“Norberak egin behar ditu gauzak, zain egon gabe”

Oihana Elduaien

Donostian bizi da azpeitiar hau, eta ezaguna da Euskal Herri osoan. Antzerkian hasi zen, eta telebistara jauzia eman zuen gero. Aktoreen munduko lan gehienak ezagutu ditu.

 
 
 
 
 
 
 

Donostian egin genuen hitzordua Nagore Aranbururekin, Saguesen. Taberna batean genuen zita, baina eguraldi apartari uko egin ezinik hondartzan fuel artean eguzkia hartzen ari zen jendeari begira egin genuen elkarrizketa, petril gainean. Lo-kuluxka ordua zen, eta bazen nahiko lan eguzkiaren indarrari begi irekiekin erantzuten.

Jokulari sariek jokorik ematen al dute?

Ez du ezer berezirik ekartzen. Egun batean saria jasotzen duzu, eta gero etxean jartzen duzu, hortxe, liburuen ondoan. Ez du besterik. Urtebetetze eguna dela dirudi, baina handikiro ospatuta. Jende pila bat etortzen zaizu zoriontzera, bi muxu ematera… hori ederra da, polita. Guk jendeari gustatzeko egiten dugu lan, eta jende horrek horrelako sari bat ematen dizunean gustatu egin zaiolako da. Hori oso polita da.

Bigarrena duzu dagoeneko...

Bai. Jokulari sariek polita dutena aktoreek beraiek ematen dutela da. Zurekin lanean dabilen jendeak saria ematea, ondo dago. Haiek dakite ondoen zenbat kostatzen den gauzak egitea eta lanak eskatzen duen ahalegina. Kritiko gogorrenak ere haiek dira, bai baitakite nola egin behar den lana. Beste aktoreek saria ematea oso polita da.

Herritik ezezagun bezala joan zinen, eta orain ezagutzen ez zaituenik ez da.

Izenagatik ezaguna naiz, baina gauza zelebre bat gertatu zitzaigun nire anaiari eta bioi. Lehen, Azpeitian bizi nintzenean, “han, Nagoreren anaia”, esaten zioten nire anaiari, eta orain, berriz, ni naiz haren arreba; “han, Ionen arreba”, esaten didate. Nire izena ezagutzen dute, baina hortik aurrera…

Derrigorra al da Azpeititik irtetea antzerkian aurrera egiteko?

Egiten den lekura joan behar da, eta hiriburuetan egiten da antzerkia. Ni ikastaro bat egitera etorri nintzen; Euskal Herrian oso gutxi daude, eta Donostira etorri behar izan nuen. Madrilen-eta asko daude, baina hemen, herrietan apenas dagoen. Azpeitian antzerki amateurra egiteko aukera izan nuen, eta egin nuen. Gero, pauso txiki bat aurrera ematea erabaki nuenean mugitu beharra izan nuen. Mugitzen ez bazara ezin dituzu gauza berriak frogatu edo jendeak lana nola egiten duen ikusi.

Lehen pausoak Antxieta taldean eman zenituen eta hura ere desegin egin da.

Bai, eta pena da. Pena ematen dit, kultur elkarte bat desegiten denean bezala. Elkarte horiek izugarrizko aukera ematen dute egiten den lana jendeak ezagutzeko, eta edozeinek antzerkia edo dena delakoa frogatzeko. Publikoa, egiten dena ezagutzera ematea eta jendeak ondo pasatzea falta zaio antzerkiari, eta horretarako asko laguntzen dute talde amateurrek. Ez duzu maila bat eman behar, eta hori guztia oso aberasgarria da edozein herritako kulturarentzako.

Azpeitian lehen zailtasunak baziren, Antxietaren desagerpenarekin ez al da oraindik eta nekezago izango?

Talde amateurretan beti egon behar du dena aurrera eraman behar duen jendea. Jende horrek lan asko eta ahalegin handia egin behar izaten du. Gainera, askotan ez dute ezer jasotzen esfortzu horren truke, ez dirurik, ezta esker onik ere. Antzerki amateurreko jendeak denbora libreko gauza bat bezala izaten du antzerkia normalean, eta horrek zera esan nahi du: aparteko lana ere egin behar dutela eguneroko ogia etxeratzeko. Beste ardura pilo bat izaten dituzte. Afizio handia duten taldeek denbora asko irauten dute, baina hortik aurrera jendea nekatu egiten da, eta erreleboa behar da. Erreleborik ez dagoenean, ezin zaio lan pila hori egin duen jendeari gehiago eskatu, nahikoa egin dute. Hala ere, nik uste dut talde horiek naturalki sortzen direla. Antxietak utzi egin du, baina Azpeitian gauzak frogatu nahi dituen jenderik baldin badago, bai antzerkia, bai literatura... sortuko da besteren bat ere. Gainera, hor dago Lakrikun taldea ere.

