Gure beste alkatea

Enekoitz Esnaola

Jacques Coumet hazpandarra da euskal auzapezik “kontserbadoreena”; EHZ jaialdi ezaguna debekatu du

Jaques Coumet
Jaques Coumet.    (Le journal du Pais Basque)

Zein da Jacques Coumet? Ezezaguna ia azpeitiar denentzat, nahiz eta Azpeitia Hazparnerekin senidetuta egon 1984tik. Dena dela, anaitasun hori itxura gehiago izan da, eta, beraz, logikoa izan daiteke ia denek ez ezagutzea Coumet.

Hazpandarrek ederki dakite zein den: herriko auzapeza —alkatea— 1970 hamarkadatik. Haietako askorentzat urteok ez ziren luzeak izango, Coumetek herritarren babes handia izan duelako beti. Beste batzuentzat, aldiz, luzeak eta astunak izan dira urte horiek guztiak. “Coumet izan daiteke ez Ipar Euskal Herriko, baizik eta Euskal Herri osoko auzapezik kontserbadoreenetakoa”, diote Hazparneko Ikastolako guraso batzuek. Iaz, apirilean, inauguratu zuten han ikastolaren eraikin berria, eta biziki haserre zeuden orduan gurasoak harekin. “Arrunt garrantzitsua da ekitaldi hau, guretzat bederen, eta gure iduriko herriarentzat ere bai, baina ezin erran hala denik Coumetentzat, une batez baizik ez delako egon ekitaldi honetan”. UMP, Frantzia-zale alderdi eskuindarreko kidea da Coumet, eta Hazparneko jaun eta jabea. Ez herrikoa soilik, baita Hazparne kantonamendukoa ere (Donamartiri, Donostiri, Lekorne, Lekuine, Makea eta Meainek osatzen du bailara).

Boterea galtzen. Baina boterea bukatzen ari zaiola dirudi; izan ere, martxoan Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusirako hauteskundeak izan dira, eta 1973az geroztik lehen aldia da Coumet ez dela izango Hazparneko kantonamenduko kontseilari nagusia. Beńat Intxauspe nagusitu da. Orain sei urte Coumetek %63 lortu zituen; orain, lehen itzulian %30. Abertzaleek %12.

Auzapezak otsail bukaeran esan zuen aurten —uztailean— Euskal Herria Zuzenean musika jaialdi erraldoia herrian ez dela izango, debekua eman zuen —“segurtasun arrazoi funtsik gabeak emanez”, Piztu elkarteak dioenez—, eta badirudi horrek eragina izan duela hauteskundeetan, jendea haserre baita. “Coumetek beldurra dio kulturari”.

Intxauspe, UDF Frantzia-zale alderdi zentristako buru aurkeztu da, independente. “Euskaltzale suhar bezala aurkeztu naiz”, esan du. Bi urte pasara dira udal hauteskundeak. Ikusiko.