“Azkarregi eman didate fama, merezi gabe, eta ez dit mesederik egiten

Enekoitz Esnaola

Inaxio Errandoneak esan du Peńagarikano izango zela laster atzelaririk onena, Jokin Errastik “pilotari osoa” dela... Laudorioak ugari mutilari. Eta ez askorik gustatzen.

 
 
 
 
 
 
 

Ohi bezala, anaia gaztea Ikasberri ikastolara eraman du goizeko bederatzi eta erdietan, eta garaiz iritsi da Uztarriarekin daukan hitzordura: hamarretan Egańaneko parean. Izarraitz pilotalekuaren sarrera parean. Bere etxe ondoan. Bertatik bertara du, beraz, habitat naturala. Hala ere, Zestoara egiten du gehiago, hango frontoira. Edo Gasteizera. Gaur Izarraitzera doa, eta aldagelatan takoak prestatzen ari dela jardun du hizketan Azpeitiko herri aldizkariarekin. Kepa Peńagarikano da bera. Pilotaria, 21 urtekoa, eta mutil puska: 1,89 zentimetroko luzera eta 91 kiloko pisua. Atzelari on bat izateko dohainak. Jen-deak hala dio, behintzat. Oraingoz, ederki ari da; bikoteka Lehen Mailako Txapelketan ia finalerdietara sartu da.

-Denbora gutxi daramazu profesionaletan eta guztiak zutaz ari dira, Kepa...

Txapelketan sartu naute, lehen partidua oso ondo jokatuta irabazi genuen eta horrek herrian gehiago eman nau ezagutzera. Herriarentzako hori gauza polita da, txapelketan sartze hori, herritar bat aurretik inoiz ez delako egon, eta ni neu izan naiz aurrenekoa.

-Baina ez herrian soilik. Kanpoan ere ari dira zutaz.

Gipuzkoa mailan ari dira. Komunikabideetan, adibidez. Nik uste baino gehiago. Eta nitaz horrenbeste aritzeak uste dut ez didala batere mesederik egin.

-Zuk uste baino gehiago. Eta zuk nahi baino gehiago?

Baita ere. Ez zait iruditzen hori ona denik. Izan ere, ez zara partidua irabazi baino astebete lehenago baino hobea, eta astebete lehenago inork ez du ezer esaten zutaz, baina irabazten duzu partidua eta zara... Hori ez da horrela.

-Beraz, ez duzula merezi horrenbeste laudoriorik.

Ezta pentsatu ere! Hori baino gehiago egin behar duzu fama hori izateko. Baina gertatu da orain pilotan nobedade handirik ere ez dagoela, eta ni hasi naiz, ondo jokatuz irabazi genuen lehen partidua eta... Betikoa. Baina egun haiek ez zidaten mesederik egin, hurrengo partidua etxean, Azpeitian bertan nuelako, horrenbeste jenderen artean, urduri jarri nintzen eta ez nuen batere ondo jokatu. Galtzeak berak baino pena handiagoa eman zidan neure dena ez emateak.

-Laudorioez ari garela, ordea, Inaxio Errandonea batek esan du: "Seguru nago Peńagarikano izango dela bi urte barru atzelaririk onena"...

Gauza polita da hori entzutea, bai, Errandonea batek hori esatea ona delako niretzat, baina, azken batean, horrek ez dit ezer balio, gero entrenatu egin behar zarelako, gauzak egin...

-Horrelakoak entzuteak zer ematen dizu ba, erantzukizuna? Edo beldurra? Edo?...

Ba hauxe: jarraitzaileek zutaz itxaropen handiak izatea horrelakoak irakurrita eta entzunda, baina gero kantxan zuk jarraitzaile horiei beraiei ez erantzutea behar bezala. Nik nahiago dut horrelakoak entzun gabe neure martxan segitzea, isil-isilik, eta hemen egia bakarra emaitzak dira.

-Azken batean, azkarregi iritsi zaizula ospe hau.

Bai.

