AEK hemen ere geroa lantzen

Korrika 13a badator. Apirilaren 6an pasatuko da Azpeititik, 12:30ean. AEK Mikelats Euskaltegikoak ikasgelan eta ikasgelatik kanpo lanean aritzearen arrazoi da Korrika 13ren antolaketa

Mikelats euskaltegiko lehenengo hiru irakasleak. 
Korrika 10, 1997an izan zen. Gauez heldu zen Azpeitira. 
Korrika 12, 2001. urtean izan zen. Azpeitiar ugarik parte hartu zuten orduan ere. 
AEK-ko ikasle talde bat klase orduan. 
Korrika 11, jendetsua. 1999an. 
Korrika txikian ere ez da jenderik falta. 

Badator Korrika 13, badator Azpeitira, AEK-rekin herri bat geroa lantzen lelopean. Maulen hasi, apirilaren 4ean, eta Iruñean bukatuko da, 13an, 2.150 kilometroko ibilbidea. Apirilaren 6an pasatuko da Azpeititik, 12:30ean. “60ko hamarkadaren bukaeran eta 70eko hasieran, euskal kulturak berpizkunde izugarria izan zuen: kantagintzan, literaturan, artean, ikastolak eta gau-eskolak hedatu ziren, euskara batua sortu zen... Izpiritu horri heldu nahi dio, hain zuzen ere, Korrika 13k eta argi utzi euskararen geroa gaur egun egiten dugun lanaren baitan dagoela. Nahiko garai txarrak bizi ditugula eta garai hauei aurre egiten jakingo dugula, hori da Korrika 13ko leloak adierazi nahi duena”, dio Olatz Aranguren, Azpeitiko Korrika Batzordeko arduradunak. Horretan dabiltza Azpeitiko AEK Mikelats Euskaltegikoak: Korrika 13 antolatzen.

LEHEN EUSKALTEGIA. Azpeitian AEK-k bi garai izan ditu, ez da Mikelats Euskaltegia AEK-k Azpeitian izan duen aurreneko euskaltegia. 1982an sortu zen Azpeitian Joannes Etxeberri AEK Euskal Eskola, eta 1989a arte jardun zuen. Lehen urteetan euskaltegi bezala aritu zen batez ere, baina 1987an barnetegia sortu zuen. Horretarako eta diru laguntzak jaso ahal izateko Izkilimilia Kultur Elkartea ere sortu zuten euskaltegikoek. Lehen urtean, egoitza Betharramdarretan izan zuen euskaltegiak, ondoren pisu bat alokatu zuten Enparan kalean. Euskaltegitik barnetegi izaterako pausoa ematearen arrazoiak bi izan ziren nagusiki: batetik, ikaslegoaren jaitxiera eta bestetik, 1985eko azaroan Udal Euskaltegia jarri zen martxan.

Garai horretan Euskalduntze Prozesua Azpeitian Bideratzeko Akordiorako proposamena egin zuen Joannes Etxeberri Euskal Eskolak. Eta bertan zioena zera da: “Argi dago lan berbera egiten duten bi euskaltegietarako ez dagoela lekurik. Eta euskaltegi bakar batek ez luke gehiegi izango: EGA titulurako talde gutxi, eta arazoak euskalduntze eta alfabetatze taldeak sortzeko”. Hala bada, barnetegi bihurtu zen euskaltegia zena, baina bi urteren buruan ikasle gutxi zituelako itxi egin zen barnetegia eta AEK-k ez zuen beregain hartu nahi izan aurrera jarraitzea.

AUKERA BERRIA. Baina, 1996ko otsailean, euskaltegi berri bat ireki zuen AEK-k Azpeitian, Mikelats Euskaltegia. Orduan ere, Udal Euskategia martxan zegoen Az-peitian, baina AEK-k euskaltegi berri bat abian jartzeko egitasmoari heldu zion. “Udal Euskaltegiaz gainera beste aukera baten beharra ikusten zen, eta AEK-ren eskaintza zabalagoa zela. Azpeitia herri euskaldun bat izan arren, AEK-k beti ere kontzientziazio lana egin izan duelako eta orduan kultura aldetik zer egin bazegoela ikusten zelako”. Hiru ikasle talderekin abiatu zen Azpeitian AEK; gero zabalduz joan da Zestoara eta Azkoitira. Gaur egun 9 talde ditu Mikelatsek hiru herritan banatuta. 18 ikaslerekin abiatu zen euskaltegia eta aurten 75 ikasle ditu. “Matrikulazioa orokorrean jaisten ari da euskaltegietan, baina Mikelatsen gutxinaka gehitzen doa”, dio Margari Eizagirre Mikelats Euskaltegi-ko sortzaileetako batek.

Aurten gainera, orain arte ez bezala, Azpeitian AEK-ko ikasle direnek udalaren beka jasoko dute. “Orainarte Mikelatsi Udalak 600 euroko diru laguntza eman ohi zion, baina ikasleek ez zuten inolako diru laguntzarik AEK-n euskara ikasteko. Baina, aurten Mikelatseko Azpeitiko ikasleek ikasturtearen amaieran ordaindutako matrikularen %50a jasoko dute udaletik. Langabeak eta ikasleek, berriz, %75a. Hori bai, klaseetan %85 asistentzia bete beharko dute”, dio Jon Puik, Mikelatseko irakasleak.

Euskara irakatsi eta ikasteaz gainera, kultur ekintzak egiten dituzte Mikelatsen. Hilean behin, azokara, erakusketara, elkarrizketak egitera... ateratzen dira ikasgelatik. Orain zeregin handi bat dute Mikelatsekoek, Korrikaren prestaketa. Uztarria-koekin egon ahala Korrikako ibilbidearen kilometroak zehaztera atera dira. Ari dira ari Korrika 13 antolatzen. “-ika, -ika, -ika, hemen baitator Korrika...”.