Gure gizon burdinezkoa

Asier Oiarzabal ‘Disdira’-k uztailaren 6an ‘Iroman’ batean hartuko du parte, Austrian: 3,8 kilometro igerian, 180 bizikletan eta 42,195 lasterka

Asier Oiarzabal ‘Disdira’, ekain bukaeran, Austriara joan den furgonetan.  
Asier Oiarzabal eta Joseba Ortega eibartarra. 

Iroman: burdinezko gizona. Horixe esan nahi du. Eta hala deitzen zaie munduko triatloi gogorrenei. 3,8 kilometro dira igerian, 180 bizikletan eta 42,195 (maratoi bat) lasterka.

Azpeitiak badu ‘burdinezko gizon’ bat: Iñaki Etxeberria, orain dela urte batzuk Lanzaroten (Espainia) Iroman triatloia bukatu zuelako. Asier Oiarzabal Disdira-k (30 urte) izan nahi du bigarrena, uztailaren 6an Klagenfurt-en (Austria) halako proba baitu. Ekainaren 30ean abiatu zen, furgonetan, Oihana Lizaso andrearekin eta Joseba Ortega eibartarrarekin (Azpeitian bizi da).

Baikor dago Disdira. “Aurreneko Iroman-a dut, baina sei urte daramatzat triatloi txikiagoetan parte hartzen. Eta aurten, Iroman-ean irten behar dudalako, ez naiz gehiago entrenatu. Gertatzen da joan den udatik prestatzaile fisiko batekin nabilela, Lazkaoko batekin, eta askoz hobeto sentitzen naizela”. Lehen, azkeneko proban, lasterka, “sufritzen” zuen batik bat. “Jota iristen nintzen lasterka egitera, ezinean. Orain, berriz, badakit lehen hogei kilometroetan ondo ibil naitekeela. Batez ere prestaketan lagundu dit. Lehen, neuk prestatzen nituen entrenamenduak, eta nekatu egiten ninduen, inprobisatu egiten nuelako. Orain, prestatzailearekin, ez naiz kezkatzen horretaz, eta askoz hobeto”.

Nola sortu zitzaion Disdirari Austriako puntaraino joatea Iroman-a egitera? “Triatloi mundukook elkar ezagutzen dugu, eta nik Arrasate inguruko batzuk lagun ditut. Haien bidez eman nuen izena, orain dela lau hilabete, eta haiek egin dituzte antolaketa lanak”.

.1.800 PARTE-HARTZAILE.

Klagenfurten 1.800 lagunek irtengo dute. Hori da muga. Eta 300 eurokoa bakoitzak ordaindu beharrekoa, “Iroman-a delako eta kategoria duelako, munduan dozena bat Iroman besterik ez daudelako”. Gainera, norberak eraman behar ditu probarako jatekoa eta. Irteera eta igeri probaren bukaera izaten dira unerik ikusgarrienak. “Izan ere, ikustekoa izan behar da goizeko zazpietan horrenbeste lagun laku batera salto egiteko prest ikustea; ez omen du inork barrerik egiten, ez baitu une eta egoera horrek barregurarik ematen. Interneten irakurri dudanez, berriz, igeri proba hori bost metro zabal dituen kanal batean bukatzen da eta milaka lagun egoten omen dira animatzen”. Hamasei ordu dituzte bukatzeko, eta Disdirak 11-12 orduren bueltan ibiltzea espero du. Ondo dago. “Aurten Zarauzko triatloian 24 minututan jaitsi dut neure marka”.

Jakina, ez da hortik bizi, baina bai horretarako hein handi batean. “Dendan egiten dut lan, eta ondo entrenatzeko, normalean bazkaldu gabe gelditzen naiz. Bizikleta edo lasterka egiten dut eguerdian. Lasterkan oso garrantzitsua zait Mikel Itulainen, Patxi Arregiren eta Joakin Beitiaren laguntza. Gau partean igeri egiten dut”. Astean zehar 400 kilometro egiten ditu bizikletan, 80 lasterka eta bederatzi igerian, “gustura”. Eta hori, ezkerreko meniskorik ez duela! Baina ‘burdinezkoa’ da bera eta...