“Ez aurkezteko erabakia nirea izan da”

Nerea Uranga

Hemezortzi urte daramatza Jose Mari Bastidak Azpeitiko alkate. Baina aurten ez da izango Azpeitiko EAJren alkategai. Hilabete gutxi gelditzen zaizkio alkate bezala Bastidari

 
 
 
 

Bere bulegoan hartu gaitu Jose Mari Bastidak, batzar aretoaren ondoan. Azkenean, nolabaiteko elkarrizketa egiteko hartu ere.

-Zergatik hartu duzu alkategai ez izateko erabakia?

Orain ez dut hartu erabakirik, 1999an hartutako erabakia bete dut.

-Asko kostatu al zaizu?

Batere ez. Aurretik hartutako erabakia zelako.

-**“Minduta” hartu al duzu erabakia?**

Esan dudan moduan lehen hartutako erabakia zen, orain hitza bete dut, nahiz eta une honetan sekula baino proiektu gehiago izan eskuartean eta indartsu aurkitu neure burua.

-Baztertuta sentitu al zara Azpeitiko EAJ-ren aldetik?

Nire erabakia den aldetik, ez daukat EAJ-ko nire kideen aldetik baztertuta sentitzeko arrazoirik.

-Zer dago erabaki horren atzetik? Gestioa? Jende berriaren apustua? Politika egiteko era?

Erabaki horren atzean ez dago ezer, nire erabakia izan da hautagai moduan ez aurkeztea. Eta alderdiak erreleboa bultzatzea logikoa eta ona da bai alderdirentzat baita herriko etorkizunarentzat ere.

-Zergatik ez duzu egin apustua EAJko batzarra irabazteko?

Hartutako erabakia zelako, beste kontu bat da nire alderdikide batzuek nire izena aurkeztu izatea. Nire aldetik, nire hitza betetzeagatik, uko egin diot hautagai izateari.

-1999an zergatik aurkeztu zinen, nahiz eta Gipuzkoako Buru Batzarra kontra eduki?

Azpeitiko Alderdi Jeltzalearen mahaiak berak eskatu eta batzarrak gehiengo batez hala erabaki zuelako. Ondoren, azpeitiarrek ere ni beraien alkatea izatea nahi izan zuten.

-Segituko al zenuke Azpeitiko EAJ eta Gipuzkoako Buru Batzarra alde izanez gero?

Azpeitiko eta Gipuzkoako EAJ-PNVrekin oso harreman ona dut. Esan dudan bezala, erabakia nirea izan da, eta beste guztia soberan dago.

-EAk orain ez zuen nahi zu alkategai izatea.

Ez orain eta ezta lehen ere. Lehen, bazekitelako ni lehen hautagai moduan aurkeztutako bakoitzean, beti argi eta garbi irabazi izan duela nire alderdiak.

-EAk zurekin gobernatu du azkeneko zortzi urteetan...

Nahiz eta bi alderdiek batera ez zuten joan nahi izan aurreko hauteskundeetan, gero gobernatzeko moduan bazkide gisa ondo funtzionatu dugu, eta harreman pertsonal ona izan dugu, gainera.

-Hemezortzi urte egin dituzu alkatetzan. Zeure dena dedikatu al diozu?

Dakidan guztia, nire esperientzia eta osasuna, dena eman dut.

-Nolakoa zen zure egun bat?

Goizean goiz hasi lanean eta gauean berandu arte jarraitu. Lanean jo eta ke igaro ditut hemezortzi urte Azpeitiaren eta azpeitiarren alde.

-Zer ikasi duzu?

Jendea estimatzen eta jendearengan sinesten.

-Dedikazio horretan zerbait kontatzeko?

Behin Erromara joan ginen Aita Santua bisitatzera eta orduan ere azpeitiarren aldeko konpromiso bat lortu nuen gurekin batera etorri zen politikari batengatik. Honela esan zidan: “Joe, Joxe Mari, Erroman eta Aita Santuaren aurrean ere ezin al duzu Azpeitia ahaztu?”.

-Lan zaila al da alkate izatea?

Ni bezalako bokaziodun alkate batentzat, Azpeitia bihotzean daraman batentzat, Azpeitiko alkatea izatea gauzarik handiena da.

