Zaborrekin zer?

Idoia Mendizabal

Gehienok ikusi dugu kamioia zaborren edukinontzia husten, baina nora demontre joaten ote da? Guri zer axola, ezta? Zabor poltsa begi bistatik galdu bezain laster ahazten gara. Gure ardura bakarra kaleak zabor poltsez beteak ez ikustea da. Pentsakera hori aldatu beharrean gaude, egun zaborrak ondo kudeatzen ez baditugu arazo larriak izan baititzakegu.

Gipuzkoan, zaborrak zabortegietara eramaten dira. Mendi aldean kokatutako eta zaborrak jasotzeko prestatutako lekura. Han egunero txikitu eta zanpatu egiten dira, usteldu eta leku gutxiago okupatu dezaten. Ondoren lur geruzaz estaltzen dira, haizeak zaborra ez zabaltzeko, usaina ez zabaltzeko, eta intsektu-eta bestelako animaliak ez ugaltzeko.

Urola Erdialdeko Mankomunitateko zaborrak, hau da, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil, Beizama eta Bidegoianekoak, Lapatx zabortegira eramaten dira. Estatistikei kasu eginez, gutariko bakoitzak kilo bat zabor sortzen dugu egunean. Pentsa zenbat zabor iristen den egunero zabortegira! Noiz arte jarraitu ahal izango dugu horrela?

Zabortegiek bizitza bat dute. Betetzen denean, itxi eta beste leku bat bilatu behar izaten da. Beraz, zer egin dezakegu inguruneak zaborrez bete ez daitezen?

  1. Sortzen dugun zabor kopurua MURRIZTU: Hau da irtenbiderik garrantzitsuena.
  2. Gauzak zaborretara bota aurretik ea BERRERABILI ditzakegun ikusi.
  3. Aurreko bi irtenbideak praktikan jartzen saiatu ondoren, zaborrak BIRZIKLATU behar ditugu. Birziklatuz osagaiak berreskuratzen ditugu, eta horrela naturako baliabideak aurreztea lortzen dugu.

Ekainean 4R Fundazioak zaborren kudeaketa egokiari buruzko sentsibilizazio eta informazio kanpaina burutuko du. Honen barruan Arazi Ingurugiro Zerbitzuak kooperatiba Elkarteak burutuko dituen ekintzekin.