Goiz bat entzierroko argazki-giroan

Enekoitz Esnaola

Sanferminetan, oinarrian, gauza bera dago egun guztietan, baina egun guztiak dira desberdinak. Joxe Ramon Larrañagak esan dezake hori: egunero entzierroko argazkiak ateratzen ibiltzen da, baina egunero ditu egoera desberdinak. Uztarria berekin egon zen, Iruñean, uztailaren 13an, goizez.

5:45 - Goizeko paseoa
5:45 - Goizeko paseoa.  Ez du gustukoa; gautxoriez paso egiten du, urduri joaten baita toki bila. 
5:50 - Hesian, prest
5:50 - Hesian, prest.  Goizeko seiak alderako egoten da dagokion hesian, kamerarekin pronto. 
8:03 - Argazki pila
8:03 - Argazki pila.  Bi segundotan pasatu ohi dira zezenak, eta 36 argazki ateratzen ditu. 
8:15 - Gaztelu Plazan bilera
8:15 - Gaztelu Plazan bilera.  Entzierroa bukatutakoan bildu egiten dira, erroiluak entregatzeko. 
8:45 - Gosari ederra
8:45 - Gosari ederra.  Bapo gosaltzen dute argazkilariek, 9:00ak aldera; orduantxe lasaitzen dira. 
9:45 - Egunkarira bisita
9:45 - Egunkarira bisita.  Goizeko lanarekin bukatzeko, lantokira bisita: Diario de Noticias-era. 

Uztailaren 5ean arratsalde partean abiatzen da Joxe Ramon Larrañaga Azpeititik Iruñera, sanferminetara, eta hilaren 15a arte egoten da bertan, andrea eta bi alabekin, alokatutako etxe batean. Helburua: argazkiak ateratzea, batik bat entzierrokoak. Hiru urte daramatza Diario de Noticias egunkariarekin kolaboratzen, eta pasioz bizi ditu sanferminak. Argazkia baitu pasioa Azpeitiko Argazki Elkarteko lehendakari honek. Gustura ibiltzen da anbientien.

5:00. Normalean bost bat ordu lo eginda jaikitzen da Joxe Ramon; goizean goiz. «Neu bakarrik jaikitzen nauk. Andrea eta bi alabak lo geratzen dituk. Zortziak baino pixka bat lehenago jaikitzen dituk, entzierroa ikusteko. Ni ordurako ederki espabilatuta egoten nauk».

5:15. Di-da batean gosaltzen du, «beti etxean. Kafesnetxo bat gailetekin eta bale. Argazkilari zenbaitek irteten dik gosaldu gabe, baina gero, entzierroaren ondoren, latz gosaltzen ditek». Beti berdin janzten da: galtza zuriak, elastikoa ere zuria eta gainetik jaka berde bat, poltsiko askokoa, karreteak-eta sartzeko. «Hiru pare-edo ditiat; hemen segituan zikintzen dituk arropak».

5:40. Iruñera familiarekin etortzen denetik, etxe bat alokatzen du, erdialdean. Eta goizean goiz etxetik irtetean helburu bat izaten du: entzierroan toki ona lortzea. «Etxetik irtetean buruan entzierroko tokia izaten diat, eta horretxen bila joaten nauk, urduri. Nahiz eta aurreko egunetik argazkilariok jakiten dugun zein tokitan egon behar dugun, hala esaten digutelako egunkarikoek, ni beti lehenago joaten nauk neure tokira. Normalean seiak hogei gutxirako irteten diat etxetik, gaur bezala». Eta orduan ez omen du ederki pasatzen, alde zaharrean gau-txoriak ondoan edukitze hori ez duelako gustukoa. «Niri ez zaidak askorik gustatzen alde zaharretik pasatu behar hori. Jendeak kamerekin-eta ikusten hau eta adarra jotzen dik, eta kabreatzeko arriskua ere egoten duk, sestraren bat edukitzeko arriskua ere bai, eta kamera zakutik hartzera joateko. Horrelakoetan onena paso egitea duk. Esan diat, urduri irteten diat etxetik, toki bila, eta, pentsa, azpeitiarrei ere ez zieat kasurik egiten; barkatuko zidatek».

