Literaturaren uzta

Iban Arregi

Uztailaren bukaeran agitaratuko du Uztarriak ‘Literatuzta’ liburuxkaren lehendabiziko zenbakia, azpeitiarren idatziekin

 

Azpeitian literatura euskaraz idazten da. Ezin bestelakorik esan. 30 lan inguru bilduko ditu Literatuzta liburuxkaren lehenengo zenbakiak. Ipuinak, poesia, bidaia-kronikak, bertsoak... Denak bertako jendeak euskaraz idatziak.

Herriko gazte batzuen ekimenari erantzunez (Igor Astigarraga, Aitor Bengoetxea, Manex Beristain, Kepa Urbieta, Arantxa Aldalur eta beste zenbait), Uztarriak uztailaren bukaerako alearekin batera zabalduko du Literatuzta liburuxka. 36 orrialde inguru izango ditu, testu ugari eta zenbait ilustrazio, eta hogeiren bat egile. Hurrengoetan beste egile batzuengana ailegatzea da helburua, eta dagoeneko horretarako bidean ari dira Literatuzta-ren bultzatzaileak.

Literatuzta-ren helburu nagusia, herrian sortzen den euskarazko literatur uztaren leihoa izatea da. Literatura genero ezberdinei eta idaztera animatzen direnei lekua egin nahi zaie. “Era berean, herrian irakurtzaletasuna bultzatzeko ekimen ezin hobea iritzi diogu proiektu honi”, diote bultzatzaileek.

Somatzen da azken boladan literaturaren ekarria gure herrian. Idazle ezagunak ez ezik (Aitor Arana, Pako Aristi, Fernando Morillo, Jose Luis Otamendi...), beste ez hain ezagun batzuk ere ari dira idazten eta idazten dutena kanpora ateratzen. Hor dago, esaterako, herriko hiru gaztek duela urtebete egin zuten Diapoesia emanaldia, Uztarriak iaz antolatutako Kulturaldian estreinatu eta hainbat herritara zabaldu dena; edo aurten Kulturaldian eskaini den Menu erotikoa emanaldia. Eta bide horretan kokatu behar da Literatuzta ere. “Idazten dutena kanpora ateratzeko zailtasunak izaten ditu jendeak. Herritarrei horretarako aukera eman nahi diogu”. Eta bide horretan kokatu behar da uztailaren 18an egingo den emanaldia ere: Enparan Dorretxearen atzealdean, zelaian, Literatuzta aurkeztuko da, errezitaldi-emanaldi batean, 22:00ak aldera.

Azpeitian literatura euskaraz idazten da, bai, eta horren lehioa izan nahi du Literatuzta-k. Beraz, irakurle: poesia, narratiba edo dena delakoa idatzi baduzu, eta zure uzta kanpora atera, hortxe duzu Literatuzta: literatuzta@uztarria.com.