Datorren urtearen hasieran botako dute Institutua

Nerea Uranga

Eraikin berria egiteko aurreproiektua aukeratzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Urola ikastolako, batxilerreko eta DBHko ikasleentzat izango da eskola berria.

Hilabete batzuk bakarrik gelditzen zaizkio 40 urte baino gehiago dituen Perdillegiko Institutuari.  (Mikel Goikoetxea)

Institutu berria eraikitzeko asmoa aurrera doa, datorren urtearen otsaila edo martxorako aurreikusten delako eraikina botatzen hasteko epea.

Pasa den martxoaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Aldizkari Ofizialean iragarki bat azaldu zen, eta bertan argitzen da nola egingo den Perdillegiko ikastetxe berria. Aurreproiektuaren baldintzak aurkezteko epea apirilaren 11 artekoa zen, eta denbora horretan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila aurreproiektua aukeratzen ari da. Aukeratu ondoren, bost edo sei hilabeteko epea izango da proiektua aurkezteko, eta gero lehiaketa publikoan eraikin berria egingo duena aukeratuko da.

Institutua botatzeko lanak gaur egun bertan dagoen Urola Ikastolari eragingo dio batik bat. Hau da, datozen bi ikasturtetako eskolak leku berri batetan eman beharko dituzte. Urola Ikastolako zuzendari Juan Amenabarren esanetan, «bilera pila bat egiten ari gara gurasoen artean, zuzendaritza artean eta ikasleen artean, alternatibak topatzeko asmotan. Horretara dagoen batzorde bat ere osatu dugu. 2003ko irailean, berriro gaur eguneko lekura etortzeko moduan izango gara, ordurako ikastetxe berria bukatuta izango dela espero baita. Behingoz, ikastola eta maila desberdinei dagokion lekua finkatuta geldituko da era horretan».

Uneotan, institutuan lehen hezkuntza, batxiler eta heziketa zikloko ikasleak daude. Datorren ikasturtean, batxilerrekoak eta heziketa ziklokoak Azkoitira joango dira: «Eskola profesionalean, lekua egokituko da, maila horientzako. Bertan, denentzako lekurik ez balego, Altamiran ere gela batzuk moldatu beharrean aurkituko gara. Lehen hezkuntzakoak berriz, Azpeitian geldituko dira; Euskal Herria auzoko ikastetxean, oktogonoan eta Aspace-koan moldatu beharko ditugu gelak», dio Amenabarrek.

Antzeko egitura

Institutua eraberritzeko edo botatzeko asmoak ez dira oraingotxeak. Amenabarren esanetan, «Institutuak ingurua oso polita du, eta banaketa ere oso kuriosoa du. Baina, etxea, lur gainean eginda dago, hezetasuna eta filtrazioen ondorioz putzuak egiten dira. Bestalde, beheko eraikina, batik bat, pabilioi txikitan banatuta dago, eta geletan zutabeak ditu. Betidanik izan da eraberritu edo berri bat egiteko asmoa. Eta aspaldi erabaki zen eraberritzea baino hobeto zela berria egitea».

Ikastetxe berria, zaharraren antzeko egitura mantenduz, egiteko asmoa dago. Amenabarren hitzetan, «Hezkuntza saileko arkitektoak esan zigunez, berria egungoak duen antzeko egiturarekin egingo da. Eta zaharrak bezala, inguru berdeak mantentzea nahi da».

Gehiegikeriarik gabe

Ikastetxe berriak hogei gela edo unitate, zerbitzu gelak, itxitako kiroldegia eta honen inguruan, jolaserako gelak izango ditu. «Guk hiruzpalau gela gehiago nahi genituen. Baina, jaiotzak eta ikasleak ez dira gehitzen ari, eta gehiegikeriarik ere ez da egin nahi. Dena den, eraikin berriak aurrerantzean handitzeko modua ere emango du», dio Juan Amenabarrek.

Institutua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarena da; beraz, ikastetxe berria egitearen kostua eta proiektuaren aukeraketa berari dagozkio. Dena den, Urola Ikastolako arduradunek uste dute, proiektua aukeratzerakoan, Eusko Jaurlaritzari euren iradokizunak eta gomendioak egiteko aukera izango dutela.