Lau hilabeteko kronika

Enekoitz Esnaola

‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zuten eta ‘Berria’ sortu da. Lau hilabete pasatu dira itxieratik sorrerara. Ez nolanahiko lau hilabete. Honatx garai horretako kronika:

 

"Hemen zeozer pasatzen dek”. Horixe aipatzen zen otsailaren 19an Azpeitian. Izan ere, herrian ez zen oso ohikoa ezezagun batzuen presentzia handia. Gasolindegi txikian, Orkatz inguruan, plazan… zebiltzan ezezagun haiek. Eta Zaharretan ere bai. Hurrengo egunean aurkitu zuen jendeak esplikazioa: Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendariak hitzaldia zeukan otsailaren 19 hartan Zaharretan, Baite Euskara Elkarteak antolatuta, eta hura zaintzera etorriak ziren gurera ezezagun haiek. Gero atxilotzeko. Esan daiteke, beraz, nolabait Azpeitian ere hasi zela operazio polizial eta juridiko hura. Lau hilabetera atera da euskarazko egunkari nazional berri estandarra —Berria—. Lau hilabete bizi izan dira. Lau hilabete historiko. Eta egoera bereziak eta pasadizoak, hortaz, batzuk bai. Baina, batez ere, hasierakoak geratu dira iltzatuta hori bizi izan dutenen artean.

Otsailaren 20ko goizeko seirak. Gau hartan piztuta zegoen telefono mugikorrera deia Tolosaldeko batek. Martxeloren etxera sartu zela Guardia Zibila. Eta Egunkaria itxita zegoela. Ordubetera, Andoainen, AEKren egoitzan, dozena bat lagun zeuden bilduta. Zer egin? Nola hasi antolatzen? Nola hasi komunikatzen? Egoera beltza zen —hamar lagun atxilotuta eta Egunkaria itxita—, baina jendea ez zegoen nerbioak jota AEKren egoitzan, ez zegoen etsita. Lasai eseri, makinako kafesne triste bat hartu —zer ederki sartu zen, ordea…—, eta aurrera. “Goazen Tolosara. Bihar ere egunkaria atera behar dugu, eta han badago zeoze ateratzeko baliabiderik: Tolosaldean Egunero egunkariarenak —Egunero-ren enpresako bazkidea zen Egunkaria—”. Eta kanpaina hasteko leloa? Batek segituan: “Ba, kantukoa: Egunkaria aurrera”. Primerakoa zen leloa. Izan ere, bada garaia Euskal Herrian ‘gora’-tik ‘aurrera’-ra pasatzeko; ‘aurrera’ ez baita estatikoa, eta hemen, mugitu beharra dago. Lehengoan, Berria-ren 1. zenbakian Iñaki Uria, Egunkaria kontseilari ordezkariak kartzelatik idatzi bezala, “aurrera eta batera”.

TENTSIOA

Tentsio eta emozio handiko uneak izan ziren Tolosako lehen egun hartakoak. Tolosaldean Egunero-ko lan taldea Galtzaundi eskualdeko aldizkariaren lokalera joan zen. Hala, Tolosaldean Egunero-k Galtzaundi-ren izena hartu zuen, eta Egunkaria-k Egunero-rena. Hori, segituan egin zen. Baina eskualdeko batzuei azaldu beharra zegoen aldaketa hori; hau da, Tolosaldean Egunero-n —orain Tolosalde-ko Hitza izena du— azkeneko orrialdean zorion agurrak daude eta jendea egoitzara joaten da senideen-eta argazkiekin, baina egun hartan haiei esaten zitzaien Egunero-n ez zeudela Egunero-koak, baizik eta Egunkaria-koak, baina Egunero egiteko, eta Egunero-koak Galtzaundi-n zeudela, baina ez Egunero egiteko, baizik eta Galtzaundi. “Nola?”, jendeak. “Entzun duzuen bezala”. Ez zegoen beste esplikaziorik.

Ezta bromatarako girorik ere Egunero berriaren 1. zenbakia egitean. Kazeta egiteko gogo handia zegoen, eta pizzak ugari. Eta Coca Colak. Eta zigarroak. Eta buila batzuk ere bai. Eta inprimategiarekin negoziazioak. Eta egoera zelebreak, ondorengo pasadizoak erakusten duen bezala. Hau da, 1. zenbakiaren staff-erako —arduradunen izenak joaten diren txokorako— Galtzaundi-ren eta Tolosaldeko Egunero-ren arduradunen sinadurak-eta behar ziren, haien izenean baitzioan, eta hori egiteko, Egunero-koak deitu egin zion Galtzaundi-koari: “Hi, staff-a egin behar dugula”. Laguna, kezkatuta zeharo: “Estafatu?! Hori ere bai?!”.