5:50. Hamar minutu ditu, gehienez ere, etxetik entzierroko edozein tokitara. Gaur seiak hamar gutxirako hor dago, dagokion tokian, zezenplazako kailejoiaren sarrera-sarreran. Gaur, polizia foralek, akreditazioaz gain, nortasun agiria ere eskatu diote, «atzo mutil gazte bat biluzik ibili zelako plazan bertan eta horrek min ematen ziek hauei. Horregatik horrelako kontrola». Bi ordu pasatxo falta dira entzierroa hasteko. «Bai, oso goiz iristen nauk, baina ez nauk aspertzen. Nik beti irrati txiki bat ekartzen diat eta belarritakoekin Euskadi Irratia entzuten diat. Hor izaten duk gure herrikide bat, Iñaki Elorza, entzierroa zuzenean ematen; zortziak laurden gutxian konektatzen ditek. Baina aurretik izaten diat jarria irratia, albisteak eta musika entzuteko. Denbora azkar joaten duk. Argazkilariok kontu txikiak kontatzen ere egoten gaituk». Horrela, zortziak arte.

8:00. Berez 75. hesian du tokia gaur Joxe Ramonek, baina azkeneko unean esan diote pixka bat beherago jartzeko. Eta hor da, zezenen zain. Gero eta argazki-material hobea du. «Normalean bi segundo izaten dituk, segituan pasatzen direlako. Horregatik duk garrantzitsua material ona edukitzea. Hona estatu batuar argazkilari on horietakoak etortzen dituk, lehiaketan-eta parte hartzera. Oso mutil irekiak dituk, eta haietako batek ekarri zidak kable bat, eta hori oso baliagarria zaidak argazkiak azkar ateratzeko. Nik orain bi segundotan 36 argazki ateratzen ditiat», dio entzierroa hasi baino pixka bat lehenago.

8:03. Zezenen tropela ia hiru minutura heldu da zezenplazako kailejoi parera, Joxe Ramon dagoen tokira, eta gaurkoan ere bi segundotan pasatu dira; baina zezen bat geratu da atzean, kailejoiko jaitsieran, urduri, hesiei adarkadak eman eta eman. Argazkilari azpeitiarrak egin dizkio argazki eder batzuk, baina beste munduko gauzarik ez. Izan ere, azkeneko zezen horrek ez du inor harrapatu, Joxe Ramonen eta bere lagunen zoritxarrerako. «Nik egia esango diat: nik zezenak jendea harrapatzea nahi izaten diat; ez nik bakarrik, nire lagun hauek ere bai. Badakik, sokamuturrean bezalaxe».

8:15. Entzierroa bukatzean, Gaztelu Plaza du beti hurrengo gunea, han elkartzen direlako Diario de Noticias-eko argazkilariak; hamabost bat. Bertan ematen dizkiote argazki-erroiluak egunkariko arduradunari, Iñaki Bergasari. Zein ote dute tokirik onena entzierrorako? «Onena? Argi aldetik igoal Udaletxe Plaza duk onena. Neuk ez diat nahi izaten toki finkorik, aldatuz ibiltzen nauk. Hemen lanean hasi nintzenean, ‘a mi cambiame’, esan nioan arduradunari». Santo Domingon egon, Estafetan egon edo dena delako lekuan egon, argazkirik onenaren bila joaten dira. «Baina oso zaila duk esklusiba lortzea. Orain, hori bai: heuk bakarrik baldin baduk egundoko argazkiren bat, argazki hori saltzen diok agentziren bati eta milioiak irabaziko dituk. Gero lanera etorriko ez nauk ba! Iaz, dios, bat mundiala atera nian, baina beste batek hobea zian eta hari eman ziotean», dio irribarrez.