-Askok itxaropen handiak dituzte zugan. Zeuk ba al duzu konfiantzarik atzelari ona izatera helduko zarela?

Bai. Oraindik gaztea naiz, onenekin jokatzen ari naiz eta hor ibiltzea niretzat gauza handia da. Baina koska handiena hemen dago: gauza bat da onenekin ibiltzea eta bestea onena izatea. Nik asko ikasi beharra dut.

-Dohainak ba omen dituzu.

Gorputz faltarik ez dut, behintzat!

-Zertan hobetu behar duzu?

Gauza askotan. Batez ere, kantxako mugimenduan; nahiko baldar nabil oraindik, mutil handia naizelako, eta ez dut Barriola batek daukan arintasuna eta Fernando Gońik batek daukana.

-Eta ari al zara hori entrenatzen?

Bai. Mugikortasun eta koordinazio ariketak asko egiten ditut. Beti damutu zait txikitan pilota ez den beste kirolik fundamentuz egin ez izana. Izan ere, beste kirolen bat eginda beste arintasun bat izango nukeen, beste koordinazio bat, beste gihar batzuk erabiltzen dituzulako, baina nik txikitan, nolabait esanda, pilotan baino ez nuen jokatu.

-Gasteizera ere joaten zara fisikoa hobetzera.

Astean bitan. Asegarcek orain zentru bat jarri du entrenatzeko, eta bi aldiz joan beharra dugu enpresako pilotariok. Prestatzaile fisiko bat dugu. Urruti geratzen zait baina, beno, hobetzearren…

-Beste non entrenatzen zara?

Pilotan beti Azpeitian edota Zestoan.

-Zeinekin?

Tarteka aritu izan naiz Iban Otaegi Beizama-rekin, baina, normalean, bakarrik edo Juan Mari Juaristi Atano XIII.a azkoitiarrarekin, nire prestatzailea baita. Orain Juaristi pilota hautatzaile aukeratu dute eta gutxiago egongo naiz harekin. Ona da lagunarekin entrenatzea, baina askotan zu zeu nahikoa zara dauzkazun akatsak zuzentzeko: txapa gainera jo, dejadak bota, sake batzuk atera…

-Profesionaletan hasi besterik ez zara egin. Pilotatik bizitzeko asmorik bai?

Nik bai. Hasi nintzen Ingeniaritza ikasten, Donostian, baina lehen urtean bertan utzi egin nuen, pilotari eusteko, Maeskurekin sinatu nuelako. Ez nintzen zentratzen ikasketatan. Lehen ere ez nuen motibazio handirik eskolan, eta pilotako aukera etorri zitzaidanean, gutxiago.

-Beraz, dena utzi eta apustua ere egin duzu, ezta?

Bai, baina badakit hemendik urte batzuetara negozioren bat-edo jarri beharko dudala, edo ikastaro batzuk egin gerorako, pilotariaren bizimodua motza delako eta gero nonbaitetik atera beharko delako dirua.

-Hala ere, gaur egun pilotan dirutza dabil...

Baina horretarako puntako pilotaria izan behar duzu. Onenek diru asko irabazten dute, baina erdi mailakoek langile arrunt baten antzera edo pixka bat gehiago.

-Partidu asko jokatzen al dituzun horietakoa al zara?

2002koa izan zen nire lehen urte osoa profesionaletan eta 50 partidu jokatu nituen. Asko den, gutxi den? Kontratuan jartzen du gutxienez 45-50 jokatu behar dituzula, eta, beraz… Ez dago toki askorik ere.

-Zein da zure txapelketa: buruz burukoa, bikotekakoa, lau t’erdikoa?

Buruz burukorako gehiago naizela uste dut. Lau t’erdia ere gustatzen zait, mugimenduan oraindik huts egiten badut ere, baina hobetuko naiz.

-Ez daukazu, ordea, erraza buruz burukoan irtetea.

Ez. Lehen Mailakoan irteteko Bigarren Mailakoan gutxienez finalera heldu behar zara. Aurten saiatuko naiz Bigarrengoan finalera iristen.