"Josu torturatuta hil zuten eta salatu beharra dugu"

Nerea Uranga

Itziarren hilda agertu zen Josu Zabala nafarraren ama da Maria Jesus Salegi azpeitiarra. Orain Estrasburgera jo dute, kasua salatzera

Maria Jesus Salegi
Maria Jesus Salegi.    (Nerea Uranga)

Azpeitiarra da Maria Jesus Salegi, Kortatxo-koa. Ezkondu zenetik — orain 35 urte—, Iruñean bizi da. Semea, Josu Zabala Basajaun etakidea, bihotzean tiroa zuela azaldu zen Itziarren, mendian, 1997ko martxoaren 27an. Maria Jesus Aste Santuan Estrasburgen izan da semearen kasua salatzeko, senitartekoekin eta lagunekin batera. Handik bueltan egon da Uztarria emakume azpeitiar honekin, Iruñean bertan.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du Josu Zabala zure semearen kasua onartu. Espainiako Justiziak eskaintzen dituen aukera guztiak agortu ondoren, Estrasburgera jo duzue.

Hasieran Eibarko Epaitegiari zegokion kasua, eta han artxibatu egin ziguten. Gero, Gipuzkoako Entzutegi Probintzialera jo genuen, eta han ere Josuk bere buruaz beste egin zuela ondorioztatu eta artxibatu egin zuten kasua. Gero Auzitegi Konstituzionalak ez zigun kasua onartu, ez zeukan kasua argitzeko eta aztertzeko asmorik. Orduan Estrasburgera jotzea erabaki genuen, kasua salatzera. Batik bat, horrelako heriotzak eta hilketak ez daitezen zigorrik gabe gelditu inon ere. Uste dugu familia bakoitzak gure salaketa jarri egin behar dugula. Horrelako zerbait gertatzen denean, familia bakoitzak bere ahalegina egin behar duela, hori pentsatuta ari gara; batzuei ondo irudituko zaie eta beste batzuei, berriz, ez.

Zer egin duzue Estrasburgen?

Estrasburgora prentsaurrekoa eman eta kasua salatzera joan gara. Hasieran salaketa bertako legebiltzarrean egiteko asmotan ginen, baina han nolako salaketa zen ikusi zutenean, atzera bota zuten. Hala ere, prentsaurrekoa eman genuen. Gero, bosgarren urteurrena zenez, txalaparta-eta eman genituen hemendik, eta omenaldia egin genuen. Oso ondo irten zuen denak. Orain zain gaude, ea Estrasburge-ko Giza Eskubideen Epaitegiak kasua aztertzea onartzen duen.

Baina zuek ba al dituzue frogak Josu bere buruaz beste egin ez zuela adierazten dutenak?

Guk baditugu frogak, baina ez dizkigute onartzen. Gorputza lehen unean baltsamatu egin zuten, senideon baimenik gabe, eta hor froga asko galdu egiten dira, autopsia egiteko. Gero, oinetakoetan ez zuen gorputza topatu zuten lekuko lurrik; pistolak ere kolpekaria jasota zeukan, eta hau bakarrik ez da igotzen, tiroa botatzen denean jaitsita gelditzen delako; giltzarik ez zeukan, ezta karterarik ere, ezer ez zeukan soinean. Kontu hauek guztiak ez dituzte froga gisa onartzen. Ez zaie interesatzen kasua aztertzea, eta, orduan, hainbat aitzakia jartzen dituzte. Ezintasuna nagusi dugu, baina gure ahalegina egingo dugu, eta zerbait lortzen badugu, ondo.

Estrasburgen kasua aztertzea onartuko balute, aurrera; baina ezezkoa balitz, ba al dago beste aukerarik?

Estrasburgekoak atzera botako balu, nik uste dut jada ez daukagula ezer asko egiterik. Bestela, berriz, guretzako gehiegizko lana litzateke, ez da broma izango; diru aldetik, abokatu kontuak eta gauza asko daude hor. Lan handia da, estatu bati jartzen baitiozu salaketa. Baina hor ginateke.

Eta erantzuna noizko?

Ez dakigu, sei hilabete dira kasua aztertzeko eskaera sartu genuela. Uste genuen Gabonetarako erantzuna izango genuela. Eta une hauetan kasik nahiago erabakitzen ez badute, Jose Maria Aznar Espainiako presidentea baitago Estrasburgeko lehendakaritzan.

Eta bost urte nola pasatzen dira horrelako borroka batean murgilduta?

Jende askok kontua erdi ahaztuta edukiko du eta normala da. Baina familiarentzat ez da denbora pasatzen. Ohitu egiten da samin horrekin bizitzen; familiak ez du gainditzen pertsona hori hil egin dela, oroitzapenean beti bizirik delako. Gure barruan bizirik dago. Gainera, Josu zen bezalakoa izanda, zer heriotza eman zioten ikusita... Torturatuta hil zutela garbi dugu. Gure lana da salaketa egitea, eta horrek eramangarriago egiten du dena. Zailagoa litzateke etxean geldituko bagina.