Hitz egiteko gogo handirik ez zegoen goizeko ordubatak aldera. Imaginatu egoera: ordurako lau langile besterik ez egoitzan, zenbakia inprimategira bidaltzen internetez, egoitzako —behe batean dago— ate ondotik autoren bat pasatzen ari zela entzun, arnasari eutsi eta… “lasai, ez da gelditu”. Guardia Zibila noiz etorriko beldurra zegoen lokalean.

MARTXELORI DEIA

Martxelok kartzelatik irten zuenean hari telefonoz elkarrizketa egiteko beldurra ez zegoen, baina ezohiko egoera gertatu zen Tolosako erredakzioan. Asteartea zen, otsailaren 25a, gaueko bederatziak inguru. Deia Madri-lera, Egunero-k han zuen kazetariari, ea Martxelo harrapatuko al zuen kartzelatik irten bezain azkar, Tolosatik pare bat galdera egiteko, egunkariak bederatzi eta erdietarako Iruñean behar zuela eta. Iritsi ziren bederatzi eta laurdenak eta Martxelo kartzelatik atera zen. Baita Egunero-ren kazetariak azkar harrapatu ere. “Hemen daukazue Martxelo. Aizak, Martxelo, Tolosatik hotsegiten ditek. Benga”. Eta Tolosan telefonoaren ondoan dozena bat kazetari, baina inork ez nahi telefonoa hartzerik! “Hartu baten batek!”, bota zuen batek. Ezta hala ere. Bost segundo luze izan ziren. Azkenean gazteenetakoak hartu zuen. “Martxelo, bi galdera egingo ditiat”… baina orduan Martxelo zen ezin zuena hitz egin, emozionatuta zegoen. “Bueno, aizue, Martxeloren adierazpenik gabe bidaliko dugu Iruñera, baina testua moldatu behar duenak, moldatu”. Eta hala joan zen 5. Egunero hura. Baina ez. ETB2n Teleberri-n, 21:35ean, Julio Ibarra aurkezleak esan baitzuen ETBko kazetariak ondoan zuela Martxelo eta elkarrizketa egingo ziola. “Ez ba, Martxelo. Adarrik ez!”, esaten zen Tolosako erredakzioan. Huskeria esanda ere sartu beharra zegoen Martxelok esandakoa, eta Iruñera deitu behar, beraz. “Aizue, atzera bota bidali duguna. Hor izango duzue berriro, hamar minutu barru”. Gero, egundoko adierazpenak egin zituen, eta merezi izan zuen aldaketak.

Handik bi egunera azaldu zen Martxelo Tolosako erredakziora. Goizez. Eta langile gehienak falta. “Non daude?”, hark, harrituta. “Andoainen, batzarrean. Goizero egiten ditek”. Andoainera bidean berak ekarri zuen gogora Azpeitikoa: “Guardia Zibilaren autoan Madrilera neramatela akordatu ninduan Azpeitikoaz, Zaharretan atarian zeuden beste bi haiez eta”. Hari ere esan bai baitzitzaion orduan, otsailaren 19 hartan jende arraroa zebilela Azpeitian. “Gero, Urrakin gora, atzetik izan nitian bi auto”.

Berria-ren zuzendari izendatu dute orain hura, baina lau hilabete hauetan apenas egin duen kazetari lana. Harremanetan ibili da, hitzaldiak ematen, elkarrizketak… Egunkaria-ko jende asko ere gauza berriak egiten egon da Berria sortu baino egun bat lehenago arte: kazetariak harpideak lortzen, giza baliabideetakoak herri batzordeak sortzen eta gidatzen… Berria-ko erredakzioko buruetakoa batek, egunkari berriaren 1. zenbakia egiten ari zirenean zioena: “Egunkaria itxi zutenetik, DV ez diat ezta irakurri ere egin”. Bazen beste zereginik. Egunkaria itxi zuten garaian erdarazko komunikabide bateko langile batek esan zuen: “Hauek balak dira!”. Arma bakar, hitza dutenak.