Antzoki moduan zine areto bat dugu.

Azpeitian eta beste herri pila batean antzokiak behar dira. Orain izugarrizko pausoak eman dira, eta frontoietan-eta gutxi egiten da... baina antzerki bat ikusteko antzoki bat behar da. Jendeari ezin zaio inoiz kulparik bota. Ezin da esan publikoa “ez da etortzen!”, edo ‘publikoari ez zaio gustatzen’. Jendea gustura egoteko azpiegiturak behar dira, eta hori martxan jartzeko antzoki bat behar da. Baina ez antzerkia egiteko soilik, beste mila gauza egiteko ere bai: poesia emanaldiak... Eta gero, jendeari joateko aukerak eman behar zaizkio.

Leku guztietatik ihesi zabiltza: Azpeititik Donostiara, handik Hendaiara joateko asmoa duzu... Ez zara ba famaren ihesi ibiliko?

Bai zera! Azpeititik hona lan bila etorri nintzen, eta Hendaiara etxe bila noa. Famarekin zerikusi gutxi...

Famak ez dizu buruko min handirik sortzen, beraz.

Ezagutu egiten naute, batik bat telebistan agertzen hasi nintzenetik. Lehen ez ninduen inork ezagutzen, lehen Nagore nintzen. Beno, eta orain ere bai! Baina telebistan agertzen hasi nintzenetik gehiago ezagutzen naute. Izan ere, telebistan nahi ez duenak ere ikusi egiten du zure aurpegia zapping une batean edo bestean. Gehiago ezagutzen naute, baina ez dut inoiz arazorik izan fama kontu horrekin. Inoiz ez zait gertatu taberna batera sartu eta “han, Nagore!” edo antzekorik. Inoiz ez ... ez dakit jartzen dudan aurpegiatik edo zergatik den, baina inoiz ez zait horrelakorik gertatu.

Modu askotako lanak egin dituzu (haurrentzat, helduentzat, telebistan, antzerkian, aktore lanak, gidoi lanak, moldaketak…). Zer gustatzen zaizu gehien?

Uff! Ez dakit... Orain egiten ari naizena asko gustatzen zait. Niri beti gustatu izan zait idaztea, eta hori beti afizio bezala izan dut. Antzeztea ere asko gustatzen zait. Lanaren arabera da! Antzeztea gustatzen zait, eta zer antzezten dudan, gusturago egiten dut, edo nekezago. Idazten dudanean ere enkarguz egiten dut asko, eta lan polita bada edo zeuk nahi duzuna egiten baduzu oso gustura egiten da, baina bestela... Lanaren arabera da. Niri gehien gustatzen zaidana gauza berriak frogatzea da, eta badut hori egiteko aukera. Ez da erraza gehien zer gustatzen zaidan esatea.

Eta gutxien?

Gustatzen ez zaidan zerbait egin behar dudanean pasatzen dut okerren. Edo kontrolatzen ez dudan zerbait egin behar dudanean. Egiten ari naizena hobeto egin daitekela badakidanean.

Adibidez?

Niri telebistan gertatzen zait hori, Sorginen Laratza-n. Batzuetan jakiten dut egiten ari naizena ez naizela ondo egiten ari. Baliteke jendearentzat ederki egotea, baina zuk badakizu hobeto egin zenezakeela, ahots batek ez dizulako irteten, edo egiten ari zarena beste modu batera hobeto egin dezakezula badakizunean..., baina ez daukazu denborarik, eta, gainera, horrelaxe planteatuta dago; beraz, horrelaxe egin behar duzu.

Zertan ari zara orain?

Alde batetik telebistan ari naiz, Sorginen Laratza-n. Horretaz gain, talde batek enkargatutako antzerki bat egiten ari naiz beste bi lagunekin batera.

Eta zer moduz doa?

