Etxebizitza tokatu edo ez zorte kontua

Nere Uranga

Martxoan udal sustapeneko 75 etxebizitza egingo zirela esan bazen ere, 57 zozketatu ziren ekainaren 19an, 525 herritarren artean.

 
JENDE ASKO ZOZKETAN. Azpeitiar asko bildu zen ekainaren 19an Azpeitiko kiroldegian, Udal Sustapeneko etxebizitzen zozketan. Batzuk gustura atera ziren; beste asko, ez. 

Martxoaren 21ean Azpeitian Etxebizitza Sustatzeko Udal Planaren berri eman zuen Azpeitiko Udalak, “denera Udal Sustapeneko 75 etxebizitza berri egiteko” asmoa azalduz, Azpeitia Lantzen Herri Sustapenerako Baltzuaren bidez. Egitasmoak bi helburu zituela esan zen: “Azpeitiarrei lehenengo etxebizitza erostea erraztea; eta, bide batez, gure herriaren gune historikoa berrindartzea”. Era berean, herritarrei izena emateko aukera zabaldu zen, apirilaren 30a arte.

Ekainaren 2an, Udal Sustapeneko etxebizitzak eskuratzeko izena eman zutenei, 525 laguni, zenbaki bat eta gutun bat helarazi zien etxera, Azpeitiko Udalaren izenean, orduan oraindik alkate zen Jose Mari Bastidak. Gutunean hauxe jakinarazten zen: “Azkenean 70 etxebizitza berri izango dira ekainaren 19an (...) zozketatuko direnak”. Lehenengo iragarpena baino bost etxebizitza gutxiago. Zergatik? “Legediari kasu eginez, utzi beharreko solar batzuk errespetatuz egin dira planoak, eta bost etxebizitza gutxiago atera dira”; horixe izan zen Azpeitia Lantzeneko teknikariaren erantzuna.

Epe bat ere zabaldu zen, Udal Sustapeneko Etxebizitzen planoak eta salneurriak ikusteko. Ekainaren 9tik 18ra bitartean, goizez eta arratsaldez, Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan egon ziren plano eta salneurri guztiak; eta, azalpenak ematen eta zalantzak argitzen, Azpeitia Lantzeneko teknikaria. Eta han kartel batean idatzita zegoenez, ekainaren 19an egingo zen zozketan 57 etxebizitza zozketatuko ziren. Hasierako iragarpenean baino 18 etxebizitza gutxiago, eta bigarren iragarpenean baino 13 gutxiago. Zergatik? “Enparan kalean egingo diren zenbait etxebizitza egiteko arauak aldatu egin behar dira aurretik; alegia, kale horretan azkena bota zen etxearen lekuan. Izan ere, hor ibaiaren aldetik pasealekuari bukaera eman behar zaio Perez Arregi plazaraino. Baina, oraingo zozketan ez badira sartu, ziurtasunez jokatzeagatik izan da. Gero, arauak aldatu ondoren, ikusi egin beharko guk uste bezainbeste etxebizitza egiteko aukera dagoen ere. Dena den, orain izena emana dutenen artean zozketatuko dira hor joango diren etxebizitzak ere”; horixe izan zen Azpeitia Lantzenen erantzuna.

Zozketa eguna

Ekainak 19, 18:00ak. Kiroldegian. Ingurua autoz josita, jendea eskaileretan gora kiroldegira. Batek hala zioen, “aspaldian horrenbeste jende batera etorri ote da hona”. Kirol partiduren bat ikustera agian bai, zozketa batetara seguru ezetz.

Harmailetan jendea eserita, goikaldean ia denak. Megafoniarekin arazoak, goitik ez zen ondo ulertzen, jendea beheragoko harmailetara jaitxi zen. Jendearen artean zahar eta gazte. Gehiengoa gaztea, batzuk bakarrik, besteak koadrilan, besteren bat gurasoetako batekin... Saskibaloiko kantxan, mahaiaren gainean izen-abizen eta zenbaki guztiak, mahaiaren bueltan eserita, harmailetara begira, eskuinetik ezkerrera, idazkaria, notarioa, Ińaki Zabaleta Azpeitia Lantzeneko teknikaria eta Jabier Beobide (lehen Azpeitiko zinegotzia (EA) zena eta Azpeitia Lantzeneko kontseiluko ordezkaria).

Hasieran, banan bana izen abizen eta zenbaki guztiak irakurri ziren (525), banaka idazkariak gutunazal batean sartu eta denak kutxa baten barrura. Nahastu eta zozketari ekin zitzaion. Kiroldegian isiltasuna nagusitu zen. Lehen 57 zenbakiak izen-abizenekin esan ziren, ondorengoak zenbakia bakarrik. Lehen ateratako 57 zenbakien jabeek lekua, portala eta etxebizitzaren ezaugarrien (bi logela, hiru logela) arabera aukeratzeko lehentasuna dute. Hauek uko eginez gero, zerrendan ondoren denak du lehentasuna.

Lehen 57 zenbakiak jakin ondoren jende gehienak kanporako bidea hartu zuen. Iker Juaristiren zenbakia 33. tokatu zen zozketan, gustora zegoen. “Gustora nago etxebizitza tokatu zaidalako, baina orain ikusi egin behar non dagokidan. Etxe hauen inguruan kalean entzun dudanagatik pufo bat dira, garestiak direlako. Ez zait justua iruditzen 25 milioi ordaintzea Marcial Ucineko keak irensteko. Niretzat etxerik onenak Enparan kalekoak dira. Oraindik ez dakit etxea hartuko dudan edo ez, ikusi egin behar tokia eta salneurria”. Maider Zurdoren zenbakia ere 57 zenbakien artean tokatu zen, 32. hain zuzen ere. Pozik zegoen eta ziurrenik etxebizitza hartu egingo du. “Oso gustora nago etxebizitza tokatu zaidalako eta ziurrenik hartu egingo dut. Baina, etxebizitza bakoitzak balio duena ikusita ez dirudite udal babesekoak”.

Batzuk gustora sustapeneko etxebizitza egokitu zaielako. Beste batzuk etxebizitza hauetakoren bat hartuko zutelakoan, baina zorte txarragoa izan eta ez zaie egokitu. “Ez zait etxerik tokatu. Baina, tokatu bazitzaidan hartu egingo nukeen”, zioen Mari Karmen Kintanak. “Ez dut zorterik izan, ez zait eta etxerik tokatu”, zioen Karmen Sernak, “dena den, Udal Sustapeneko etxebizitzak nahiko garestiak direla iruditzen zait. Eta aukera izango banu aztertu egingo nukeen pisua hartu edo ez. Baina, orain ez dut arazo hori”.

Etxebizitza tokatu zaienek, hartu edo ez hartu, lekua eta abar aztertzeko izango dituzte. Azpeitia Lantzenek, berriz, etxebizitza horiek hartzeko aukera dutenen baldintzak aztertuko dituzte.