-Garai hau luzea egin al zaizu?

Ez, nire inplikazio eta ilusioei entzunda denbora azkarregi igaro dela esango nuke.

-Ez al dira urte gehiegi izan?

Hori azpeitiarrei galdetu beharko diezu, euren konfiantzari esker izan naiz-eta alkate hemezortzi urteetan.

-Hemezortzi urte alkatetzan izanda, alkatearen boterea, ahalmena, noraino heltzen da?

Bada, egunetik egunera azpeitiar guztiekin gero eta konpromiso handiagoa hartzera heltzen zara.

-Itxura batean, erabaki denak zure esku egon dira, oso pertsonalizatua izan duzu alkatetza... Horrela izan al da?

Enpresa baten bezala, azken hitza eta erabakiak alkatearenak dira, nahiz eta gauza garrantzitsuak udalbatza osoan erabakitzen diren.

-Alderdiarekiko independente itxura eman izan duzu. Zenbaiteraino da egia, zenbaiteraino fiktizioa?

Ezkutuan derrigorrez ibili behar zen garai haietatik ni EAJko kidea izan naiz, eta beti hala sentitu izan naiz. Konpromiso hori beti izan dut nirekin; hau da, EAJ-PNVko kidea izatea eta sentitzea, horregatik, sekula ez dut independente sentitu neure burua, eta ezta nahi ere.

-Alkatearen lanaren emaitzan zenbateraino eragin dezake norbere alderdi politikoak, zenbateraino norbere izaerak?

Oraintxe esan dudan moduan, beti alderdiko kide izan eta sentitu naiz. Hauteskunde guztietan hala aurkeztu naiz eta beti irabazi egin dugu. Orduan ez dauka zentzurik meritua nirea ala alderdiarena den esateak. Nire iritziz, meritua herriarena da, berak eman digun konfiantzagatik.

-Zer eman dio Jose Mari Bastidak Azpeitiari?

Lana, lana eta lana. Baita ilusioa, ideiak, konfiantza eta segurtasuna ere.

-Eta zer Azpeitiak Jose Mari Bastidari?

Lana egiteko gogoa, ilusioa, konfiantza eta ardura.

-Hemezortzi urteen balorazioa eginda, zer nabarmenduko zenuke?

Gaur egun azpeitiarrak gusturago eta hobeto bizi direla Azpeitian orain dela hemezortzi urte baino. Eta herritik kanpo Azpeitia orduan baino gehiago baloratzen eta errespetatzen dela.

-Duela hemezortzi urte baino egoera hobean al dago Azpeitia?

Zerikusirik ez dauka egoera batek bestearekin, baina nik erantzun beharrean, nahiago nuke galdera horri azpeitiarrek erantzutea.

-Batik bat alkate gestorea izan zarela esan al daiteke?

Herriko baliabideak kudeatzea eta herritarren behar nagusiak betetzea da alkate baten lan nagusia. Jendea gustura ikustea, eguneroko arazoak zuzentzea... hori da alkatearen lana.

-Eta alkate politikoa izan al zara?

Beti pentsatu izan dut hori nire alderdiaren lana dela eta ez alkatearena. Denen alkatea izateko, alkateak politika bere alderdiaren esku utzi behar du eta bera pertsona guztiei ahalik eta zerbitzu onena ematen oinarritu behar da.

-Baina zeinek du garrantzia handiena alkatetzan: gestioak edo politikak?

Erantzunda dago.

-Zer herri uzten diozu hurrengo alkateari?

Lan asko eta asko egin dugun herri zoragarri bat, proiektuz betetakoa eta ekonomi baldintza onetan dagoena.

-Gabeziak?

Azpeitiko herriaren arazo nagusietako bat, bere kokapena da. Zentzu horretan, hurrengo urteetan komunikazio eta garraiobideak hobetzea eta beste herri batzuetara gerturatzea kontuan hartzeko moduko erronka izango da.

-Indarguneak?

Gazteri bizia, industria sare anitza eta hezkuntza azpiegituraketa egokia edukitzea eta proiektu indartsuak martxan izatea... Beste gauza askoren artean hauek dira gure potentzial edota indar nagusienak.