak, alde batetik, berezkoa izaten den zerbait hori behar duela. Ondoren ikasi ere egiten da, jakina. Ikastearen poderioz, gai baten inguruan hiru bertso askok egin ditzakete. Baina afalondoren, bertsoak bota eta bota hasitakoan, eta jarduna luzatu eta luzatu doanean, gauzak aldatu egiten dira. Horretarako bai behar dela berezko sena, ikasitakoarekin ez da nahikoa. Garbi dago Egańa edo Irazu bezalako bertsolariak eskolara joan gabe ere bertsolari onak izango zirela.

Zu garai bateko bertsolaritzaren ondorengo bezala aurkeztu izan zaituzte, Uztapideren bidearen jarraitzaile. Hala dela uste al duzu?

Nik Uztapide oso gogoko nuen, ikaragarri gustatzen zitzaidan. Akaso Basarri hobea izango zen, baina Uztapideren bertso legea desberdina zen, eta nik nahiago nuen Uztapide. Gure garai bateko bertsolari jite hori Xebaxtian Lizasori ere ikusten diot. Hura zaharren eran, berrienean eta edozertan moldatzen da ondo.

Herrian ere badira bertsolari gazteak...

Ez nioke beste inori ezer kendu nahi, baina niri Jokin Uranga, esaterako, beti gustatu izan zait bertsotan, oso ona da bertsoak egiten. Harekin ere jardun izan dut, gutxiago edo gehiago.

Nola ikusten duzu oraintxe aipatu duzun Jokin Uranga azpeitiarrak eta beste bertsolari batzuk garai bateko bertsolaritzara hurbiltzeko asmoz martxan jarritako Zaharrak Berri Tour ekimena?

Ondo. Gai-jartzailerik gabe, ahal den bezala moldatuz... Gaur egun bertsolari asko txapelketari begira egoten dira, horretarako prestatzen; akaso gehiegi. Hori bai, nik ez dakit nola prestatzen diren. Egia esan, ez dakit hori egiterik ere ba al dagoen.

Zeuk segitzen duzu oraindik ere plazak egiten...

Apirilean Zumaian izan nuen saio bat, hurrengoan Zarautzen daukat bestea... Oraindik dezente ibiltzen naiz, beharbada merezi baino gehiago. Ni baino bertsolari hobeak badira. Gazteekin ere gustura jarduten dut bertsotan. Ikaragarri maite ditut gazte horiek, eta haiek ere bai ni. Hemen gazte jendea ikaragarri jatorra da.

Nolako etorkizuna ikusten diozu bertsolaritzari?

Bertsolaritza sekula baino gorago dago orain. Gainera, gazte asko datoz atzetik, eta etorkizun ona ikusten diot. Euskara bera okerrago dago bertsolaritza baino. Gazteek gero eta okerrago hitz egiten dute euskaraz, “atzo ikusi nizun” eta antzerakoak esanez. Bertsolaritza, berriz, osasuntsu dago.