Josu Bereziartua: “Niretzat Everest, proiektu baten hasiera izan zen”

Nerea Aranburu

Josu Bereziartuak gazte-gaztetatik ekin zion mendian ibiltzeari. Lehenik, hemen inguruko mendietan, eta gero, urte batzuk beranduago, gailur handiagoetarako pausoa emanez. Harrezkero, hainbat tontorretara iritsi da mendizale azpeitiarra. Urriaren 1ean bete ziren, hain zuzen ere, Josuk hamar urte Everesteko tontorra zapaldu zuenetik.

Everesteko gailurrean
Everesteko gailurrean.  Josu Bereziartua, Everesteko tontorrean, orain hamar urte. 
Everest igotzen
Everest igotzen.  1992an, Everest igotzen. 
Cho Oyuko tontorrean
Cho Oyuko tontorrean.  Amaiarekin Cho Oyuko gailurrean, 1992an. 
Joxe Takolorekin
Joxe Takolorekin.  Everestetik bueltan Joxe Takolo zenarekin. 

-1990ean abiatu zinen lehen aldiz Everestera.

Bai, urte horretan izan nuen lehen kontaktua munduko mendi altuenarekin; Everestekin, alegia. Euskal Federazioak Euskal Herriko mendizaleekin Everesteko horma zail baterako ahalegina antolatu zuen eta hara joateko deitu zidaten. Oso horma zaila zen eta garai hartan, 1990ean, prestigio handiko bidea zen, baita gaur egun ere. Espedizio hartan lan asko egin genuen, baina orduan ez zen posible izan tontorra; 8.350 metroraino iritsi ginen. Tontorra ez genuen lortu baina oso gustura etorri ginen espedizio hartatik.

-Urte bat beranduago, beste saiakera bat egin zenuen.

Bai, 1991n. Azpeitian espedizioa antolatu zen, herri giroan oinarritutako espedizioa. Niretzat Everest proiektu baten hasiera izan zen. Everest eginez gero, prestigio bat daukazu eta gero, laguntzak lortzeko garaian, errazagoa izaten da. Orduan ere ez genuen tontorra egitea lortu, baina oso gertu geratu ginen. Ezin izan genuen leku bat zeharkatu, baldintza txarrak zirela medio eta oxigenoa agortu zelako, baina jendeak hori ulertu behar du. Hau da, talde bezala gai ginela eta Azpeitiko jende batekin Everesten 8.760 metroraino iristea zerbaiten adierazgarri zela.

-1992an, bi gailur lortu zenituen: Cho Oyu eta Everest. Nolatan bi gailur espedizio berean?

1991ko Everesteko espedizioaren ondoren, Amaia Aranzabalek eta biok pixka bat nekatuta bukatu genuen horrelako espedizio handiekin, eta Everestek suposatu zi-gun lanarekin erreta amaitu genuen. Ondoren, biok erabaki genuen hurrengo espedizioa Cho Oyura izango zela: nahikoa mendi erraza, eta pixkat biok bakarrik, modu arinean, konpromiso gutxirekin. Ka-sualitatez, hori antolatzen ari ginela, Felix eta Alberto Ińurrategi Everestera zihoazen urte horretan, baita nafar batzuk ere. Ez dakit nola atera zen, baina aukera ikusi nuen Cho Oyun azkar samar ibiliz gero, altuerara egokituta eta jada Everest hainbeste ezagututa, igoera azkar bat egiteko. Azkenean, proiektua aztertu nuen, posible zela ikusi eta horrela atera zen. Cho Oyu-ko gailurra egin eta zuzenean Everestera joan nintzen.

-Nola gogoratzen duzu igoera?

Irailaren 28an atera nintzen beheko kanpamendutik bigarren kanpamendurantz. Han egun bat-edo egin eta handik hurrengo kanpamendurako bideari ekin genion, Hego Leporaino iritsiz. Urriaren 1ean goizeko ordubiak aldera atera ginen tontorrera bi mendizale frantziar, beste bat eta ni. Hauek, ordea, amore eman zuten eta ez zuten aurrera jarraitu. Eguraldi ona egiten zuen eta aurrera jo beharra zegoen. Igoera on bat egin ondoren, goizeko zortziak aldera lortu nuen munduko gailurrik altuena zapaltzea.

-Zer-nolako balorazioa egingo zenuke espedizio hartaz?

Pertsonalki oso ondo pasatu nuen eta, gainera, bi gailur lortu nituen bi asteren barruan. 1991ko balorazioa antzekoa egiten dut, bakarrik oraingoan gailurrera iristea lortu nuela. Nik espedizio bat osotasunean baloratzen dut, etxetik ateratzen naizen unetik itzulera arte. Orain arte, gehienetan behintzat, nire espedizio guztietan oso sentimendu aberatsak izan ditut.

-Zer sentitzen du mendizale batek munduko mendirik altuenaren gailurrean?

Galdera horri erantzutea oso zaila da niretzat. Ezin dut orokorrean hitz egin, pertsonalki baizik. Guztion gustukoa da tontorrera iristea. Gailurrean bertan, poz handia eta, aldi berean, lasaitasun handia sentitzen ditu mendizaleak. Noski, munduko gailurrik altuena izaki, izugarrizko ikusmira dago. Beste mendi guztiak ikusi ahal dira bertatik. Azken finean, nire ustez behintzat, postre on bat da gailurra lortzearena.

-Hamar urte igaro dira igoera hartatik. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Lehen esan bezala, oso ondo pasatu nuen espedizio hartan, bi gailur lortu nituelako. Oroitzapen onak ditut. Egun hori txanpain botila bat irekiz ospatu genuen.

-Aurrera begira, zer proiektu dituzu buruan?

Oraingoz, segurua ez da baina, neguan Broad Peak-era joatekotan gara. Pakistanen inork ez du zortzimilako mendirik egin neguan, nahiz eta batzuk horretan ahalegindu. Guretzako, eta niretzat pertsonalki, tontorrera iristea oso polita da, baina niri negua beti gustatu izan zait. Udako beroa baino nahiago dut hotza. Himalayan, Albertorekin eta Felixekin probatu nuen eta oso esperientzi gogorra izan zen. Hala ere, saiatuko gara Broad Peak-eko tontorrera iristen.