Julia Tercero PPko zinegotziari elkarrizketa

Enekoitz Esnaola

Azokan buelta bat eman ondoren iritsi da hitzordura Julia Tercero, PPren Azpeitiko zinegotzia. Ondoan du Azkoitiko beste zinegotzi bat, baita beste *lagun* asko ere. Udaletxeko aretoan sartu gara Tercero, Azkoitikoa eta hirurok. Bi hilabete daramatza karguan, eta orain Madrilen senatari izateko aukera dauka. Politikari profesional izateko bidean dela dirudi. Tutik ez daki Azpeitiaz. Eta euskaraz ere ez.

  (Enekoitz Esnaola)

Euskaraz ez dakizu.

Ez.

Eta ikasteko asmorik ere ez.

Saiatu izan naiz hiru aldiz, eta badakizkit esaten ‘altxa burua’, ‘mina daukazu’ —erizaina naiz—... baina zaila egiten zait ikastea. Frustratua sentitu izan naiz.

Azpeitiari buruz gehiago jakiteko, euskaraz jakin beharko duzu, ez iruditzen?

Ahal dudana egingo dut.

Kargu publikoa zara herrian, azpeitiarren %87k euskaraz daki eta zuk ez. Esan batek dio zauden tokiko hizkuntzarekiko errespetua dela eduki behar den aurrenekoa.

Nik errespetua diot euskarari. Baina euskararena ez da oso ondo egin, euskara politizatu egin delako.

Hasi da PPko bat betikoarekin. Gainera, politizatu, Espainiak egin du. Hor dago Egunkaria-rena. Begiratu zer dion Juan del Olmo epaileak: euskara erabiltzea delitu izan daiteke.

Ez, ez, ez. Hori ez da delitua.

Hori dio Del Olmok, eta PP, zure alderdia, haren alde azaldu zen Egunkaria itxi zutenean. Euskara susmopean jarri dute, duzue.

Zuek ikusten duzue horrela, susmopean, ez guk. Baten batek ez badu ezer ezkutatzeko, berdin dio lana euskaraz egin edo erdaraz egin. Beraz, ni ez nator bat euskara susmopean dagoen horrekin. Ez dut ezer ere euskararen kontra. Eta PPk ere ez; pentsa, alderdi barruan jendeak euskara ikas dezan bultzatzen ari dira.

Baina zuk ez dakizu euskara, eta hementxe bertan, udalbatzar aretoan, zinegotzi kargua hartu zenuenean, euskaraz esaten duten dena espainolera itzultzeko exijitu zenuen. Hori da hasiera...

Ni Azpeitira ez naiz etorri euskara ikastera. Hori ez da niretzat lehentasuna. Eta ni udalbatzarrean banago, eta euskaraz ari badira, itzulpena nahi dut. Bestela, nola bozkatu behar dut?

Zertara etorri zara herrira? Ez zeunden hautes zerrendatan...

Etortzeko esan zidatelako. Nahiz eta zerrendatan ez egon, lege berri batek hori ahalbidetzen du. Azpeitian aurreneko aldia zen zinegotzi postua lortu genuela, eta gutako batek lekua bete behar zuela iruditzen zitzaigun.

Besteetako inor zergatik ez da etorri?

Ez zutelako nahi izan. Nik bai.

Eroso al zaude Azpeitian?

Bai. Eta, gainera, gustatu egiten zait Azpeitiko jendea.

Herriko zerbait ezagutzen al duzu?

Jendea, udal taldea...

Zenbateraino hartzen duzu parte Udalean?

Oraingoz, batzorde denetan.

Azpeitia gutxi ezagututa, batzorde denetako kide zara, beraz...

Bai. Baina batzuetan ezin izaten dut denetara joan, bi batzordeetako bilerak ordu berean jartzen dizkidatelako.

Herrian ba al duzu zerbait gustukoa?

Informazio dena jasotzen ari naiz orain. Gizarte gaiak dira gehien interesatzen zaizkidanak. Alderdi barruan gai horietan ibili izan naiz lanean.

Baina harremanik ba al duzu herritarrekin, Azpeitiko gizartearekin?

Haien eskura nago, lehenengo unetik. Eta dagoeneko jendeak hotsegin dit.

Zinegotzi zara, eta Espainian senatari izan zaitezke orain. Azpeitia gutxiago ezagutzeko bidea da hori.

Beste konpromiso handi bat da, baina askatasuna eta, batez ere, bizitza defenditzeko lanean segitzeko prest nago, eta hau funtzionatzen hasteko gogoa daukat.

Zer ‘hau’?

Denon elkarbizitza errekuperatu behar dugu. Espainia ondo badoa, Azpeitia ondo joango da, lana ondo joango da, herritarrak askoz gusturago egongo dira…

Azpeitia ez al doa “ondo”?

Bai, baina zerbait gehiago egin badezaket... Nik badakit Azpeitiko jendea oso parte-hartzailea dela, herrian festa asko daudela, ekimen asko, eta dena ondo bideratu behar da. Herri garrantzitsua da Azpeitia, San Inazioak ditu, eta horri denari oihartzun handiagoa eman behar diogu, baita nazional maila ere.

2003ko udal hauteskundeetan, Habea-ren botoak ez kontatuta, botoen %5,5 lortu zituen PPk. Kontatuz gero, aldiz, PPk ez zukeen zinegotzi posturik aterako, Habeak 2.027 boto zenbatu zituelako. Zilegitasunik ba al duzu?

Horiek ilegalizatuta daude eta kito.

Zure ustez ilegalak al dira Habeakoak?

Horixe baietz! Indarkeria eta terrorismoa albo batera uzten ez dituzten bitartean, ez dira legalak.

Habeakoek beren erara —denek bezala— herriaren alde lan egiten dute: kultur arloan, gizarte gaietan...