Ondo. Telebista enpresa handi bat bezala da. Antzerkian lana egitea etxeko negozio batean lana egitea bezala da, aitaren tabernan lana egitea bezala; gehiago haserretzen zara, baina lanaren parte handiago izaten duzu. Telebista, berriz, enpresa handi bat denez, joaten zara, eta gauza bat egin behar duzu, lan hori egiten duzu, handik atera eta kitto! Inguruan gustuko jendea bilatzen baduzu, zoragarri. Eta niri hori gertatu zait telebistan; lagun handiak egin ditut, entseguetako jendearekin-eta oso harreman ona dut.

Antzerki eskolak ere eman izan dituzu. Nork ikasi du gehiago: ikasleek edo zuk zeuk?

Ikasleek entzuten badute... Nik asko ikasi dut. Lehenego ikasi nuena eskolak ematea izan zen. Nik ez dut magisteritza ikasi, eta antzerkiko teknika ere ez dut inoiz ikasi. Nik zapatari zaharrek bezala ikasi dut: egin eta egin. Zurriolan eman nituen eskolak, ume askorekin. Zoragarria izan zen. Zuk esaten dituzun gauzak balio dutela ikustea... Balio duen teknika bat jendeari nola erakutsi ez dakizunean, ez zara ohartzen ondo edo gaizki ari zaren, baina balio duela ikusten duzunean mundiala da.

Nondik sortu zitzaizun antzerkirako zaletasuna?

Azpeitiko Antxieta taldeari esker. Gure aita talde horretan ibiltzen zen, eta txiki-txikitatik hara joaten nintzen, jolas bat bezala. Iluntzeetan aitaren entseguetara joaten nintzen etxean egon beharrean. Bederatzi urte inguru nituenetik Antxieta inguruan ibili nintzen. Niretzat denbora-pasa zen. Hara joan eta zer eta nola egiten zuten ikusi eta... Gero muturra sartzen joan nintzen pixkanaka-pixkanaka, eta gustatu!

Aktore jaio ala egin?

Nik uste dut gauza denak bezala ikasi egiten dela. Jaio edozein gauza egin gaitezke, baina gero inguruak, ikusten duzunak, egiten duzunak... horrek zeresan handia du. Dena, egin egiten da, nire ustez.

Antzerkian hasteko adinik ba al da?

Batere ez. Bai zera! Hori bizitzan bezala da. Antzerki profesionalean beti egongo dira paperak ume batentzat edo amona batentzat. Gogoa eta indarra izanez gero, aurrera! Eta amateurra egiteko zer esanik ez!

Badirudi antzerki profesionala egitea miraria dela, eta zer esanik ez euskaraz egin nahi baduzu...

Hemen zaila da eskolarik ez dagoelako, eta hau txikia delako. Hemen ezin gara bost mila aktore izan. Ez dago denentzako lanik, ezta publikorik ere. Baina helburua antzerkia, telebista edo dena delakoa egitea baldin bada, ikasi egin behar da. Baina ezinbestekoa da gero bakoitza bere gauzak egiten hastea. Taldeetatik hots egitea oso arraroa da, ez baitago leku handirik. Gogoa izanez gero, antzerki taldeak sortu egin behar dira, eta gauzak egin, denok dugu zerbait besteei erakusteko.

Zer moduz ikusten duzu euskal antzerkia?

Ni hasi nintzenean eta orain, nahiko antzera dagoela iruditzen zait. Gauzak egiten dira, eta kanpora ateraz gero ere gustatu egiten da normalean, batzuk gehiago eta besteak gutxiago, baina gustatu gustatzen da. Hemen teilatutik hasten gara, ordea, etxea egiten, eta emaitzak ikusi nahi ditugu. Egiten den obra kopuruaren eta publikoaren arabera baloratzen da euskal antzerkia. Niretzako, beheko lana falta da, eskolatan antzerkia ematea, talde amateurrak egotea... Hor sortzen da giroa eta hor sortzen da publikoa. Gauza guztiak jendeari interesatzen zaizkion bitartean bizitzen dira, eta interes hori piztu egin behar da.

Antzerki eskola bat ezinbestekoa da, beraz.

Beharrezkoa ez, derrigorra. Jendeak antzezten ikasi egin nahi badu aukera izan behar du. Euskal Herrian ez beste toki denentan dago, okerrago edo hobeto, baina badago. Euskal Herrian, berriz, bat bera ere ez.