Amerikara noa...

Nerea Uranga

Legen Beltza herriko taldeak lau diskotarako kontratua sinatu du AEBetako disketxe batekin; lehen diskoa uztailean aterako da

Egilea: Legen Beltza Argitaletxea: Crash Music Izenburua: ‘Insanity’ Estiloa: Trash Ale kopurua: 10.000 Argitalpen eguna: Uztailaren 22a Diskoaren aurrerapena: www.legenbeltza.com.  
 

Urrestillako musika lokaletan sortutako taldea da Legen Beltza; gaur egun Zubi Zaharren du entseguetarako lokala. Eta han baieztatu diote Uztarriari albistea: Ameriketako Estatu Batuetako (EAB) disketxe batekin lau disko grabatzeko kontratua sinatu dute. Lau dira Legen Beltzan: Xanti Rodrigez (baxua eta ahotsa), Edorta Azkune (bateria, Ekaitz Garmendia (gitarra) eta Joseba Azkue (gitarra) —argazkian, laurak, hurrenez hurren, ezkerretik hasita—.

Mingainean galdera: Nolatan heltzen da Zubi Zaharren entseatzen duen talde bat, Euskal Herriko gaztetxe eta plazetan jotzen duena, AEBetako disketxe batekin harremanetan jarri eta kontratu bat sinatzera? Erantzuna ere bat batekoa. “Euskal Herriko disketxeen babesik ez dugulako izan. Kanpoko disketxeetara zuzendu aurretik hemengo disketxeetara jo genuen eta babesik ez dugu izan. Orduan, 40-50 bat maketa grabatu, pare bat kanturekin, eta kanpoko disketxeetara bidali genuen. Askok erantzun ziguten eta AEBetako Crash Music disketxeak lau disko grabatzeko eskaintza egin zigun”.

INGELESEZ

Kontratuak kantuen hizkuntzan eragin die batik bat, bestelako baldintza zurrunik ez dute izan. Lehen, kantu guztiak euskaraz egiten zituzten; orain, ingelesez eta euskaraz. Diskoan, euren gogoz, kantu bat euskaraz sartzeko aukera izan dute. “Hurrengo diskoetan ere euskaraz gai bat edo beste sartzea gustatuko litzaiguke, gure hizkuntza euskara baita”, diote.

Kontratu berriak ilusioa sortu du taldekoen artean. “Izugarrizko jauzia da. Probatzeagatik egin genuen eta ezustean harrapatu gaitu. Jakiteak diskoa mundu osora zabalduko dela motibatu egiten gaitu”. Legen Beltza taldearen kontratuak sona handia izan du. “Espainiako metal aldizkarietan eta taldearen berri eman da. Morboa sortu da. Orain arte nahiko kritika onak egin dizkigute. Baina saldu egin garela eta horrelakoak ere entzun behar izan ditugu foro desberdinetan. Kontu bat behintzat garbi dugu: lehen baino okerrago ez gara egongo”.

Kontratu berriaren lehendabiziko emaitza uztailaren 22an aterako da: Insanity diskoa. Donostiako disko dendaren batean aurkeztuko dute. Eta ea Euskal Herritik kanpo ere jotzen hasten diren, orain arte hemen baino ez dutelako aktuatu. Hori da haien nahietako bat.