Horrek ez dit balio. Bizitza eta askatasuna dira lehenengo gauza. Eta denok hitz egiteko askatasun bera eta bizitzeko segurtasun bera dugunean, orduan bale.

Habeakoak etortzen dira udaletxera lanera.

Bai, eta alkateak gehiegi uzten die. Ez dut bat egiten alkatearen jarrera horrekin, baina errespetatzen dut. Batzordeak irekiak dira, ados, baina zer gertatzen da plenoetan? Habeakoek ez dute puntu bakoitzeko beraien diskurtso luzea bota beharrik. Jendartean egon beharko lukete, eta beste edozeinek bezala galdera-erantzunetan parte hartu, nahiko balute. Baina hemen gehiegi uzten zaie.

Eta gaizki iruditzen zaizu...

Oso gaizki! Eta, gainera, ez da legezkoa Habeakoek horrela parte hartzea!

Zure ustez, Habeakoak ilegalak izateko probak badaude…

Bai. Gainera, epaileak esan du hori.

Esango proba bat?

... Bueno, nik uste nuen aldizkari hau kultur arlokoa zela, eta hemen elkarrizketa politikoa egiten ari zara.

Bistan da ez duzula ezagutzen Uztarria Azpeitiko herri aldizkaria, hemen politikaz ere jarduten dugulako, eta, bestela, adibidez, galdetu udaletxeko zure bulegokideari, Manoli Urangari, hari ere elkarrizketa politikoa egin izan diogulako. Bueno, ea zerbait gehiago ezagutzen duzun Azpei-tiaz: zertan hobetu behar du?

Hirigintza aldetik uste dut nahikoa ondo bideratuta dagoela. Faltan botatzen dudana —eta hori esaten dit jendeak ere—, kultur azpiegiturak dira, ekitaldiak egiteko; oso sakabanatuta omen daude azpiegiturak. Antzokia-edo egin nahi omen dute zera, eh...

...Soreasun.

Bai, Soreasun edo, eta niri ondo iruditzen zait, eta esan diet ahal den dena egingo dudala dirua ekartzeko. PPk hauteskundeak orain berriro irabazten baditu, seguru nago Azpeitiak bitarteko asko lor ditzakeela kultur proiektuak aurrera eramateko, PPk esandakoa betetzen duelako.

Hilabete daramazu Azpeitian karguan [otsailaren hasieran egin genuen elkarrizketa]. Zerbait proposatu al duzu?

Ez. Behin Gizartekintzan-edo datuak eskatu nituen. Esan dut: gizarte gaiak interesatzen zaizkit gehien, Azpeitian ere familia asko arazoak pasatzen ariko direla uste dudalako: haietako asko soldata aldetik, batzuk alargun geratu direlako, besteek arazo fisikoak dituztelako... Horien-gana iritsi nahi dut. Etorkinak lehenago enteratzen dira-eta zer laguntza dituzten gure bizilagunak baino! Eta hauek gaizki ari dira pasatzen.

Zuk uste jendeak ulertuko duela zure ekarpen nagusia gizarte gaietan izan daitekeela zu zeu PPkoa izanda?

Zergatik ez? Pertsonenganako hurbila naiz eta hori politikara eraman nahi dut. Ni pertsona batengana gerturatzen naizenean, ez diot galdetzen zer ideologia duen, baizik eta zer behar duen. Eskuartean badut, ematen diot, eta bestela, lagundu. Pertsona denak igualak dira, nire ustez.

Eta ados al zaude PPren politika sozialarekin?

Jakina baietz! Eta uste dut gauza asko ari garela egiten. Badirudi arlo soziala ezkerrarena dela, eta hori ez da hala.

Julian Eizmendi, Azpeitiko alkatea, EAJ eta EAren Udalbiltzako lehendakaria ere bada. Zer iruditzen?

Oso ondo. Pertsona atsegina da.

Ni karguaz ari naiz...

Oraindik ez naiz oso ondo kokatzen Udalbiltzaren kontuan.

Baina erakunde legitimoa al da zure ustez?

Ez dakit den edo ez. Euskal udalen erakundea da. Espainia mailan badago horrelako erakunde bat eta hauek... Nik ez dakit zergatik egin nahi dugun dena hemengoa, independentea, gure udalak, gure kultura... Denok irekitzen ari gara eta dena konpartitu beharra dago eta!

Bai, Espainiak ere konpartitzen du Euskal Herriko kultura...

Horixe baietz! Kataluniakoa bezala, Galiziakoa bezala. Kultura desberdinek aberasten gaituzte eta! Baina alderdi abertzaleak gero eta gehiago ari dira ixten. Ilogikoa da.

PP ez delakoan alderdi nazionalista... Berriro galdetuko dizut: legitimoa al da Udalbiltza? Udalbiltzako batzuk kartzelan daude…

Nik diodana da Espainian bizi garela eta autonomia batetik ezin dela Espainiako Gobernuaren-eta kontra joan. Ilogikoa da. Zergatik izan nahi dugu hain protagonista? Zergatik nahi ditugu hautsi bide batzuk? Oso ondo bizi gara eta! Autonomia bakoitza errespeta dezagun, eta kito.

Eta euskal herritarren gehiengoa autodeterminazio eskubidea gauzatzearen alde balego, gauzatzea logikoa irudituko al litzaizuke? Eta legitimoa?

Ez logikoa eta ez legitimoa. Kontestu baten barruan baikaude, Espainiaren barruan. Eta Espainiako %5ak ezin ditu Espainia mailako gauzak erabaki. Hautes-kunde batzuetan Espainiaren gehiengoak erabakiko balu halakori independentzia eman behar zaiola, orduan bai. Bestela, ez. Eta puntu.