“Lanzarotekoa da europako Ironman-ik gogorrena”

Aitor Arruti

Azpeitire ezkondutako eibartar triatleta honek Hawaiiko Ironman-eako txartela lortu du Lanzaroten. Hortako, beatzi ironman (3,8 kilometro igeriyen, 180 bizikletan eta 42 korrika) ein ditu.

Joseba Ortega
Joseba Ortega.    (Josu Azpillaga)

Sei urten ondoren, Azpeitira etorritakuen lortu dezu Hawaii-ko txartela. Ze eskeini dizu Azpeitik?

Korrika egiteko Eibar baino leku hobea da hau. Hala ere, Asier Cuevas atletak jarritako prestaketan egon da gakoa. Ironman-ean dena korrikako saioan galtzen edo irabazten denez, bereziki prestatzen saiatu naiz.

Nola preparau zea urtien hasieratik?

Lehenengo, kross denboraldia egin nuen Iraurgi taldearekin. Taldeko giroak asko lagundu zidan nire maila hobetzen. Gero, kilometro gehiago eta serieak sartzen hasi nintzen. Azkenik, duatloiak egin nituen, luze entrenatzeari utzi gabe. Hori dena egiteko, Idoia emazteak asko lagundu dit, pazientzia handia izan du eta.

Zure 9 ironman-etan, zein izen da bereziyena?

Agian Roth-ekoa, Alemania delako Europan triatloiaren erreferentzia nagusia. Roth-en hotel gutxi daudenez, bertako jendeak partaideak etxeetan hartzen ditu. Halaxe egon ginen gu ere joandako bi aldietan. Etxekoak bagina bezala hartu gintuzten, beraiek lanera joan eta giltza geuri utzita. Goizeko bostetan jaiki ziren gu lasterketara eramateko. Bizi egiten dute kirol hau.

Beste behin bi ironman ein zenitun hamabost eunetan, ezta?

Zortzi lagun joan ginen Danimarkara, Fredericia-ko Ironman-era. Gero, Norvegia ezagutu eta Alpeetara abiatu ginen. Embrun-eko proban parte hartu nahi nuen arren, lagunei ez nien azken unera arte ezer esan, zorotzat hartuko nindutelakoan. Azkenean, hura ere egin nuen.

Triatloiez aparte, bestelako abentura asko ere izen die tartien.

Oso bizikleta zalea naizenez, niretzako oporraldirik onena alforjak hartu eta lekuak ezagutzea da. Horrela, leku askotan izan naiz Eibarko lagunekin: Piriniotara eta Pisara joan-etorriak, Varsoviatik hasita Europako iparralde osoa zeharkatzea, Estatu Batuak kostatik kostara (Washington-Los Angeles) eta hegoaldetik iparraldera (Tijuana-Calgary) igarotzea. Bi azken horien artean, orain bi urte Idoia eta biok Azpeititik Cadizeraino joan ginen bizikletan.

Eta etorkizunien, zer?

Kirolak ondo sentitzen laguntzen dit, eta jarraitu egin nahi nuke. Hala ere, uztailean semea izatekotan gara, eta hemendik aurrera lasaiago ibiliko naiz.