“Pertsonaiari karinoa hartu diot

Uztarria herri aldizkariarekin batera jaio zen Otsobeltz. Andoni Salegi izan da sortzailea, eta azkenean auto batek harrapatu du

 

Uztarria aldizkariarekin batera jaio zen Otsobeltz, Andoni Salegi marrazkilariaren buruan jaio ere. Berrogeita bat hiletan fin izan dugu, baina auto batek harrapatu du. Kitto. Aita artistikoarekin egin dugu elkarrizketa.

Zer egiten duzu orain, Andoni?

Arte Ederrak ikasi nituen Bilbon, eta azken urtean Atenasen, Grezian aritu nintzen. Handik bidaltzen nituen Otsobeltzen binetak, beste cybercafe horietako batetik.

Aurten doktoradutza egiten hasi naiz. Altzarien alde sortzailea aztertu nahi dut. Herrian egurrak indar handia du; nik ere jaso dut heziketa horretatik zerbait, eta Arte Ederrak ere ikasi ditut. Orain biak, artea eta industria, uztartu nahiko nituzke.

Hitz egin dezagun Otsobeltzi buruz.

Enkargua jaso nuen Uztarriatik, hilean behin bineta bat egitekoa. Buruari bueltak eman ondoren, pertsonaia bat sortu eta hilero harekin aritzea erabaki nuen.

Azpeitiko armarriak bi otso ditu. Beti pentsatu dut, domestikatutako edo nolabait zibilizatutako otso horiek kontraesankorrak direla. Nik, batetik, otsoaren betiko paper ez-egokitu hori berreskuratu nahi izan dut. Bestetik, beltza kolore berezia da. Otsoaren eta beltzaren konnotazio horiek erabili nahi izan ditut Azpeitia zirikatzeko.

Zirikatzea aipatu duzu. Hori al da bineta zuretzat? Nola ulertzen duzu?

Bai. Binetak jendearen parte-hartzea bilatzen du. Nik bineta batean gauzak adierazi nahi ditut, baina ez ikuspegi jakin eta landutako bat emanez. Dena ez dut eginda eman nahi: ikuspegiak airean utzi nahi nituzke. Zerbait irekia dira binetak niretzat, eta halaxe egin nahi izan ditut. Batzutan ez nuen asmatuko, eta igoal batzutan bai.

Otsobeltz hil duzu. Zergatik?

Auto batek harrapatu du. Kalea pasatzen hasi... eta akabo. Ez zen egokitu. Bukaera tragiko bat eman nahi nion.

Uste dut denak behar duela bukaera bat. Gainera, beste jende bat ere ikusi nahi dut herri aldizkarian. Ez dut betikotu nahi. Anarkismoarekin ere badu zerikusia honek, ez instituzionalizatzeak.

Egin dituzun bineta guztiak errepasatu ditut. Nik uste, Otsobeltzek zure kezkak, zure obsesioak islatzen dituela. Uste dut hauetako batzuk atzeman ditudala. Bat: ekologia.

Bai. Niretzat lehenengo gauza da. Gu bizi gara etxe batean, arnasa ematen diguna, jaten ematen diguna. Eta zaindu egin behar dugu, errespetatu. Derrigorra dugu.

Eta ekologiaren barruan, bereziki, autoa erabiltzen duzu sarritan. Sinbolo indartsu bat delako. Autoa da presa, pertsonalitatea, inbertsioa... Aauza asko esan nahi du. Noraeza bera ere bai.

Beste gai errekurrente bat: festak.

Azpeitian festa asko ere badugu-eta. Festak askotan itsutu egiten gaituzte, kezkak ahazteko erabiltzen ditugu. Baina kezkek hor irauten dute, ez dira joaten. Eta egunen batean lehertu egiten dira. Gauzak ospatu zalea naiz ni ere, baina ospakizun horiei erabilpen okerrik eman gabe.

Erlijioa, fedea.

Heziketaz kristaua naiz ni ere. Ni kristo baten laguna izan ninteke; baina ez Elizarena. Jesus bera izango zen anarkistetan lehenengoetakoa, eta Elizak estamentalizatu egin du. Ni ez noa erlijioaren esentziaren kontra, hustu egin ditugun sinbolo guztien kontra baizik.

Politika. Hauteskundeak.

Politikan aldaketa sakona behar dugu, bestela gaizki goaz. Hauteskundeetan pertsonei ematen diegu botoa. Nik ekintzen gaineko bozketak, erreferendumak, egokiago ikusten ditut, adibidez.

Neskak. Maitasuna.

Maitasuna parodiatu nahi izan dut. Uste dut, ideia hau ere idealizatuta daukagula. Noski, niretzat ere oso inportantea da, de-nontzat bezala. Baina idealizazio horren kontra, justu kontrako hizkuntza erabiltzea gustatzen zait, hizkuntza brutoa, bastoa, zuzena.

Lana eta oporrak.

Betiko kontraesana. Lana ondo bizitzeko egiten dugu, baina ondo bizitze hori oporretara mugatzen zaigu.

Eta seguruenez, beste kezkaren bat ahaztuko nuen. Ez?

Ez dakit. Konturatuko zinen, Otsobeltzen kezka edo obsesioak mundu guztiak dituenak direla, gutxi gorabehera. Ez besterik.

Beno, eta orain, Otsobeltz autoak harrapatu eta gero, zer?

Badut pertsonaia horrekin zerbait egiteko gogoa. Kariñoa hartu diot. Estetikoki gustatzen zait, erakargarria egiten zait, marrazteko oso agradablea. Otsoaren konnotazio hori gustuko dut. Ez dakit zer irtengo den, baina neuk lantzen jarraituko dudala badakit. Egindako bineta guztiek lagundu didate niri gauzak zehazten. Batzuk hitzak eta letrak erabiltzen dituzte, baina niri txiki-txikitatik hobeto sartu zaizkit marrazkiak, komikiak-eta. Nik lantzen jarraituko dut, hori seguru.