8:25. Behin erroiluak en-tregatuta, gosaltzera abiatzen dira denak ere. Zezenplaza atzean du autoa Vicente Larunbe argazkilariak eta harekin abiatu da Joxe Ramon. Gutxi hitz egin dute entzierroaz; gehiago beste kontuez. Zezenplaza parean Lalo Moreno, entzierroko dobladorea ikusi du Joxe Ramonek, eta, galanta da: ezaguna du hura ere. Diosala beroa egin dio. «Urteak dituk ez nintzela Lalorekin egoten. Batera ikasi genian hemen, Iruñean». Ikasle baino dobladore hobea omen da Lalo Moreno; toreatzaile ere probatu zuen, 34 urterekin hartu zuelako alternatiba. Orain dobladore, lehen toreatzaile, gaztetatik Joxe Ramonen laguna, «eta betidanik Gaztelu Plazako La Perla hoteleko semea. Ondo bizi da».

8:45. Uharten gosaltzen dute argazkilari hauek, Don Carlos hotelean. Iruñetik gertu dago, autoz hamar minutu pasatxora, Burlata eta Atarrabia pasatu ostean —bidenabar esan Miguel Indurainen gurasoen baserritik gertu dagoela—. «Qué queréis? Ajoarriero? Callicos? Rabo de toro?... De entrada un caldico?...», galdetu du kamareroak. Jendea gose da eta han atera dizkiete tripakiak, ajoarrieroa... Joxe Ramonek salda eskatu du lehendabizi, eta geroko «un poquico» jan nahi du, «Jefe, has oido, no? Un poquico»; pare bat arraultza, hirugiharra eta tomatearekin dira un poquico. Bukaeran kafea ere hartu dute. Bapo daude, patxadan, entzierroko tentsiotik libre. Detaile batek deitzen du atentzioa: Joxe Ramon da kuadrilako izarra; Uztarriarekin solasean egon den bitartean, lagun jatorrek hiru bat aldiz eskatu diote ‘Joserra-ri’ —hala deitzen diote— hitzaspertura hurbiltzeko. «Tranquilos, colegas, que enseguida os daré guerra».

9:45. Diario de Noticias-era abiatu dira denak. Uharten bertan dago. «Gaur zortea izan diat. Gaur laboratorioan tokatzen zitean lan egiteko, eta igoal eguerdiko hamabiak arte bai egon behar lanean. Baina heu etorri haiz eta laster joango gaituk hemendik». Aurreko egun batean ateratako argazkiak bilatu nahi ditu Joxe Ramonek, argazkilari hauek dena gorde nahi dutelako, izan ere. Eta bere ustez aurkitu ditu. Egunkariaren egoitza uztera doala argazki-arduradunak galdetu dio ea aurkitu al dituen argazki horiek, eta Joxe Ramonek baietz, hauek direla. Orduantxe zorte txarra: argazkiak arduradunarenak izan! «Ia ederra egin diat orduan».

10:30. Bost ordu eta gero, etxera itzultzeko garaia, autoan, Vicente Larunberekin. «Egunkariak eta ogiak neuk eramaten ditiat etxera, eta orduantxe lasaitzen nauk pixka bat. Dutxatu, bizarra moztu, eta entzierroa ikusten diat; andreak beti grabatzen zidak entzierroa. Gero egunkariak irakurtzen ditiat. Lau: Diario de Noticias, Diario de Navarra, Gara eta Egunkaria. Sanferminetako kontuak irakurtzen eta ikusten ditiat, batik bat entzierroetako argazkiak». Orduan bukatzen da Joxe Ramonen eguneko lehen etapa; Joxe Ramon argazkilariaren etapa, hain zuzen. Gero Joxe Ramon senar eta aitaren etapa hasten da. Baina, harritzekoa, argazki kamera poltsikoan duela. «Hala ere, lehen aldean lasai ibiltzen nauk kamerarekin; lehen arratsaldean ere ibiltzen nituan erreportaiak-eta egiten. Orain ez. Beti diat kamera soinean, sanferminek gauza askotarako ematen dutelako, baina lasai, gustura». Anbientien.